Keinuak hizketa-ekoizpenean eta bigarren hizkuntzaren ikaskuntzan

Argitaratua: astelehena, 2026(e)ko abuztuaren 3(e)an, 07:57(e)tan
6 gomendio keinuak erabiltzeko gelan
  • Atala:
  • Jakintza-arloa:
  • Sarrera-egilea:
    • Villoslada Fernández, Iñaki
  • Bisitak: 139
  • Iruzkinak: 0
  • Gogokoak: 0
1. Sarrera

Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arabera, keinua gorputzaren, bereziki aurpegiaren edo eskuen, higidura da, barne-egoera edo nahiren bat adierazten duena. Azken hamarkadetako ikerketek, ordea, agerian utzi dute keinuek komunikazio-funtzio hutsa gainditzen dutela. Izan ere, keinuak hizketa-ekoizpenean lagungarriak dira, hitzak berreskuratzea eta diskurtsoaren jarioa erraztuz; era berean, bigarren hizkuntzaren ikaskuntzan, esanahiaren eraikuntza, ulermena eta hiztegiaren ikaskuntza eta atxikipena indartzen laguntzen dute.

2. Keinu-motak eta haien funtzioak

Hizketarekin batera egiten ditugun gorputz-mugimendu guztiak ez dira berdinak. Keinuak lau multzo nagusitan sailkatu ohi dira, betetzen duten funtzioaren arabera. 

Keinu-mota
Zertarako balio dute?
Adibidea
🖐️ Enblemak (sinbolikoak)

Gizartean hitzartuak dauden keinuak. Hizketarik gabe ere esanahi osoa dute. Komunikazio-estrategia gisa erabiltzen dira.

Erpurua gora altxatzea «ondo» edo «ados» adierazteko.

👉 Deiktikoak

Pertsonak, objektuak edo lekuak seinalatzeko. Erreferentzia argitzen dute.

«Hori» esatean liburu bat hatzaz seinalatzea.

🎵 Erritmikoak (beat gestures)

Diskurtsoaren erritmoa eta egitura markatzeko. Ideia nagusiak azpimarratzen laguntzen dute.

Eskua gorantz eta beherantz erritmikoki mugitzea ideia nagusi bat nabarmentzeko.

🧠 Lexikalak (ikonikoak eta metaforikoak)

Edukia bisualki edo espazialki irudikatzeko. Kontzeptuak aktibatzen eta hitzak berreskuratzen lagun dezakete. 

Ikonikoa: «pilota» esatean eskuekin forma biribila egitea.

Metaforikoa: «prezioak igo dira» esatean eskua gorantz eramatea.

 
3.  Keinuak Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren Liburu Osagarrian

Liburu Osagarriak (LO) komunikazioa baliabide linguistikoen eta ez-linguistikoen konbinazio gisa ulertzen du, eta azpimarratzen du keinuak bezalako baliabide paralinguistikoak gaitasun eleaniztunaren eta kulturaniztunaren parte direla. Ulermena bermatzeko, adostasuna, interesa edo emozioak adierazteko erabiltzen dira keinuak LOaren arabera, eta ahozko elkarreraginean zein bitartekotzan presente daude; era berean ekoizpen-estrategia gisa azaltzen dira EEMBaren Konpentsazioa eskalan. Hiztunak keinuak, mimika edo seinalatzea erabil ditzake komunikazioa ez eteteko, une jakin batean hitz edo adierazpide egokia eskuragarri ez duenean. Keinuek maila guztietan dute zeregina. Aurre-A1 mailan seinalatzea eta keinu sinpleak funtsezkoak dira; A1 eta A2 mailetan, hitzak osatu eta esanahia argitzen dute. Maila aurreratuagoetan, parafrasiak eta bestelako baliabide linguistikoak garatu ahala, konpentsazio-funtzioa txikiagotu egiten da. 

Liburu Osagarriak zeinu-hizkuntzak ere berariaz txertatzen ditu, baina  dokumentuak zehazten du zeinu-hizkuntzak hizkuntza natural osoak direla, ahozko hizkuntzen parekoak. Beraz, garrantzitsua da bereiztea keinu espontaneoak eta zeinu-hizkuntzak: lehenengoak ahozko komunikazioa laguntzeko baliabide paralinguistikoak dira; bigarrenak, berriz, gramatika, lexikoa eta egitura propioak dituzten hizkuntza osoak dira. 

6 GOMENDIOA KEINUAK AZALTZEKO

irudia: ChatGPT bidez sortua
Erreferentziak

Europako Kontseilua. (2022). Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratua: Ikaskuntza, irakaskuntza, ebaluazioa. Liburu osagarria. HABE. https://doi.org/10.54512/EEMBLO-2022

Filosofía y Letras Zaragoza. (2014, abenduaren 17a). Cuando los gestos también hablan. [Bideoa]. YouTube. https://youtu.be/lQmDWuJCY7U?si=l5kQesBaPH4-aZKz  

García-Gámez, A. B. & Macizo, P. (2023). Gestures as scaffolding to learn vocabulary in a foreign language. Brain Sciences, 13(12), 1712. https://doi.org/10.3390/brainsci13121712

Krauss, R. M. (1998). Why do we gesture when we speak? Current Directions in Psychological Science, 7(2), 54–60. https://doi.org/10.1111/1467-8721.ep1317564

Krauss, R. M., Chen, Y. & Gottesman, R. F. (2000). Lexical gestures and lexical access: A process model. In D. McNeill (Ed.), Language and gesture (261–283. or.). Cambridge University Press.         

Gaiarekin lotutako beste eduki interesgarri batzuk

Pere Godall

H339 - Comunicación y lenguajes

Pere Godallek hitzaldi bat eman zuen gaztelaniaz 2012an HABEk EHUrekin batera antolatutako Ikastaroen barruan, "Comunicación y lenguajes" izenburupean. Komunikazioaren kontzeptua da abiapuntua eta oinarrizko bost lengoaien zeregina (ahozkoa, musikala, gorputzezkoa, plastikoa eta matematikoa) komunikazio-kanal moduan, haien bidez helarazten baitiegu hartzaileei gure mezuaren informazioa. Bideo honetan, hitzaldi osoa duzue entzungai.