Irakasbil
Didakteka
Hizkuntza nerabeei irakastea
International House erakundearen LdeLengua podcastaren 165. zenbakian, Francisco Herrerak elkarrizketa interesgarri bat egin dio Cadizeko CLIC International House eskolako Charlie Cranmer irakasleari, nerabeei ingelesa bigarren hizkuntza moduan irakastearen gakoei buruz: pazientzia eta enpatia izan behar dela dio elkarrizketatuak, lotura egin behar dela gazteekin, negoziatu, zenbait aplikazio digital erabiltzen dituela parte-hartzea sustatzeko...
Sarrera honetan, elkarrizketa horren ideia nagusiak laburbildu ditugu, aldeak alde, euskara-irakaslearentzat ere interesa izan dezakeelakoan.
Charlie Cranmerren arabera, pazientzia izatea da nerabeei eskolak emateko izan behar den funtsezko gaitasunetako bat, baita ustekabeko egoeretan lan egiteko abilezia izatea ere, eta erronka da nerabe guztiengana ailegatzeko dinamika egokia aplikatzea.
Xede hori lortzeko, estrategia bat izan liteke ikasleei aukera ematea haiek erabaki dezaten zer landuko duten klasean. Horretarako, adibidez, irakasleak lau gai eta lau jarduera eskaini diezazkieke eta, honela, ikasleek arduratsuago jokatzea beren ikasprozesuan lor liteke. Pazientzia eta lan handiagoa egin behar da ikasle gatazkatsuekin asmatzeko eta topatzeko zer den benetan gustatzen zaiena, zer-nolako interesak dituzten. Horrela, lortzen den informazioari esker, protagonismoa ematen zaie aipatu ikasle gatazkatsuei eta eskolak egokiago bideratzen dira.
Negoziatzea
Irakaslearen iritziz, estrategia baliagarria da ikasleek aukeratzeko ahalmena izatea; adibide moduan, ikaslibururen bat erabiltzen bada, ikasleek beren intereseko gaiak aukera dezaketela dio. Bere ustez, eraginkorragoa da interesatzen zaizkienak lantzea eta, ondorioz, gazteentzat interesik ez duten gai edota unitate batzuk baztertzea, programa besterik gabe eta itsu-itsu betetzea baino. Pazientzia eduki behar dela dio, eta nolabaiteko askatasuna eman nerabeei. Azken batean, helburua da gazteak inplikatzea ikas-irakas prozesuan, haiekin negoziatuz.
Egokitzea
Nerabeek aldaketa ugari izaten dituzte, bai maila fisikoan, bai portaeran. Haurtzaroa gainditzean, nerabeak zalantzan jartzen hasten dira hainbat kontu, eta kritikoagoak izaten dira irakasleekin. Era berean, lagunekiko harremana izaten da garrantzitsuena.
Adituak komunitate bat lortu nahi izaten du ikastaldearen barruan, baina sarritan ezin izaten da lotura hori lortu; adibidez, denbora nahikorik ez dagoelako horretarako. Bere estrategia bat da ikasleak eroso aritzeko moduko talde-osakerari eustea eskoletan, eta, dioenez, ez du merezi elkarrekin jartzea harreman onik ez duten ikasleak, ez baita eraginkorra. Izan ere, bere eskarmentuaren arabera, errutina hausteko edota dinamika aldatzeko era horretako aldaketak txertatu izan dituenean, ez du emaitza onik atera, ikasleak isilik geratu eta aurrera egin ez dutelako.
Beste estrategia egoki bat da adi egotea ikasleek zertaz hitz egiten duten, jakiteko zer pasatzen den haien bizitzan. Esaterako, irakaslea bost minutu geroago sartzen bada ikasgelara eta ikasleak asteburuan egindakoaz edo ikastetxean gertatu denaz ari badira hizketan, komenigarria izaten da arreta jartzea, sarritan ikasgelan sakontzeko lan-ildo interesgarriak eskaintzen baitituzte gai horiek. Horrelakoetan, irakasleek egoera horretara egokitzea litzateke estrategia interesgarria, alde batera utzita aurreikusitako eskola.
Ikasturtearen gorabeherak ezagutzea
Nerabeentzat oso garrantzizkoa da irakasleek ikasturtearen garai nagusiak ezagutzea, noiz diren unerik konplikatuenak eta noiz lasaienak, askotan helduek ez dituztela gazteak ulertzen sentitzen baitute —esaterako, jai-egunak eta oporraldi-garaiak edota azterketa-sasoiak noiz diren—. Ondorioz, irakasleek ikasturtea planifikatu dezakete informazio horren guztiaren arabera. Esate baterako, oporraldia hurbiltzean irakasleek azterketa idatzi gehiago eginarazten badiete ikasleei, nerabeekin talka egiteko aukera handiagoa izango da.
Teknologia digitala: Padlet-a eta Wakelet-a
Irakaslearen iritziz, oso egokiak dira ikasleen arteko lankidetza sustatzen dituzten tresnak, nerabezaroan gazte batzuek lotsa edota beldurra sentitzen baitute gainerakoen aurrean hitz egitean. Interesgarriak dira Padleta eta Wakeleta, zeren eta ez baita pasahitzik erabili behar, ezta konturik sortu behar ere erabiltzeko, eta bide ematen dute edukiak partekatzeko, iruzkintzeko edota erantzuteko. Padletak aukera gehiago ditu, eta audioa edota bideoa ere graba lezake. Wakeleta, aitzitik, errazago erabiltzen da.
Erresilientzia
Erresilientzia da gertakari, egoera edo bizipen gogor bat gainditzeko eta aurrera egiteko gaitasuna. Ondorioz, irakaslearen esanetan, laneko kontuak ez dira maila pertsonalean hartu behar. Nerabezaroan, emozioak pil-pilean egon ohi dira eta zenbaitetan jarrera bortitzak sumatu litezke ikasgelan, lagunekin, etab. Horregatik, batzuetan, zenbait irakaslek etsita eta jota buka dezakete, eta, orduan, irakasle horiek beren buruei galdetu behar diete ea normala den ikasle horrek egun horretan izandako jarrera edota ea ez ote den nerabeak kontrolpean eduki ezin izan ez duen emozio edo erreakzioaren ondorio. Adituaren ustez, horrelakoetan, irakasleek ezin dute beren burua erruduntzat jo, zeren eta bestela den-dena jarri baitezake zalantzan eta aurrerabiderik gabe geratu ondorioz. Charlie Cranmer irakaslearen aholkua da egoera horietan komeni dela ikaslearekin zuzenean hitz egitea, betiere tarte bat utzi ondoren lasaitu dadin.
Erreferentziak
Formación International House. (2025, urriaren 4a). Enseñar español para jóvenes. LdeLengua 165. [Bideoa]. YouTube. https://youtu.be/5XuiwjSxR4o?si=FSRgQeHCLH9U-IZc
Herrera, F. (anfitrioia). (2025, ekainaren 6). Una charla con Charlie Cranner. [Audio podcast-atala]. LdeLengua. https://eledelengua.com/ensenar-una-lengua-a-adolescentes-ldelengua-165/

