Oinarrizko lexikoaz

Argitaratua: Thursday, 19 November 2020, 1:02 PM
Borja Ariztimuño

Iñigo Astiz kazetariak Leizarragaren itzulpen handia ekarri zuen hizpidera duela hilabete zenbait argitaraturiko Euskal literatura izan zena eta izan zitekeena artikuluan. C2 mailako itzulpena, ezbairik gabe. Haatik, testu hartan badira A1 mailan ikasten diren hitzak ere, jakina; oinarrizko lexikoa.

Hizkuntzen arteko konparaketan ezaguna da Swadesh-en zerrenda delakoa (Morris Swadesh hizkuntzalariak 50eko hamarkadan osatu zuena), ustez edozein hizkuntzak oinarrizko duen lexikoa biltzen duena. Edo hobeto esanda, dituztenak, bi bertsio baitira: jatorrizkoa 207 hitzekin, eta hura zenduz gero argitaratu zen 100ekoa.

Hain zuzen, hasieran aipatutako kazetari berak XVII. mendearen hasieran argitaraturiko liburu bati buruz Haicean choria bezala artikulua ere idatzi zuen egun berean, ale baten erosketak zeresana eman baitzuen. Izan ere, Ricardo Gómez filologoak ongi azaldu zuena laburturik, Kaspar Waserrek euskarazko 100 hitzeko zerrenda (eta aitagurea) berrargitaratu zuen 1610ean. Datuak Bonaventura Volcaniusen lan batetik hartu zituen (1597), zeinak era berean Leizarragaren itzulpena (1571) eta Marineo Siculoren hitz zerrenda (1530) baliatu baitzituen.

Albiste haren harira, jende asko harritu da zerrendako hitzen itxura “modernoagatik”, eta euskara azken mendeetan gutxi aldatu den seinaletzat hartu dute; baina eguneroko hitz arruntak dira, nahiko bakunak fonologikoki, eta, beraz, ez da harritzekoa azken mendeetan aldaketa gutxi edo batere ez jasan izana.

Era berean, badirudi azken urteetan lexikoak arreta bereganatu duela berriz hizkuntzen irakaskuntzan; ikus, esaterako, duela gutxi e-Hizpiden argitaraturiko Troitiñoren Materialak lexikoaren ikuspegitik sortzearen inplikazioak artikulua, berriki Neus Sansek elkarrizketa batean esanak, L de Lengua podcasteko hainbat atal, 2020 honetan berrargitaratu den Vocabulary in language teaching, edota urte honetako Approaches to learning, testing and researching L2 vocabulary.

Euskararen irakaskuntzara etorriaz, ezagunak dira garai batean eskaintzen ziren hitz zerrenda luzeak. Egungo HEOCak, aldiz, gramatikaren alorreko hizkuntza-forma zehatzak badakartza ere (hala nola adberbioak, atzizkiak, aditz-jokoak, eta esaldiak josteko baliabide lexikal nahiz morfosintaktikoak), ez du izen eta adjektibo arrunten multzo itxirik ematen, bere planteamendu orokorrarekin bat etorriz (ez baita curriculum itxi eta zehaztua).

Izan ere, maila guztietako azalpenetan ageri den moduan, ikasleek “lantzen diren funtzioetan maiz erabiltzen diren adierazleak”, “lantzen diren egoeretako ohiko lexikoa” eta “sarri erabiltzen diren sinonimo eta antonimoak” ikasi behar dituzte (hots, unean-unean behar dutena), eta ezinezkoa litzateke funtzio eta egoera guztietako ohiko adierazleak eta lexikoa zehaztea, euskal hiztegiaren zati handi bat liburura ekarriz ez bada. Hor du euskaltegi bakoitzak edota irakasleak ikas-irakasprozesua bere ikasleen testuingurura, mailara eta beharretara egokitzeko aukera, kontuan hartuz B2tik C2rako tartean “gai orokorretako hiztegi orokor zabala” eta “sinonimo ugariak” ere aipatzen direla.

Honenbestez, hona hemen, zuen gogoetarako besterik ez bada ere, Iñigo Astizen artikuluan aipatutako hitz-zerrenda osoa euskara estandarrera ekarria (esan nahi baita, hiztegietako sarreren formaz, aditz jokatuak izan ezik), eta HEOCean aipatzen direnetako batzuk gramatikalenakmailaka koloreztaturik (izenak eta adjektiboak alde batera utzirik, beraz).

Koloreztatu gabe geratu diren hitzetatik, zein joko zenituzke oinarrizkotzat gaur egun? Zeintzuk agertzen ohi dira lehenik eskoletan, eta zein egoera-funtziotan?

 

 A1          A2          B1          B2          C1          C2 

aita

beso

 halakotz*

mihi

ahardi

 bihar 

 hamar 

 nauk 

aho

bihotz

handi

 ni 

aker

bildots

haragi

 nola 

alaba

bizitza

haurtxo 

 hamar 

alkandora

buru

herio

odol

anaia

deabru

heure

ogi

andre

dohatsu 

 hi 

ohe

ardi

 ezen 

hilabete

oin

ardo

etxe

hiri

ontzi

argi

 edaten dut 

hodei

or

arima

eder

hordi

 orduan 

arrain

egun

hortz

sabel

arreba

eguzki

ibai

senar

aratxe

emazte

idi

txori

asto

eri

itsaso

upa

 badakust 

esku

izar

ur

 baina 

 ez da 

izen

urte

 baldin 

gaitz-errate

jainko

zahagi

 bat 

gatz

jan

zahar

begi

goiz

jaun

zaldi

beltz

gorri

landa

 zergatik 

  beraz 

gorputz

lo natza 

zeru

berri

 guzti, guzi 

lur

zuri

 bertan 

haize

mahats

 

* Euskaltzaindiaren Hiztegiak ez dakar hitz hau.

 



Gehiago jakiteko:

 

Beste eduki interesgarriak

Sergio Troitiño

Materialak lexikoaren ikuspegitik sortzearen inplikazioak

Ikuspegi lexikotik material didaktikoak sortzeak dituen ondorioez ari da egilea artikulu honetan. Hala, lexikoaren garrantzia justifikatzen du, eta adierazten du esanahi semantikoa komunikazioaren oinarria dela, hizkuntzek izaera lexikoa dutela eta modu lexikoan prozesatzen direla eta lexikoa gramatikara iristeko bide garrantzitsua dela; behar bezala arrazoitzen du hori guztia, adibideak emanez gainera. Horren ondoren, eskolara eramateko asmoz programatu beharreko lexikoa kontzienteki eta adimenez hautatzeko prozesuan laguntzen digu. Galderak eta erantzunak baliatzen ditu azalpenerako; horrez gain, zenbait kontzeptu ere hartzen ditu kontuan, hala nola erabilgarritasuna, adierazgarritasuna, errentagarritasuna edota zailtasuna. Bibliografia oparoaren aurretik, infografia interesgarri bat eskaintzen da bukaera gisa: hamar ideia eskolan lexikoari probetxurik onena ateratzeko. https://doi.org/10.54512/AAQQ1391
Ainara Maya Urroz

Kolore, kolore...

Blanca Urgellek Berria egunkarian idatzitako iritzi-artikulu baten harira, euskarazko kolore-izenak ditugu hizpide. Mundua ikusteko era da koloreak hitzez adieraztea, eta hizkuntza bakoitzak bere modua du. Zein dira oinarrizkoak? Zer berezitasun dute?