Zenbateraino aldatuko dituzte hizkuntza-teknologien forma berriek gure komunikazioa eta hizkuntza bera? HITZ Zentroko ikertzaileak bide berriak urratzen

Argitaratua: osteguna, 2021(e)ko maiatzaren 20(e)an, 08:18(e)tan
The Dawn of the Human-machine Era

Zertzelada bat testuinguruaz

“Gizaki-Makina Aroa” dator laster; hau da, teknologia gure zentzumenekin integratuko den unea, ez gailu mugikorretara mugatua. Bestela esanda; hardwarea gure eskuetatik gure begi eta belarrietara mugituko dela esan nahi du. Horrela, betaurreko eta entzungailu adimentsuek beste pertsona baten hitzak itzuli ahal izango dituzte, eta zure hizkuntzan zurekin hitz egiten ariko balira bezala emango du. Gainera, teknologiak denbora errealean ikusten, entzuten eta esaten dugunaren bitartekaritza egiteaz gain, gero eta elkarrizketa konplexuagoak izango ditu gurekin. Beraz, gaur egungo garapenetan eta teknologian aurreikus daitezkeen garapenetan oinarrituta, giza komunikazioaren berehalako bi aldaketa deskriba daitezke: teknologien bidez hitz egitea eta teknologiekin hitz egitea.

Hau da lehenengo aldaketaren ondorioa: gailu eramangarriek era aktiboan parte hartuko dutela gure elkarrizketetan. Laster ez diegu gure eskuetan ditugun telefono mugikorrei arretaz begiratuko; informazio hori “begiko ñimiñoetatik” agertuko da gure begien aurrean. Entzungailu adimendun berriekin konbinatuta, inguruko munduari buruzko informazio gehigarria ikusi eta entzungo dugu: oinarrizko gauzak, bidaia-helbideak, eta areago oraindik, beste hizkuntza batzuetan hitz egiten duten pertsonen itzulpen automatikoak, esaterako. Honela azaltzen du Dave Sayers-ek: “gure hitzak anplifikatu, argitu, itzuli eta azpititulatu egingo dira hitz egiten dugun bitartean; eta beste pertsona batzuek hori ikusi eta entzungo dute haien teknologia okular eta entzumenezkoaren bidez.”

Bigarrenari dagokionez, txatbotekin pantailetan hitz egingo dugu —eta hurrengo belaunaldiko errealitate birtualean pertsonaia errealen modukoekin ere bai—. Horiek gaurko txatak baino askoz adimentsuagoak izango dira, elkarrizketa konplexuetarako prest, arazoen bidez pentsatzen lagunduz, planak eztabaidatuz, desengainuak arinduz eta arrakastak ospatuz. Horrek guztiak ondorio izugarriak ditu hizkuntzarentzat Saversen iritziz.

Zer da LITHME

Testuinguru horren aurrean,  Language in the Human-Machine Era  (LITHME) ikerketa-sare berria dugu. 2020ko urrian hasi zen lanean, COST action egitasmoaren barruan. Etorkizunari buruz ari da LITHME; aurki gure artean izango ditugun teknologia berriez, alegia. Hauek dira, labur-labur adierazita, LITHMEk landutako galderetako batzuk: 

  • Zer eragin izango dute komunikazio-aldaketa horiek, pertsonak hizkuntza jakin batzuekin identifikatzeko edo elkarrizketa batean txandatzeko?
  • Nola eragingo dute hizkuntzak ikasteko, testuak itzultzeko edo legeak idatzi eta interpretatzeko moduetan?
  • Denbora errealeko hizkuntzaren teknologiekiko menpekotasun handiak alda lezake hizkuntzaren egitura?
  • Epe luzera, garun-makinen interfazeetako garapenek hizkuntza osatu edo are gehiago, ordezka lezakete?

LITHME

Sarearen buru den Dave Sayersek hauxe dio: “teknologia berri horiek hizkuntza erabiltzeko modua, elkarrekin hitz egiteko modua, informazioa bilatzea eta ordenagailuekin elkarreraginean jardutea aldatuko dute.” Honako hau ari da aztertzen sarea zehazki: arestian aipatutako aurrerapen teknologiko horiek nola alda dezaketen gure eguneroko komunikazioa eta, azken batean, norberaren hizkuntza. Lehendabiziko emaitza, berriz, maiatzean plazaratu den txosten bat dago.

