Nolakoa izango da komunikazioa Gizaki-Makina Aroan? (animazioak eta inkesta)

Argitaratua: Wednesday, 1 June 2022, 11:38 AM
LIHTME

Language in the Human-Machine Era  (LITHME) egitasmoaren berri eman genizuen duela urtebete plazaratu genuen sarreran. Halaber, ikerketa-sare horren txosten esanguratsu hau zabaldu nahi izan genuen euskal komunitatean: The Dawn of the Humane-Machine Era ("Gizaki-Makina Aroaren egunsentia"). Oraingoan, berriz, jorratutako ikerlerro nagusiak ilustratzeko egindako animazioak ikustera gonbidatzeaz gain, inkesta betetzea proposatzen dizuegu. Izan ere, hizkuntza eta teknologia erabiltzen dituzten etorkizuneko agertokiei buruz dituzuen iritziak jaso nahiko genituzke.

Negozio-bilera edo hitzordu batean makina batean konfiantza izango zenukete? Onartuko al zenukete makina batek hitzik gabe "hitz egiteko" dituzuen pentsamenduak irakurtzea? Horiek eta etorkizunetik hurbil dauden beste egoera batzuk aztertzen dira Language in the Human-Machine Era (LITHME) ikerketa-sareak sortutako animazioetan. Laster hizkuntza erabiltzeko modua aldatuko duten teknologia eraldatzaileak erakusten dituzte bideoek. Horrez gain, LITHMEren nazioarteko inkestan parte hartzeko gonbita egiten zaie ikusleei, haien iritziak partekatzeko eta munduaren inguruan besteek esaten dutena ikusteko.

Errealitate areagotua eta birtuala azkar ari dira hobetzen, leiar adimendunetan eta bestelako gailu eramangarrietan txertatuta. Teknologia laster pasatuko da gailu mugikor eramangarrietatik gure begi eta belarrietara. Murgiltze-teknologia horiek gero eta  bitartekotza handiagoa izango dute ikusten, entzuten eta sortzen dugun hizkuntzan. Epe luzera, interfazeak garatzeko makinari esker, "hitz egin" gabeko interakzioa lortuko da. Horretarako prest gaude? Hizkuntza, askotan, gizaki gisa definitzen gaituen zerbait dela pentsatzen denez, desberdin pentsatuko al genuke geure buruaz eta erabiltzen ditugun hizkuntzei buruz?

EBko "Language in the Human-Machine Era" (LITHME) COST ekintza-sareak teknologiek, berriek eta sortzen ari direnek, gure eguneroko komunikazioan eta, azken batean, hizkuntzan bertan duten eragina aztertzen du. LITHMEk 52 herrialdetako 300 kide baino gehiago ditu, EBko 27 estatu kideak eta kontinente guztietako beste herrialde batzuk barne. Hizkuntza-teknologia berriek izan dezaketen bilakaera erakusten duen 2021eko txosten publikoan oinarrituta, LITHMEk etorkizuneko agertoki horietako batzuk erakusten dituzten lau animazio labur kaleratu ditu orain. Teknologia eraldatzaile horiek orokortzen direnean, bizitza nolakoa izango den pentsatzeko diseinatuta daude.

Arestian esan dugun bezala, animazioekin batera, LITHMEk on line inkesta bat egin du gai horiei buruzko iritzi publikoak ebaluatzeko. Animazio bakoitzak atal bat du inkestan, eta ikusleek nahi adina osatu dezakete. Animazioak eta inkestak helbide honetan daude eskuragarri: https://lithme.eu/animations.

