partekatu.com: euskara hasieratik ikasteko webgunea

Argitaratua: Monday, 22 November 2021, 11:14 AM
partekatu.com

Euskara hasiera-hasieratik ikasteko atari berri bat jaio da: partekatu.com. Bertan, edonork oinarrizko euskara-edukiak ikasi ahal izango ditu artikulu erraz eta bisualen bitartez.

24 urteko bi lagun ditugu proiektuaren atzean: Xabi eta Ander. Xabi euskara irakaslea da; Ander, berriz, ingeniaria. Eta bion gaitasunak elkartzearen indarraz sortu da partekatu.com.

Esan bezala, partekaturen bereizgarri nagusia izaera erraz nahiz bisual hori da. Eta honako hauek dira webgunea halakoa izatea ahalbidetzen duten ezaugarriak:

 ●     Webguneko egitura oso sinplea da, artikuluak koloreen bidez bereizitako hiru atal nagusitan antolatuta dituelako: gramatika, lexikoa eta bloga.

 partekatu atalak

 ●     partekatu euskara hasieratik ikasten ari den jendeari zuzenduta dagoenez, webgunea bera eta bertako azalpenak gaztelaniaz daude.

 ●     Atariko artikuluetako edukiak euskara ikasten ari direnen benetako zalantzak dira. Izan ere, partekatun sortutako artikuluak Google-n jendeak bilatzen duena kontuan izanda eginak direlako.

 ●     partekatuk zaindutako diseinu sinple eta modernoa darabil.

partekatu web

 ●     Atariko artikuluak hurbiltasunez idatzitakoak eta doakoak dira, eta adibide nahiz irudiz josita daude.

Horren guztiaren bitartez, partekatuk lortu egiten du euskara ikastea benetan edonorentzat erraza izatea. Eta, horren erakusle, webguneko artikulu pare bat erakutsiko dizkizuegu.

Adibidez, artikulu honetan euskara nola ahoskatu behar den azaltzen dugu. Azken batean, euskararen ahoskerarena ez da gai erraza, eta hizkuntzan hasiberria den norbaitek izan dezakeen zalantza bat da. Bada, artikuluan, edonork ulertzeko moduko erantzuna ematen diogu itaunari, eta, besteak beste, intonazio-adibideak koloreen bidez nabarmendu ditugu. Gainera, artikuluak amaieran bertako informazioa laburbiltzen duen infografia bat du.

 partekatu infografia

Edota honako artikulu honetan euskaraz iraintzeko gida daukagu. Nola ez, alferrentzako infografia eta guzti. Aldarte txarrean esnatzen bazara, behintzat, zuzentasun eta aberastasunez adarra jo ahal izateko.

Eta aipatutakoak partekatuko artikulu guztien arteko bi adibide soil dira; webgunean halako hamaika artikulu dituzu eskura. Esate baterako, badaude  euskal aditza, adjektiboak, animaliak edota beste hainbat eduki azaltzen dituzten artikuluak. Gainera, lanean dihardugu maiztasunez bertako edukiak aberasteko.

Beraz, badakizu: webgunea gogoko baduzu, erabili eta, era berean, partekatu.