Unitate didaktiko bat planifikatzea

Argitaratua: Tuesday, 3 March 2020, 4:22 PM
L de Lengua

Neus Sans eta Pablo Garrido izan dira L de Lenguaren 133 podcasteko gonbidatuak; unitate didaktikoaren planifikazioa izan dute hizketagai. 

Unitate didaktikoaren definiziotik abiatu dira, eta hurbileko beste kontzeptu batzuetatik bereizi, "ataza" eta "jarduera" besteak beste; makroagoa, maila altuagokoa da unitate didaktikoa.  Hala, jarduera-sekuentzia antolatzeko modu bat litzateke atazen araberako ikuspegia. Martin Peris aipatuz, maparen metafora erabili dute unitate didaktikorako; ez da, beraz, bidaia bera, lan-plana edo ibilbidea baizik.  

Unitate didaktikoaren osagaiei erreparatuz gero, hiru hanka izan beharko luke material orok bi aditu horien ustetan:

      • Aurkeztutako testuak: ikasleari eskaintzein zaizkion testu-laginak (ahozkoak, idatziak).
      • Sortutako testuak: ikaslearen ekoizpen linguistikoak lortu nahi dira, testu idatziak zein ahozkoak; bestela esanda, hizkuntzaren erabilera komunikatiboa.
      • Alderdi linguistikoetan fokalizatzea, oinarrizkoak diren gai linguistikoak, osagai gramatikalak. 

Hiru hanka horien diseinua ez da bereizirk egon behar, koherentzia ezinbestekoa baita. Beste alde batetik, behaketa, hausnarketa eta ekintzaren artean ez dute muga argirik ezartzen elkarrizketatuek; ondorioz, erabilera eta komunikazioa urrats guztietan beharrezkoak direla uste dute, azkenera arte utzi gabe. Ekintza eta adierazgarritasuna dira azpimarratu dituzten beste bi kontzeptu; hizkuntz formaren praktika ona ere bai.

Eta unitatearen haria? Jarduerak ezin dira loturarik gabekoak izan, eta, arestian esan bezala, sekuentzian dauden osagaien artean koherentzia behar da. Elkarri elikatu behar diote osagai horiek, erredundantzia ere behar da, baina aspergarri izan gabe: askotariko hizketa-dinamikak, gaiak... Elkarreragina izango da, beste testu batzuekin edo beste pertsona batzuekin.

Testuen gaiaz, ekoizpenerako eredu behar dutela izan diote, bidea argitu nolabait esateko. Horra hor testu egokiak hautatzearen garrantzia. Eta aldea badago benetako ahozko testuak direnean edo aldez aurretik idatzi eta ozenki irakurritakoak. Halaber, lexikoaren garrantzia ez da ahaztu behar, baina erabiliko den lexikoa. Eta gaur eguneko joerak aintzat hartuta, Interneten sortzen diren testu mota berriak ere aintzat hartu  beharko lirateke; adibide gisa, ohiko curriculum vitaea idaztetik bideocurriculuma egitea aipatu dute, edo bideotutorialak. Azken finean, honelakoak ere integratu proposamenetan. Erronken artean azaleratu dutenetako bat: pertsonak aukeratu egiten du zein testu irakurri edo entzun; manualetan, berriz, aukeratua datorkio testua.

Materialak sortzeko garaian kontuan izan behar da ez direla hutsetik eraikitzen; hartzailea zein den hartu beharko da aintzat, neurri batean gutxienez, zein den tradizio kulturala, zeintzuk irakasleen usteak. Beste alde batetik, materialek testuinguru jakinera hurbilduko dute.  

Diseinu grafikoaren esparrua azpimarratu dute Sansek eta Garridok, eta horrek eskaintzen duen informazio paratestuala; horrekin batera, erabilitako irudien garrantzia. Grafismoaren egiantza eta kulturarekin duen lotura ere kontuan hartu beharra dago.

Adierazi dituzten aholkuen artean koherentzia izan da errepikatu duten kontzeptua (testuen artean, funtsezko hiru hanken artean) .Hortaz gain, helburu argiak izatea: zer nahi dugun ikasleak egitea, unitatearen amaieran zer egiten jakin beharko duen ekintzaren eta komunikazioaren ikuspegitik.

Bukatzeko, Criterios para la evaluación y el diseño de materiales didácticos para la enseñanza de ELE  testua gomendatu dute sakondu nahi duenarentzat. Neus Sansek berak emandako tailer baten laburpena dago bertan jasota eta duela urte batzuetakoa izan arren, badu oraindik interesik. 


Podcasta: LdeLengua 133. Planificar una unidad didáctica con Neus Sans y Pablo Garrido.