22. Korrika: ikasmateriala

Argitaratua: Monday, 21 March 2022, 11:49 AM
Korrika 22

22. KORRIKA ate-joka dugula, AEK-k ikasmateriala argitaratu du ekimenaren berri euskaltegietako ikasleen artean zabaltzeko asmoz. Material didaktiko erakargarria, bizia, dinamikoa... sortu nahi izan dugu,  ekimenaren izaerarekin bat datorrena; eta euskalduntzearen A1, A2, B1, B2 eta C1 mailetan erabiltzeko egokitua, aurrez aurreko taldeetan, autoikaskuntzan zein online eskoletan. Bestalde, Ikastolen Elkartearekin batera, elkarlanean, ikastetxeetarako ere KORRIKArako unitate didaktikoak sortu ditugu. 

Ikasmateriala hiru ataletan banatu dugu.

1. KORRIKAri buruzko albisteak

Atal honetan, KORRIKAri buruzko berri nagusiak didaktizatu ditugu, maila guztietako ikasleengana modu egokian irits daitezen. Ikasmaterial guztiak aurrez aurreko taldeetan zein autoikaskuntzan erabiltzeko moldatuta daude.

  • Badator 22. KORRIKA!
Ikasmaterial horretan, 22. KORRIKAren aurkezpena eskaintzen da, Asier Amondo Gorostizagari eginiko elkarrizketa oinarri hartuta.

  • Kalean da 22. KORRIKA kanta
Bigarren sorta horren bitartez, KORRIKAren kantaren berri izateaz gain, egileak ere ezagutu ahal izango dituzte ikasleek.

  • Amurriotik Donostiara
HITZEKIN sekuentzia didaktikoa Ikasmaterial horren helburua da ikasleei 22. KORRIKAren ibilbidea aurkeztea. Horretarako, "KORRIKAren ibilbidea 2022"  mahai-jokoa izango dute lagun.

Korrika 22. Hitzekin

2. Guraso-taldeak

Bigarren atal horretan, euskara ikasten ari diren gurasoei bereziki zuzendutako unitate laburra sortu dugu. Unitatean, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoei eta Ene kantak kanalari buruz mintzatu, eta umeekin euskaraz aritzeko hainbat kantu ikasiko dituzte ikasleek. Lanak A1, A2 eta B1 mailetan  erabiltzeko egokituta daude, aurrez aurreko taldeetan zein autoikaskuntzan.

Guraso Taldeak A1

3. HITZEKIN sekuentzia didaktikoa

Azken atal horretako lanen helburu nagusia ikasleak KORRIKAn parte hartzera animatzea da. Horretarako, eskolarako jarduerekin batera erabiltzeko euskarri bi sortu ditugu. Jarduera guztiak aurrez aurreko taldeetan, autoikaskuntzan edo online eskoletan erabil daitezke. 

  • HitzEkin aldizkaritxoa 
Horretan, KORRIKAri buruzko informazio interesgarria eskaintzen zaie B1 mailatik gorako ikasleei.

  • “KORRIKA, historikoa” joko digitala. 
Joko horren bidez, ikaskideekin, lagunekin edo bakarka ondo pasatzeaz gain, KORRIKAren historia hobeto ezagutu ahal izango dute ikasleek, bideo labur batzuen laguntzaz. 

Korrika 22. Hitzekin