Didakteka
"ChatGPT y educación universitaria: posibilidades y límites de ChatGPT como herramienta docente" (Ribera, M. eta Díaz Montesdeoca, O. [koord.])
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Area of knowledge:
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Area of knowledge:
- Gakoak:
- Bisitak: 594
- Iruzkinak: 0
- Gogokoak: 0
Adimen artifiziala (AA) gero eta indar gehiago hartzen ari da gizartean. ChatGPT bezalako erremintek lekua hartu dute publiko orokorraren egunerokotasunean, baita ikasle eta irakasleen artean ere. Hain zuzen ere, AAren iraultza horren oinarriei eta esparru akademikoan dakartzan aukerei heltzen die sei atalez osatutako liburu honek.
Aipagarria da liburua Open Access erakoa dela, alegia, doan dagoela eskuragai online eta Creative Commons lizentzia batekin (by-nc motakoa) argitaratu dela.
1. Sarrera
Argitalpenaren koordinatzaileek (Mireia Ribera eta Oliver Díaz Montesdeoca) liburua argitaratzeko arrazoiak azaltzen dituzte, AAren hedapenak ekarritako espektatiba handien testuinguruan kokatuz. ChatGPT aplikazioaren definizio labur bat ematen digute: txatbot erako aplikazioa da, elkarrizketa naturalak simulatzeko gai dena. Txatbot teknologiek hezkuntza-arloan izandako bilakaera errepasatzen dute, eta AAren ekarpen potentzialak hiru esparrutan sailkatu: irakaskuntza, ikerketa eta kudeaketa. Azkenik, erreminta horiek ondo baliatzeko erronkez dihardute.
2. ChatGPT erabiltzeko jarraibide praktikoak
Eloi Puertasek ChatGPTren oinarrizko funtzionamendua azaltzen du, eta haren ezaugarri nagusien berri eman: txatbot edo elkarrizketa-agentea, testu-sortzailea, testuen itzulpena zein berregituraketa, eta bestelako funtzioak. Aplikazioak dituen mugak ere erakusten ditu. Ezaugarriei eta mugei buruzko azalpenak hezkuntza-arloan aplikatu daitezkeen adibide errealekin hornitzen ditu. ChatGPT hobeto erabiltzeko gomendioak eskaintzen ditu, aplikazioaren azken bertsioko berritasunak aipatu, eta ChatGPTren atzean dagoen enpresaren bestelako teknologiei zein sortu zaizkion lehiakideei buruzkoekin amaitzen du.
3. ChatGPTren atzean dagoen teknologia
Daniel Ortiz eta David Buchaca adituek ChatGPTren oinarrian dagoen teknologia dute hizpide. AAren eta bere adarren definizioak eskaintzen dituzte, ChatGPTren oinarrizko zutabeak diren bi adarretan zentratuz: ikasketa automatikoa (machine learning) eta hizkuntzaren prozesamendu naturala (natural language processing). Bi ezaugarri horiei buruzko azalpenak ematen dituzte, oinarrizko azalpenekin hasiz, eta garatutako eredu ezberdinei buruzko azalpen teknikoekin jarraituz. ChatGPT garatzeko balio izan duen eredu funtzionalei buruzko azalpenak, indarguneak eta ahulguneak ere aipatzen dituzte.
4. Adimen artifiziala, desinformazioa eta alderdi etikoak
Javier Guallar eta Carlos Lopezosa autoreen atal honen gaia AAren eztandak sortutako zalantza edo arrisku handietako bat da, hots, desinformazioa (albiste faltsu edo buloen hedapena eta horiek detektatzeko zailtasuna). Horri aurre egiteko bideak eskaintzen dituzte, besteak beste, erreferentzia bibliografikoak eskaini ditzaketen AA aplikazioak zerrendatuz (ez da ChatGPTren kasua), eta AA bidez sortutako edukiak detektatzeko tresnen berri emanez. Bukatzeko, AAren erabilera etikoa eta arduratsua egiteko beharra azpimarratzen dute.
5. ChatGPTren inplementazioa ikasgelan
Mariona Granék ikas-irakas prozesuetan ChatGPTk egin ditzakeen ekarpenei heltzen die. Teknologiak lagundutako ikaste-eremuen diseinu didaktiko eta metodologiko egokia defendatu ondoren, irakasleek AA saihestu edo kontrolatu ordez marko berrira egokitu eta ahalik eta errendimendurik handiena ateratzeko estrategiak eskaintzen ditu. ChatGPTrekin egin daitezkeen 25 ekintza zehatzeko zerrenda bat ere jartzen du eskuragarri. Ez ditu ahazten, era berean, alderdi etikotik ekartzen dituen erronkak eta bestelako arriskuak.
6. ChatGPT, ondorioak gizartean eta hezkuntzan
Amaitzeko, autoreek hausnarketa egiten dute AA eta bestelako garapen teknologikoak gizartean txertatu ahala ikasgelan ere txertatzeko beharraz, teknologia berri horiei buruz ahalik eta gehien ikasiz, laneko egunerokotasunean tresna horiek eskaintzen dituzten aukerak baliatuz eta arriskuak ahalik eta gehien minimizatuz.