Kolore, kolore...

Publicado: lunes, 29 de noviembre de 2021, 10:56
Ainara Maya Urroz

Blanca Urgell Berria egunkariko zutabegile hizkuntzalari ezagunak koloreei buruz idatzi du berriki, eta irudiak deskribatzeko oinarrizko koloreak 11 direla adierazten du (ikus beheko taula), nahiz eta aditu batzuen arabera zehaztasunetarako 28 gehiago behar diren. Horietako asko, halere, ez ohi ditugu egunerokoan erabiltzen, eta ez dira oinarrizko lexikoaren parte.

EUSKARA

INGURUKO HIZKUNTZAK

 Zuri

 White

 Blanc

 Blanco

 Beltz

 Black

 Noir

 Negro

 Gorri

 Red

 Rouge

 Rojo

 Berde

 Green

 Vert

 Verde

 Hori

 Yellow

 Jaune

 Amarillo

 Urdin

 Blue

 Blue

 Azul

 Marroi

 Brown

 Marron

 Marrón

 More

 Purple

 Violet

 Violeta

 Arrosa

 Pink

 Rose

 Rosa

 Laranja

 Orange

 Orange

 Naranja

 Grisa

 Grey

 Gris

 Gris

Iturria: Preciado (2009, 18). Moldatua

Euskal koloreen hiztegia ere asko zabaldu da denboran zehar, beharren eta adierazi nahiaren nahiz kultura eta bizimoldearen arabera, kolore-izen batzuk maileguz harturik (berde XIV. mendetik dokumentatua) eta beste batzuk neologismoz (beilegi hitz jatorraren analogiaz sortutako orlegi, XIX. mendean). 

Horrekin loturik, Txema Preciadok 2009an Euskarak erakutsi koloreak ikusten liburua argitaratu zuen, eta bertan aipatzen da kolorea kultur fenomenoa dela. Liburu horretan berean, Piarres Lartzabalen aipamen batetik abiatuta, honela dio: 

«Hiru hauek dira [zuri, gorri, beltz hirukoteaz ari da], Lartzabalek dioen moduan: "euskal etorkiari sakonkienik lotuak diren koloreak" (1975, 401). Hirurak agertzen dira nagusitasunez, hirurak dira antzinakoak, hirurak oso maiz erabiltzen dira toponimoetan, hirurak Euskal Herri osoan hedatuta daude, hirurak sailkapenetan oso erabiliak eta hirurak dira, kolore-hitz zaharrei dagokien bezala, kromatikoak ez diren esanahi ugariren jabe» (Preciado, 2009, 21-22)

Bitxikeria moduan, hiru kolore horiek soilik azaldu ziren 1610ean Suitzan inprimatutako liburu bateko euskarazko ehun hitzeko hiztegi batean.

Bestalde, Patziku Perurenak 1992an liburu mamitsu bat argitaratu zuen koloreen inguruan: Koloreak euskal usarioan. Sarreraren ondoren, beltzak, gorriak, horiak, urdinak eta zuriak atal bana dute; eta azken atalean, aldiz, “Kolore nahasiak eta antzekoak" ageri dira. Antzinako bost hitz horiek dira, hain zuzen, euskal jatorririk zaharrena dutenak, Blanca Urgellek dioenez.  

Gaur egun, oraindik ere garai bateko euskaldunen mundu-ikuskeraren aztarnak bizirik dirau koloreetan, eta antzinako koloreen izenek oraindik orduko adiera bereziak gordetzen dituzte; esaterako, ile urdin (‘ile zuria’ adierazteko). Izan ere, euskaraz azul edo blu maileguak ere erabili izan dira kolore bera izendatzeko, urdin garai batean ez baitzen kolore-izen hutsa, baizik eta uraren nolakotasuna (ez beti bera), edota ogiak denborarekin hartzen duen itxura.


Erreferentziak

Perurena, P. (1992). Koloreak euskal usarioan. Erein.

Preciado, T. (2009). Euskarak erakuntsi koloreak ikusten. Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia.

Urgell, B. (2021, azaroaren 17a). Euskalpantonea. Berria. https://www.berria.eus/paperekoa/1892/017/002/2021-11-17/euskal-pantonea.htm

Otros contenidos interesantes

Borja Ariztimuño

Oinarrizko lexikoaz

Iñigo Astiz kazetariak Leizarragaren itzulpen handia ekarri zuen hizpidera duela hilabete zenbait argitaraturiko "Euskal literatura izan zena eta izan zitekeena" artikuluan. C2 mailako itzulpena, ezbairik gabe. Haatik, testu hartan badira A1 mailan ikasten diren hitzak ere, jakina; oinarrizko lexikoa.