Testu-ereduak B1 Irakurmena: Alpeak

Argitaratua: Wednesday, 13 January 2016, 3:50 PM
irakurmena b1

Ekintza komunikatiboa: Informazioa eskuratze aldera, entziklopedietako definizio eta jakingarriak ulertzea.

Alpeak


Alpeak: Europako mendikatearik altuena. Mediterraneotik Vienarainoko arkua osatzen du; 1.100 km eta 300.000 km2. Mendirik altuena Mont Blanc da (4.807 m). Frantzia, Italia, Suitza, Alemania, Liechtenstein eta Eslovenia artean banatuta daude. Hiru ibai nagusi jaiotzen dira bertan: Rhin, Rodano eta Po.

4.000 m-tik gorako mendiak asko dira: Mont Blanc, Monte Rosa, Cervino, Jungfrau, Ecrins mazizoa, etab. Klima gogorra da altitude eta prezipitazioengatik (elurra). Landaredia mailakatua dago: 2.000 m-ko altitudera arte, basoa; gorago, larreak; eta 3.000 m-tik gora, harkaiztegiak eta elur iraunkorrak. Baldintza naturalak gogorrak diren arren, antzinatik bizi izan da jendea Alpeetan.

Ekonomia tradizionala, halabeharrez, autarkikoa da. Artisautzak (erlojuak, altzariak, jantziak, egurra, larrua) garrantzia du; turismoari begira, batik bat. Garraiobideen hedapenak hautsi zuen mendietako bakardadea. Trena XIX-XX. mendekoa da, eta 1960tik aurrera eginak dira tunelak (San Gotardo, San Bernardino, Mont Blanc, San Bernardo Handia, Alberg, Frejus) eta autobideak. Turismoa (negukoa eta udakoa) da Alpeetako jarduera ekonomikorik handiena, eta baita jendeari bertan eusteko arrazoietako bat ere. Herriak berregin dira eta mendi-estazioak sortu.

Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa

Alpeak sarrera

(Moldatua)