Hizkuntzalarien eta teknologia-adituen arteko tartea murriztu nahi du LITHMEk. Hala, hizkuntzalariek ikuspegi teknologiko hobeaz janzteko aukera izan dezakete, eta teknologoek, berriz, sortzen ari diren teknologiek izan ditzaketen ondorio linguistiko eta sozialak hobeto uler ditzakete. 52 herrialdetako kideak daude sarean egun, hizkuntzaren ikerketa-arlo desberdinen araberako zortzi lan-taldetan banatuta. Horien artean, “Hizkuntzaren ikaskuntza eta irakaskuntza” deritzona dago eta honetan, hain zuzen, ari da HITZ zentroko zenbait kide parte hartzen.

HITZ Zentroa

"The Dawn of the Human-machine Era” txostena

BideanThe Dawn of the Human-Machine Era lehen urrats garrantzitsu gisa, “The Dawn of the Human-Machine Era” (Gizaki-Makina Aroaren egunsentia) izeneko txostena argitaratu berri du LITHMEk; hizkuntza-teknologiaren eta hizkuntza-ikerketaren arloko dozenaka adituren informazioa biltzen da bertan eta sarbide irekikoa da dokumentua. Txostenak hainbat hizkuntza-teknologiaren egungo egoera eta etorkizuneko ibilbide probableak deskribatzen ditu —hizkuntzaren modalitate idatzi, ahozko, haptiko eta zeinu bidezkoa—. Argitalpenak autoritatekoa ez ezik, irisgarria ere izan nahi du. Hizkuntzako eta teknologiako profesionalei zuzendua da, baina baita politikariei eta, oro har, gizarteari ere bai. Aipagarria da beharbada inoiz elkarrekin lan egingo ez zuten ikertzaileek ekoitzitako dokumentu bat dugula eskuartean.

Aukera zirraragarriekin batera erronkak etorriko dira. Txostenak gai kritikoei buruzko informazioa ematen du, hala nola teknologietara sartzeko desberdintasunak, pribatutasuna eta segurtasuna, eta iruzur eta krimen-modu berriak. Bestalde, Sayersek kezka hauek plazaratzen ditu: “Ohiko arazoei aurre egin beharko diegu, nork egin ahalko dien aurre azken aldaketei. Gainera, gailu horiek gutxiago funtziona dezakete hizkuntza batzuetan, edo batere ez beste hizkuntza batzuetan”.

Halaber, jendeari etorkizuneko teknologiari buruz kontu handiz pentsarazi nahi zaio. Izan ere, denak ez dira aurrerapen horien onuradun izango, eta gutako batzuk oso atzean geldituko gara. Gainera, aurrerapena azkarragoa da munduko hizkuntzarik handienetan, hala nola ingelesez edo txineraz. Bien bitartean, zeinu-hizkuntzak askoz konplexuagoak dira makinek uler ditzaten; beraz, aurrerapena askoz motelagoa izango da oraindik.

Esandako guztia aintzat izanik ulertuko dugu, hortaz, zein garrantzitsua den gure herrialdeak LIHTME bezalako ekimen batean ere parte hartzea.



Erreferentzia bibliografikoa:

  • Sayers, D., R. Sousa-Silva, S. Höhn et al. (2021). The Dawn of the Human-Machine Era: A forecast of new and emerging language technologies. [Txostena] EU COST Action CA19102 ‘Language In The Human-Machine Era’. https://doi.org/10.17011/jyx/reports/20210518/1

Oharra:

HITZ Zentroko eta LITHME proiektuko kide dira Jose Mari Arriola eta Mikel Iruskieta, sarrera honen egileak.

Beste eduki interesgarriak

LIHTME

Nolakoa izango da komunikazioa Gizaki-Makina Aroan? (animazioak eta inkesta)

"Language in the Human-Machine Era" (LITHME) egitasmoaren berri eman genizuen duela urtebete plazaratu genuen sarrera batean. Halaber, ikerketa-sare horren "The Dawn of the Humane-Machine Era" ("Gizaki-Makina Aroaren egunsentia") txosten esanguratsua zabaldu nahi izan genuen euskal komunitatean. Oraingoan, berriz, jorratutako ikerlerro nagusiak ilustratzeko egindako animazioak ikustera gonbidatzeaz gain, inkesta betetzea proposatzen dizuegu. Izan ere, hizkuntza eta teknologia erabiltzen dituzten etorkizuneko agertokiei buruz dituzuen iritziak jaso nahiko genituzke.