Testu-ereduak B2 Irakurmena: Oihal tornasolatua

Argitaratua: Tuesday, 14 February 2017, 8:12 AM
irakurmena b2

Ekintza komunikatiboa: Eleberri batean, pertsonaia batek deskribatzen duen egoera eta horrek eragiten dizkion sentimenduak ulertzea

Oihal tornasolatua

Ukabilkada egundokoa izan zen. Neure onetik atera ninduen. Orduak neramatzan lo egin ezinik, ohean jira eta bira, izara artean korapilatzen. Eta bera nire ondoan, aingerutxo bat bailitzan, lo seko. Eta zer eta halako batean ez dit, bada, kristoren ukabilkada ematen! Bultza egin nion, indar guztiekin. Baina ez zen mugitu ere egin. Ez zuen hitzik esan. Bortitzago bultzatu nuen, ohetik bota arte. Baina inozo halakoak, lurrean, alfonbra zatar eta latz haren gainean lo jarraitu zuen. Beti bezala.

 

Hamaikatxo urte generamatzan ezkonduta eta honezkero ohitua egon beharko nuen. Baina ez. Gero eta jasangaitzagoa egiten zitzaidan. Gauero-gauero pelikula bera izaten zen. Hilean behin-edo, gidoia pixka bat aldatzen zen, larrutan egiten genuenean. Bueno, larrutan egin edo… Ohean etzaten nintzen, bera gainean jartzen zen eta “a,a,a,a,a,a,a” trixte batzuk disimuluan esanez husten zen nire barruan. Arraio demonio! Ez al zen konturatzen nik ez nuela ezertxo ere sentitzen! Bai zera! Nahikoa zuen bere hileroko deskargarekin, eta gero, bada betikoa, lo seko. Eta txortan egiten ez genuenean, lo seko baita ere, pilula mordo bat hartu eta gero, hori bai.

 

Teresak, 3. pisuko bizilagunak esaten zidan amorante bat bilatu behar nuela, merezita neukala. Eta senarrak ere merezita zeukala. Kontua da amorantea topatzea ez zela batere erraza. Ni aspalditxo erretiratua nengoen merkatutik eta ez nuen asmatuko ez nondik nora ibili ezta zer esan ere. Lotsa sentitzen nuen burutik pasatzen zitzaidan bakoitzean eta, egia esan, desiorik sentitzen ez nuen arren, senarraren eskuak ezagunak zitzaizkidan eta gizon arrotz baten besoetan deseroso sentituko nintzela uste nuen.

 

Osoro, Jasone

“Korapiloak” (2001, Elkar)

Oihal tornasolatua (29-30 or.)