"Teaching Languages to Students with Specific Learning Differences" liburua (J. Kornos eta M. A. Smith)

Argitaratua: Tuesday, 29 October 2024, 10:21 AM
LIburuaren azala

Teaching Languages to Students with Specific Learning Differences liburuaren ideia nagusia da hizkuntza-irakasleek ikasteko zailtasun espezifikoak dituzten pertsonekiko gero eta kontzientzia handiagoa dutela eta hizkuntzen irakaskuntza inklusiboari buruzko ezagutza ere areagotu egin dela azken urteotan hizkuntza-irakasleen artean. Nolanahi ere, oraindik ere ohikoa da ikasteko zailtasunak dituzten ikasleak hizkuntzak ikastetik salbuetsita geratzea, ikasketa horiek euren irismenetik kanpo daudela argudiatuta. Hala ere, badakigu, hizkuntza-irakasle askok ez dituztela ikasteko zailtasun espezifikoak dituzten ikasleen beharretara egokitzeko behar diren tresna pedagogikoak.

Aurretik esandakoari jarraikiz, liburu honek hizkuntza-irakasleei lagundu nahi die ikasteko zailtasun espezifikoak dituzten ikasleekin modu eraginkor eta arrakastatsuan lan egiten. Helburu hori lortzeko, beharrezkoa da irakasleek ulertzea desberdintasun horiek nola eragiten dioten bigarren hizkuntza eskuratzeari. Gainera, hizkuntza-irakasleek ondo ezagutu behar dituzte hizkuntzak ikasteko arrakasta sustatzen duten irakaskuntza- eta ebaluazio-metodoak eta -teknikak.

Liburuaren hasieran, desgaitasunarekiko hainbat jarrera islatzen dituzten diskurtsoak aztertzen dira, eta, ondoren, dislexiaren, dispraxiaren, diskalkuliaren, arreta-gabeziaren nahasmenduaren edo hiperaktibitatearen eta autismoaren izaera eta ezaugarri nagusiei buruzko eztabaida sakona egiten da, baita horietako bakoitzak hizkuntzen ikaskuntzan izan ditzakeen ondorio espezifikoen azterketa ere. Liburuaren gainerako atalek zailtasun horiek dituen hizkuntza-ikasle baten ibilbidea marrazten dute.

Hirugarren kapituluan, ikasteko zailtasunei lotutako faktore kognitiboek hizkuntzen ikaskuntzan nola eragiten duten azaltzen da, eta zailtasun horiek hizkuntzak ikasteko prozesuetan izan ditzaketen ondorio emozional eta motibazionalak ere deskribatzen dira. Jarraian, ebaluazio-prozesuaren ikuspegi orokorra ematen da.

Bosgarrenean, zereginen antolaketa azaltzen da, labur. Kapitulu horren ardatza da irakasleen jokabideak eragin positiboa izan dezakeela ikasteko zailtasun espezifikoak dituzten ikasleen hizkuntzak ikasteko esperientzietan, eta ikaskuntzan autonomia eta autorregulazioa garatzen lagundu diezaiekeela.

Hizkuntzak irakasteko metodoak deskribatzen dira seigarren kapituluan; ikasteko gaitasun espezifikoak dituzten ikasleek hizkuntzak hobeto ikas ditzaten. Ikaskuntza egituratu multisentsorialaren ikuspegia aurkezten da, ingelesaren irakurketa-trebetasunen eta ortografiaren irakaskuntzan.

Zazpigarren kapituluari ebaluazio-moten deskribapen labur batek ematen dio hasiera. Ondoren, baliozkotasunaren eta inpartzialtasunaren nozioak aztertzen dira, baita hizkuntza-gaitasunaren azterketetako egokitzapenak eta doikuntzak ere. Kapituluaren amaieran, xehetasun handiagoz azalduko dira ikasteko zailtasun espezifikoak  dituzten ikasleen hizkuntza-gaitasuna ebaluatzeko erabil daitezkeen ikasgelako ebaluazio-prozedurak.

Hau da, edozein hezkuntza-testuingurutan, ikaslea bultzatu behar da hurrengo hezkuntza-mailarantz edo lan-mundurantz aurrera egitera. Beraz, azken kapituluan gai hori aztertzen da, zenbait iradokizun egiten dira ikasleei laguntzeko eta eskolako zein unibertsitateko etapa bakoitzean arazorik gabe aurrera egiten laguntzeko eta, azken batean, enplegurako bidea errazteko.


  • Argitaletxearen laburpena:

Liburu honen helburua da laguntzea hizkuntza-irakasleei ikasteko zailtasun espezifikoak dituzten ikasleekin modu eraginkorrean eta arrakastatsuan lan egiten. Aukera ematen die sakon ulertzeko irakasleei ikasteko zailtasun espezifikoen izaera eta nola eragiten dieten, bai ikaskuntza-prozesu orokorrei, bai bigarren hizkuntza bat eskuratzeko mekanismoei. Gainera, hizkuntzen ikaskuntzan arrakasta sustatzen duten irakaskuntzako eta ebaluazioko metodo eta teknika inklusibo partikularrak aztertzen dira liburuan.

Hizkuntzen irakaskuntza gizarte- eta hezkuntza-testuinguru zabalago batean integratuta dago, eta, beraz, liburuak eztabaida sakona eskaintzen du desgaitasunen identifikazioari eta dibulgazioari eta erakunde batetik besterako trantsizioei lotutako hezkuntza-gai orokorrei buruz. Edukia guztiz eguneratu eta berrikusi da bigarren ediziorako, bereziki pedagogia inklusiboen, ebidentzian oinarritutako metodo eta tresna berrien eta neurodibertsitatearen kontzeptualizazio berrien arloetan. Liburuak ebaluazioari, trantsizioari eta progresioari buruzko azken ikerketak ere jasotzen ditu, baita ikasteko zailtasun espezifikoek hizkuntzen ikaskuntza osagarrian duten eragina ere.

 

HABE liburutegian.



Erreferentzia bibliografikoa:

Kornos, J., Smith, A. M. (2024). Teaching Languages to Students with Specific Learning Differences. Multilingual Matters. 2nd Edition.