Motibazioa, ikaskuntzaren ondorio

Argitaratua: asteartea, 2025(e)ko azaroaren 25(e)an, 11:50(e)tan
Motibazioa
  • Atala:
  • Dokumentu-mota:
  • Jakintza-arloa:
  • Sarrera-egilea:
    • Mungia Idarreta, Alex
  • Bisitak: 727
  • Iruzkinak: 0
  • Gogokoak: 0

Juan Fernándezek hamabost urteko esperientzia du ikertzaile, irakasle eta tutore gisa Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan; Psikologian doktoregaia da (UAM) eta Biologiaren Didaktikako irakaslea (UNIR). Investigaciondocente.com blogaren sortzailea eta "La evaluación formativa", "Educar en la complejidad" eta "En blanco (atención, memoria y motivacion)" lanen egilea.  

Saio honetan, Juan Fernándezek bigarren hizkuntzen irakaskuntzarekin lotutako informazioa praktikara eramateko zenbait lan-ildo azaltzen ditu; besteak beste, edukiak tartekatzea, esanahia sortzea eta parte-hartzea modu egituratuan bideratzea, ikasle guztiek pentsatu dezaten eta feedbacka jaso. Era berean, irakasleak sen oneko ohiturak eraisten ditu; esaterako, adituak dio jarduera asko eginez ez dela besterik gabe ikasten, edota lilura teknologikoak helburu linguistikotik aldentzen duela. Nolanahi ere, sarrera honetan, motibazioari buruz dioena laburbildu dugu. 

Irakaslearen arabera, batetik, prozesu-hasieratik ziurtatu behar da arrakasta eta, bestetik, ikas-helburuetara bideratutako arrazoi intrintsekoak eta estrintsekoak konbinatzen jakin —adibidez, ziurtagiria lortzeko nahia kudeatzen asmatu behar da—. Motibazioa estu lotuta dago oroimenarekin eta arretarekin, eta oso garrantzitsua da. Ondorioz, oinarrizko neurgailua ere bada hizkuntzen irakaskuntzan: izan ere, motibazioak behera egiten badu, ezin da ikasi  beste hizkuntza bat.  

Ikasteak motibatzen du 

Motibazioa ikaskuntzaren ondorioa da, eta horregatik da funtsezkoa prozesuaren hasieran lortzea arrakasta-maila egokia, motibazioa oso lotuta baitago norberaren usteekin, ikasteko gaitasunari buruzko balorazioekin, hain zuzen ere. Ikaslea motibatuko da, baldin eta uste badu badagoela egin dezakeen zerbait (nolabaiteko erronka izango dena). Eta hori oso konplexua da ikasgela heterogeneoa denean —adin desberdinak daudenean, interes ezberdinak, beste hizkuntzen bat ikastean izandako esperientzia ezberdinak...—, zeren eta (nagusiki, hasieran) funtsezkoa baita ikasleek uste izatea zer edo zer berria ikasi dezaketela. Azken batean, ezarritako helburuak lortzeko arrazoiek osatzen dute motibazioa. Motibazio horrek autonomia sustatzen du, baita hizkuntza ikasteko arrazoiak barneratzea ere.  

Barneko eta kanpoko motibazioak 

Juan Fernándezen iritziz, kanpoko eta barneko motibazioekin jokatzen ikasi behar du irakasleak —esaterako, ziurtagiria lortzeko motibazioarekin —, eta, ondorioz, ez da hartu behar motibazio estrintsekoa era negatiboan eta intrintsekoa positiboan, hizkuntza bat ikasteko arrazoiak barneratzea baita xedea. Azken buruan, ikasleak ailegatu behar du esatera “arazo handirik gabe ikasi dezakeela dena delakoa” edo “lortu dezakeela”, eta irakasleak kanpoko tresna horiek baliatu behar ditu barneratze-prozesua elikatzeko. Kontraesanean dagoela dirudi, baina ez dela hala dio irakasleak. Denok behar dugu sari bat eta hasierako motibazioren bat. Eta, hasierako motibazioa baldin bada egiten den lanak gero lagunduko diola ikasleari maila bat egiaztatzen eta horrek ondorio batzuk izango dituela, ongi etorria izan bedi motibazio-mota hori. Hortaz, garrantzizkoa da argitzea helburu horiek ikas-irakas prozesuaren hasieran. 

Horregatik guztiagatik, oso garrantzitsua da ebaluazio diagnostikoa ez mugatzea soilik ezagutzera zer maila duten ikasleek (mailaketa-proba egitera), eta, ondorioz, ezinbestekoa da galdetzea ikasleen abiapuntuaren analisia egitean ea zergatik ikasi nahi duten hizkuntza, zertarako, etab. Azken batean, hori guztia lotuta egongo da ikasprozesua aldapa gora jartzean ikasleak aurrera egiteko izango duen gaitasunarekin. Eta, oro har, ikasprozesua beti jartzen denez aldapa gora, oso garrantzizkoa da aldez aurretik izatea argi hori guztia, barneko motibazio gisa erabili ahal izateko. Alegia, “zuk esan zenidan hau garrantzitsua dela zuretzat, horregatik eta horregatik”. Berriro hartu motibazio horiek, zeren eta alde soziala, kognitiboa eta emozionala lotuta baitaude estuki.  

Zuzenean Juan Fernández motibazioari buruz hizketan entzun nahi izanez gero,

.   


Erreferentziak  

Formación International House. (2025, azaroaren 1a). LdeLengua 169 - Enseñar con evidencias con Juan Fernández. [Bideoa]. YouTube. https://youtu.be/xJjKjuh6NHA?si=YQ1jQ-GN8koA29aI

Herrera, F. (anfitrioia). (2025, azaroaren 1a). Enseñar con evidencias: LdeLengua (169. zenbakia). [Audio podcast-atala]. LdeLengua. https://eledelengua.com/ensenar-con-evidencias-ldelengua-169/