Mintzamenaren inguruan. Mintzamena indartzeko programa

Argitaratua: Tuesday, 27 July 1993, 12:30 PM
ZUTABE 32

Azken urte hauetan euskaltegietan eta euskararen irakaskuntzan arazo larri batekin egin dugu topo. Eta arazo horren izena "Mintzamena" da. Askotan zaila da problema benetan zein den jakitea, baina jakin badakigu atal horretan ez dugula nahi besteko zuzentasunez asmatzen. Ikasleek euskaraz hitz egin dezaten, aspaldidanik teknika bat erabili izan dugu: itsulapikoa jarri gelan eta erdaraz hitz egiten zuenak duro bat bota behar zuen. Honekin zera lortu nahi zen: erdaraz hitz egiteko joera gutxitzea eta euskaraz hitz egitekoa indartzea. Baina zigorra erabiliz bakarrik ez dugu nahi dugun ondorioa lortzen, zigorrak beti indartze positiboarekin lotuta joan behar baitu. Zigorra bakarrik erabiliz, ez dugu ondorio negatiboak besterik lortzen.
Zer egin, beraz? Ez ote ditugu mintzamenerako teknika berriak behar? Edota ikasleen motibazioa areagotu behar ote dugu, euskaraz hitz egin dezaten? Lehenbizi aztertu behar duguna motibazioa da, eta beharbada landu ere bai. Motibaziorik gabe, nahiz eta ondo irakatsi, gutxi ikasiko dute ikasleek. Gaur egun euskara ikasteko entzuten ditugun arrazoien arteko batzuk, "lana bilatzeko beharrezkoa dela ..." e.a., ez digute mesede handirik egiten, motibazio aldetik behintzat. Batengatik edo bestearengatik, gauza da gelan benetako ahaleginak egin beharrean aurkitzen garela zenbait ikasleren ahotik euskaraz hitzen bat edo beste entzuteko. Psikologiaren barruan, eta zehatzago "jokaeraren aldaketa"n, badira edozein jokaera indartzeko programak. Oraingo honetan gure asmoa horietako programa bat gelan ezartzea litzateke; eta hori da, hain zuzen ere, artikulu honen izenburua: "Mintzamena indartzeko programa".