Nola zuzendu erroreak ahozko komunikazioan

Argitaratua: ostirala, 2026(e)ko irailaren 4(e)an, 07:58(e)tan
Didáctica de la corrección de los errores en el aula de ELE
  • Atala:
  • Dokumentu-mota:
  • Jakintza-arloa:
  • Sarrera-egilea:
    • Mungia Idarreta, Alex
  • Bisitak: 203
  • Iruzkinak: 0
  • Gogokoak: 0
Erroreen zuzenketa didaktikoari buruzko orientabide praktikoen bila dabilen irakaslearentzat baliabide interesgarria izan daiteke Isabel Santos Gargalloren Didáctica de la Corrección de los errores en el aula de ELE. Egileak bertan azaltzen dituen irizpideak eta teknikak lagungarri gerta daitezke eskoletan.  

Liburua lau atal nagusitan antolatuta dago: 

  1. oinarrizko planteamendu metodologikoak;
  2. erroreen didaktika ahozko ekoizpenean eta elkarreraginean;
  3. erroreen didaktika idatzizko ekoizpenean;
  4. teknologia digitala atzeraelikadura zuzentzailean.

Sarrera honetan, ahozko komunikazioan zer-nola jokatu erroreak zuzentzean azalduko dugu.

Noiz eta nola zuzendu erroreak ahozko komunikazioan

Tradizioz, forma edo edukiari begirako jarduerak bereizi izan dira. Roothooft-ek (2020) zuzenketaren edo jariotasunaren arabera sailkatzen ditu jarduerak. Hala, xedea jariotasuna lantzea baldin bada, gutxieneko zuzenketa bideratu beharko litzatekeela dio, komunikazioa ez eteteko. Aditu honen arabera, kontrolpean egin ohi diren praktikarako jarduerak eta guztiz komunikatiboak diren jarduerak bereizi behar dira; izan ere, ez dago ebidentziarik baieztatzeko kontrolpeko jardueretan ikasitakoa gero jarduera komunikatiboetan erabiliko denik.

Ahozko komunikazioari dagokion kapituluan, alderdi bat baino gehiago jorratzen dira:

  • Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren eskalak;
  • zuzenketa versus jariotasuna;
  • antsietatea,
  • atzeraelikadura-mota aukeratzeko faktoreak;
  • nork zuzendu behar duen, zer zuzendu behar den eta nola zuzendu behar den.

Santosen arabera, garrantzitsua da jakitea zer zuzendu behar den ahozko ekoizpena eta elkarreragina lantzeko jardueretan. Kontuan hartu behar da ikasleek nahiago izaten dutela elkarreragina amaitutakoan jaso zuzenketa, bereziki komunikazioan ardaztutako jardueretan.

Jardueraren ondoren, hiru aukera daude:

  1. Errore guztiak zuzendu: ohikoena da, eta ikasleen nahi nagusiarekin bat  egiten du.
  2. Taldean azaleratutako zailtasun nagusiak bideratzeko zuzendu, bai mailakoak, bai alderdi zehatzak lantzekoak.
  3. Ikasgaiarekin lotutako gaiak zuzendu.
Noiz eta nola zuzendu

Bestalde, noiz eta nola zuzendu jakiteko, zenbait taxonomia eskaintzen dira liburuan. Sarrera honetan, Lyster eta Rantaren taxonomia (1997) azalduko dugu, gainerako guztien abiapuntua baita:

  • Inputa —ikasle batek entzuten edo jasotzen duen hizkuntza, zeinetatik ikas baitezake— eskaintzen duten feedback zuzentzailea bideratzeko teknikak:
    • Zuzenketa esplizitua. Teknika zuzen honen bidez, irakasleak eredu zuzena eskaintzen du, honelako moldeak erabiliz: ... esan beharko zenuke, ...esaten da, ez da esaten..., ez esan... baizik eta..., esan nahi zenuen...
      • Adib.: (ikas.) atzo zinemara noa >  (irak.) “noa” ez, “joan nintzen”
    • Birformulatzea. Zuzenketa inplizitua da. Irakasleak ikaslearen enuntziatua edo haren zati bat modu zuzenean birformulatzen du. Batzuetan, ikasleek ez dute zuzenketa gisa hartzen, komunikazio-estrategiatzat baizik.
      • Adib.: (ikas.) atzo zinemara noa >  (irak.) joan zinen
    • Feedback metalinguistikoa. Teknika esplizitu honen bidez, okerreko outputetik abiatuta irakasleak forma zuzenari buruzko iruzkinak edo galderak egiten ditu, baita azalpenak eman ere, honelako formulak erabiliz: gogoan izan ... erabili behar duzula, zergatik erabiltzen duzu X hemen?, X, ez Y.
      • Adib.: (ikas.) atzo zinemara noa >  (irak.) iragana erabili beharko zenuke.
  • Outputa —ikasle batek ekoizten duen hizkuntza— eskaintzen duten feedback zuzentzailea bideratzeko teknikak:
    • Argibidea eskatzea. Teknika inplizitu hau ikaslearen outputa ulertzen ez denean erabiltzen da;  irakasleak ikasleari berriro formulatzeko edo azaltzeko eskatzen dio: barkatu?, mesedez, errepikatu dezakezu?, zer esan nahi duzu?
      • Adib.: (ikas.) atzo zinemara noa > (irakas.) barkatu?
    • Elizitazioa. Irakasleak ikaslearen output akastuna osatu gabe errepikatzen du, ikasleak autozuzenketa bidera dezan, edo honelako galderak egiten dizkio: nola esaten da X euskaraz?, errepikatu, mesedez. Teknika inplizitua da.
      • Adib.: (ikas.)  atzo zinemara joan nintzen > (irakas.)  atzo ni...?
    • Errepikatzea. Irakasleak ikaslearen outputa errepikatzen du errorea azpimarratzeko doinua erabiliz, ikaslea horretaz konturatu dadin eta autozuzenketa bidera dezan. Teknika inplizitua da.
      • Adib.: (ikas.) atzo zinemara noa > (irakas.) zinemara NOA?

Azkenik, Isabel Santosek ahozko ekoizpen eta elkarreragina lantzeko jardueretan ikasleek egiten dituzten erroreen zuzenketa bideratzeko, Cervantes Institutuaren Didactiteca artxibotik jasotako jarduera batzuk ere eskaintzen dizkio irakurleari. Jarduera horiekin batera, dagokien prozedura didaktikoa ere azaltzen du, urratsez urrats.

Oro har, liburuak ikuspegi praktikoa eskaintzen du erroreen zuzenketaren didaktikari buruz, eta ahozko komunikazioan sortzen diren erroreei nola erantzun erabakitzeko orientabide baliagarriak ematen ditu, besteak beste. Horregatik, lan-tresna egokia izan liteke euskararen ikas-irakas prozesuan ere hain garrantzizkoa den zuzenketan sakontzeko.

Erreferentzia bibliografikoa

Santos Gargallo, I. (2024). Didáctica de la corrección de los errores en el aula de ELE. Arco/libros-La Muralla, S.L.

HABE Liburutegian