Pedagogías plurilingües para la enseñanza del inglés (Orcasitas-Vicandi, M., & Perales-Fernández-de-Gamboa, A.)

Published: Monday, 23 June 2025, 2:03 PM
Pedagogías plurilingües para la enseñanza del inglés
  • Atala:
  • Dokumentu-mota:
  • Areas of knowledge:
  • Edukiak:
    • Gaitasun linguistikoa
  • Author of the introduction:
    • Insausti Albisu, Izaskun
  • Visits: 606
  • Comments: 0
  • Favorites: 1

217/2022 Errege Dekretuak hizkuntza anitzeko gaitasuna ezartzen du ziurtatzeko ikasleek, Derrigorrezko Hezkuntza amaitzean, euren komunikazio-premiei erantzuteko, ama-hizkuntzaz gain, beste hizkuntza bat edo gehiago eraginkortasunez erabili ahal izango dituztela.

Ikasgelan hainbat hizkuntza barneratuko dituzten pedagogien beharrak erantzuten die hizkuntza-eskakizunei, baina baita munduko hizkuntza-aniztasunaren ikuspegi inklusiboagoa eta adierazgarriagoa eskatzen duten kultura- eta gizarte-premiei ere.

Egiturari dagokionez, liburuak bi zati edo multzo ditu: 

Pedagogia eleaniztunak aplikatzeko funtsezko bi alderdi jorratzen dira lan honetan. "Buenas prácticas para la enseñanza y aprendizaje multilingüe" lehen multzoaren barruan, hainbat hezkuntza-testuingurutan eraginkorrak izan diren estrategia arrakastatsu eta adibide praktiko batzuk biltzen dira. “Percepciones del profesorado en activo y en formación” bigarren multzoan, hezitzaileek pedagogia eleaniztunen inplementazio eraginkorrean duten funtsezko zeregina aztertzen da; halaber, aurre egin beharreko erronkei heltzen zaie, metodologia berrietara egokitzeko beharretik hasi eta ikasgela eleaniztunen kudeaketaraino eta ebaluazio zein gaitasun eleaniztunetaraino.

Kapitulu bakoitzean teoria eta praktika zehatzetan sakontzen da, eta eskaintzen dira metodologia horiek hainbat hezkuntza-testuingurutan modu arrakastatsuan aplikatzen direla erakusten duten adibide zehatzak eta kasu-azterketak.

1. multzoa: "Buenas prácticas para la enseñanza y aprendizaje multilingüe"

Liburuaren lehen multzo honen barruan, hainbat hezkuntza-testuingurutan eraginkorrak izan diren estrategia arrakastatsu eta adibide praktiko batzuk biltzen dira, hiru kapitulutan banaturik. 

Lehenengo kapituluan, 'Buenas prácticas plurilingües en educación infantil' izenekoan, Beatriz Cortina-Pérezek, Ana Andúgarrek eta Gonzalo Lomas Hitosek haur-hezkuntzako praktika eleaniztunak aztertzen dituzte, eta hizkuntza-aniztasuna irakaskuntzako lehen etapetatik errespetatu eta sustatuko duen hezkuntzaren beharra azpimarratzen dute.

Bigarren kapituluan, 'Traducción audiovisual en Educación Primaria para el aprendizaje de lenguas', Carolina Gonzalo-Llerak eta Pilar Couto-Canterok Ikus-entzunezko Itzulpen Didaktikoaren (TAD) ezarpena ikertzen dute, Lehen Hezkuntzako bigarren mailako ikasleentzako ingeleseko eskoletan bikoizketa sortzailea eginez. Emaitzek adierazten dute TAD proiektuak nabarmen hobetu zuela ikasleen ahozko ekoizpena, eta azpimarratzekoa dela bikoizketa sortzaileak duen zeregina bigarren hizkuntza batean komunikazio-gaitasunak garatzean.

Lehen multzoko hirugarren eta azken kapituluan, 'Translanguaging pedagógico en contextos CLIL', Atzerriko Hizkuntzen eta Edukien Ikaskuntza Integratua (AICLE/ CLIL) eta translanguaging (hizkuntzartekotzea) delakoa Bigarren Hezkuntzako euskal ikasgeletan nola txertatzen diren aztertzen du Artzai Gasparrek. Era berean, hainbat aldagai kontuan hartzeko beharra aipatzen du, hala nola testuinguru soziolinguistikoa eta irakasleek CLILen praktikak eraginkortasunez ezartzeko duten gaitasuna. Gainera, onartzen du translanguaging praktikak behar bezala kudeatu ezean, hizkuntza gutxituak, euskara kasu, baztertzeko arriskua dagoela.

