Portfolio digitalaz

Published: Tuesday, 5 May 2026, 11:42 AM
Tecnologies per a la didàctica de la llengua

Azken urteotan, tresna pedagogiko gisa finkatzen joan da portfolioa hizkuntzen irakaskuntzan, besteak beste ikasprozesua modu sistematikoan dokumentatzeko, hausnarketa metakognitiboa sustatzeko eta ebaluazio formatiboa indartzeko duen balioagatik. Irakasbilen bertan ere zenbait ekarpen argitaratu dira ildo horretan, portfolioa ikaskuntza autonomoa garatzeko eta ikaslea bere aurrerapenen eragile bihurtzeko baliabide egokia dela azpimarratuz. Testuinguru horretan kokatzen da Joan Tomàs Pujolà eta Olivia Espejel Nonell egileen ekarpena; portfolio digitalari ikuspegi teoriko sendoa eta aplikazio didaktiko argia ematen dio. Tecnologies per a la didáctica de la llengua liburuaren azken kapitulua da (liburu osoaren aurkezpen-bideo bat, katalanez, hemen: https://youtu.be/qU5gf4W3Yhg?si=VCqSztMOXSqQhj7H)

Kapituluak egoera didaktiko batetik abiatzen du gogoeta, irakasle askok izan ohi dituzten galderak aintzat hartuta: zertarako erabili portfolio digitala, nola egituratu, zer lagin bildu eta zer pisu izan behar duen ebaluazioan. Hasiera horren ondoren, portfolio digitalaren funtzio nagusiak lantzen dira, ikaskuntzarako, autorregulaziorako eta ebaluaziorako tresna gisa. Lehen atalean, portfolioaren oinarri kontzeptualak eta ezaugarri nagusiak zehazten dira: ikaslearengan ardaztua izatea, irakaslearen zein ikaskideen atzeraelikadurarako testuingurua eskaintzea, multimodala izatea eta ikaskuntza-ebidentzietan oinarritzea. Hala, tresna egokia da ikaslearen garapena denboran zehar jasotzeko.

Ondoren, portfolio digitalaren ezarpena aztertzen da hizkuntzen ikaskuntzan. Horretarako, bi bide nagusi aipatzen dituzte: Europa mailan sustatuko portfolio-ereduak baliatzea eta bestelako bide edo erremintak baliatuta garatzea (portfolio digitalen plataformak, blogak, webguneak, arbel digitalak...). Tresnen aukeraketa beti ikastaroaren helburuei, ikasleen ezaugarriei eta ikastetxeko baldintza tekniko eta pedagogikoei egokitu beharko zaiela azpimarratzen da. Egileen arabera, erabiltzen den tresnak eragin zuzena du portfolioaren egituran, erabileran eta jarraipen didaktikoan; horregatik, kontuan hartu behar dira erabilerraztasuna, pertsonalizazio‑aukerak, multimodalitatea eta irakasleak portfolioen kudeaketa eraginkorra egiteko duen gaitasuna.

Kapituluaren hurrengo atalean, portfolioaren egitura-proposamen bat eta ikaskuntza-laginen tipologia lantzen dira. Zehazki, zazpi atal propsatzen dira: aurkezpena, ikaskuntza-helburuak, ekoizpen idatziak, ahozko adierazpena eta elkarreragina, ahozkoaren eta idatziaren ulermena, ikaskuntzari buruzko hausnarketa eta azken ebaluazioa eta ondoriak. Era askotako laginak bil daitezkeen arren, Pujolà eta Espejelek azaltzen dute ez dela nahikoa ekoizpenak pilatzea: lagin bakoitzak hausnarketarekin batera joan behar du, ikasleak zergatik aukeratu duen, zer ikaskuntza erakusten duen eta zer hobetu nahi duen adieraz dezan.  

Azkenik, portfolio digitalaren ebaluazioari heltzen zaio, ikuspegi formatibo eta jarraitutik. Ebaluazio-irizpide argien garrantzia azpimarratzen da, eta errubrikak tresna egoki gisa aurkezten dira, bai ikasleek zer espero den jakin dezaten, bai autoebaluazioa eta heteroebaluazioa errazteko. Ebaluazioa ez da une puntual gisa ulertzen; aitzitik, prozesuan zehar ikaskuntza bideratzeko eta hobetzeko mekanismo gisa ulertzen da. Ikuspegi horrek ikasleen inplikazioa areagotzen du eta ikaskuntza kontzienteagoa sustatzen du.

Ondorio gisa, egileek argi uzten dute portfolio digitala tresna egokia dela hizkuntzen ikaskuntza pertsonalizatua, autonomoa eta esanguratsua sustatzeko. Ikasleen hausnarketa, aurrerapenen jarraipena eta ebaluazio formatiboa uztartzen ditu, eta, aldi berean, irakasleen jardun pedagogikoa aberasteko baliabide sendoa eskaintzen du.


Erreferentzia

Pujolà, J. T. eta Espejel Nonell, O. (2025). Tecnologies per a la didàctica de la llengua. Publicacions de l'Abadía de Montserrat.

HABE Liburutegian