LITHMEko zientzia-komunikazioko koordinatzaile den Kais Allkivi-Metsojak (Tallinn University, Estonia) iruzkin hauek egin ditu: bideoen eta haiei buruzko inkestaren helburua da jendeari erronka egitea datozen teknologiek bultzatutako aldaketei buruz modu aktibo eta kritikoagoan pentsatzeko. Espero dugu ikusleak pertsonalki erlazionatzea gaur egun prototipo gisa garatzen ari diren hizkuntza-teknologien eragin soziala islatzen duten ikusizko istorio horiekin”. Halaber, hau erantsi du:  inkestak etorkizuneko ikerketei buruzko informazioa emateko balio du, eta espero dugu lagunduko digula hizkuntzalarien eta teknologia-garatzaileen arteko elkarrizketa estuagoa izaten.

Animazioek eta inkestek gai hauek lantzen dituzte:

1. Elkarrizketa areagotua eta itzulpen automatikoa.

Etorkizun hurbilean, errealitate areagotuko betaurreko hobetuek arazorik gabe alda ditzakete inguruko ahotsak, eta, aldi berean, inguruari buruzko informazio gehigarria eman. Gailu horrek beste hizkuntza batzuk denbora errealean hitz egiten dituzten pertsonen adierazpenak itzuliko lituzke, eta haien ahoko mugimenduen itxura aldatuko luke, itzulpena berdintzeko.

2. Hizkuntzen ikaskuntza errealitate birtualean.

Hizkuntzen ikaskuntza errealitate birtualean gertatuko balitz, posible litzateke hizketaren itzulpen automatiko eta teknologia hobea duten pertsonaia birtual adimendunekin elkarreraginean aritzea. Pertsonaia horiek simulaturiko agertoki "normaletan" erakutsi eta hitz egin diezazukete. Inoiz ez lirateke aspertuko edo urduri jarriko, eta, zorionez, galderak eta esaldiak errepikatuko lituzkete.

3. Irisgarritasuna eta berdintasuna hizkuntza-teknologia berrietan.

Bideo honetan, etorkizuneko hizkuntza-teknologiekin izan daitezkeen desberdintasun batzuk erakusten dira. Hasiera batean, teknologia horiek, seguruenik, hobeak eta oparoagoak izango dira baliabide digital asko dituzten hizkuntzetan (ingelesa, gaztelania...) beste hizkuntza "txikiago" batzuetan baino (euskara, yoruba...). Eta, urte askoan, teknologia ez da zeinu-mintzairarako bezain eraginkorra izango.

4. Adimena irakurtzeko eta hitz egin gabe hitz egiteko teknologia.

Eta hitz egin edo mugitu beharrik izango ez bazenu komunikatzeko? Burmuina-makina interfazeak lirateke datozen aldaketetan zailenak ikusteko, baina garuneko seinaleak hitzez itzultzeko prototipoak hor daude. Teknologia garatu ahala, burura konektatutako sentsore txiki samarrekin funtziona dezake, edo beste nonbait ezkutatutako sentsoreekin. Elkarrekin eta makinekin komunikatu ahalko bagina, hitz bat ere esan gabe; hizkuntza erabiltzen jarraituko al genuke?

Laburbilduz: sarreran aipatu bezala, ikusi hizkuntza eta teknologia erabiltzen dituzten etorkizuneko zenbait agertokiri buruzko animazioak eta anima zaitez zure iritzia adieraztera.

LITHME inkesta

(Oharra: bideoak eta inkesta ingelesez daude)

Beste eduki interesgarriak

The Dawn of the Human-machine Era

Zenbateraino aldatuko dituzte hizkuntza-teknologien forma berriek gure komunikazioa eta hizkuntza bera? HITZ Zentroko ikertzaileak bide berriak urratzen

Hurbil dugu teknologia gure zentzumenekin integratuko den unea; ondorioak izango ditu komunikazioan eta hizkuntzan. Testuinguru horren aurrean, "Language in the Human-Machine Era" (LITHME) ikerketa-sare berria dugu lanean 2020ko urritik; bertako partaide dira, besteak beste, HITZ Zentroko zenbait kide. Txosten bat plazaratu berri dute: "The Dawn of the Humane-Machine Era" ("Gizaki-Makina Aroaren egunsentia").