2. multzoa: “Percepciones del profesorado en activo y en formación”

Irakasleen pertzepzioei buruzko bigarren multzo hau hiru kapituluk osatzen dute. 

Lehenengoan, 'La formacion inicial para la educación bilingue del profesorado de Educacion infantil', Silvia Corral-Roblesek, Magdalena Custodio-Espinarrek eta Jose Luis Ortega-Martinek hezkuntza elebidunean irakasle izango direnen prestakuntza aztertzen dute. Eurek falta sumatzen dute hezkuntza elebidunaren erronkei aurre egiteko beharrezkoa den prestakuntza espezifikoa eta zehatzea.

Bigarren kapituluan, 'Principios metodológicos y desafíos en los procesos de enseñanza y aprendizaje en Educación Primaria', Mikel Gartziarenak, Ane Olmedillo-Berasategik eta Uxue Diez-Guiralek etorkizuneko H3 irakasleek hizkuntzen irakaskuntzarekiko dituzten sinesmenak eta jarrerak aztertzen dituzte, euskal hizkuntza anitzeko testuinguru batean. Emaitzen arabera, etorkizuneko irakasleek hizkuntzaren erabilera lehenesten dute zuzentasun linguistikoaren aurretik, eta hizkuntzak ikastea ikasgelatik haratago doan prozesu gisa ulertzen dute.

Azken kapituluan, 'Retos y dificultades en la implementacion de CLIL en secundaria', Nerea Villabonak nabarmendu du AICLE/ CLIL programaren aplikazioan dagoen aniztasunak islatzen duela metodologia hezkuntza-testuinguru bakoitzeko helburu zehatzetara eta ikasleen nahiz irakasleen hizkuntza-gaitasunetara egokitzeko beharra. Halaber, batetik, sakontzen du irakasleek hizkuntzaren integrazio eta ikasgelako edukien gainean dituzten pertzepzioetan eta esperientzietan, eta bestetik, azaleratzen du irakaskuntza-praktiken aldakortasuna eta CLIL metodologietan prestakuntza egokia ematearen garrantzia. Kapitulu horretan, CLIL programaren eraginkortasuna mugatzen duten oztopoak identifikatzeaz gain, irakasleentzako euskarri baten beharra ere iradokitzen du, eta etengabeko prestakuntza nabarmentzen du hezkuntza elebidunerako giltzarritzat.



Argitaletxearen aurkezpena

Azken hamarkadan, ingelesak funtsezko rola hartu du Espainiako eskoletan, eta nabarmen gehitu ditu irakaskuntzan emandako orduak. Interes hori hainbat faktoreren ondorio da, hala nola aukera profesionalen igoeraren eta globalizazioaren ondorio. 217/2022 Errege Dekretuak gaitasun eleaniztuna sartzen du, ikasleek beren komunikazio-beharretarako hainbat hizkuntza eraginkortasunez erabili ahal izatea ziurtatzeko. Esparru horrek ingelesa eta beste hizkuntza batzuk baloratzen dituen hezkuntza inklusiboa sustatzen du, eta aldaketa sakona islatzen du eleaniztasunerako hezkuntza-politikan.

Hezkuntza-erakundeak beren programak berriz ebaluatzen ari dira ingelesaren eta beste hizkuntza batzuen jariotasuna hobetzeko, kulturarteko teknologiak eta proiektuak erabiliz. Irakasleen prestakuntza ere funtsezkoa da ikasleak ingurune eleaniztun eta kulturaniztunean gidatzeko. Liburu honek, "Pedagogías plurilingües para la enseñanza del inglés” izenekoak, estrategia pedagogikoak eta kasu-azterketak eskaintzen ditu hezkuntza eleaniztuneko jardunbide egokiei eta erronkei buruz, eta hezitzaileei tresna egokiak eskaintzen dizkie herritar global trebeak eta hizkuntza-aniztasunaren jakitun direnak prestatzeko. 

HABE liburutegian


Erreferentzia bibliografikoa
Orcasitas-Vicandi, M. & Perales-Fernández-de-Gamboa, A. (ed.). (2024). Pedagogías plurilingües para la enseñanza del inglés: buenas prácticas y desafíos desde la perspectiva docente. Tirant Lo Blanch.