Nola egokitu testua irakurketa errazaren formatura

Published: Thursday, 5 February 2026, 3:16 PM
Irakurketa erraza idatziz
  • Atala:
  • Dokumentu-mota:
  • Area of knowledge:
  • Author of the introduction:
    • Mungia Idarreta, Alex
  • Visits: 310
  • Comments: 0
  • Favorites: 0

Nola idatzi 

Ortotipografia izan ohi da irakurketa errazean idatzitako testuen erronka nagusietako bat, hala nola letra larriak (horiek arau orokorraren arabera idatzi), puntuazioa eta zenbakiak nahiz datak).  

Puntuazioa 

Irakurketa errazean, ez da gomendagarria puntu eta jarrai idaztea (puntu eta bereiz idatzi). Honela, ideiak bereizi eta, ondorioz, errazagoa da informazioa eskuratzea. Era berean, ez idatzi etenpuntuak, ez komarik (puntuez ordezkatu), baldin eta ez badago zerrendarik. Baina ez dago arazorik bi puntu erabiltzeko, argi uzteko nork hitz egiten duen eta ideiak osatzeko. 

Lasai erabili galdera-ikurrak eta harridura-markak, eta baztertu kortxeteak eta erabilera gutxiko zeinuak (ehunekoa, izartxoak...).

Marratxoak, soilik, elkarrizketak hasteko erabili. Biribildu zenbakietako digituak (adibidez, 80.000, 79.564ren ordez) edo erabili determinatzaile mugagabeak (asko, gutxi, batzuk...). Horrez gain, alde batera utzi zenbaki erromatarrak eta osorik idatzi data, egunaren izena eta guzti. 

Perpausak 
Perpausetan saihestu egitura konplexuak, forma pasiboak, perifrasiak, salbu behar izan, nahi izan, ahal izan eta jakin aditzekin doazenak, baita etorkizuneko, baldintzazko edota subjuntibozko aditz-denborak ere. Agintera erabili liteke, betiere argi badago testuingurua. Era berean, baztertzekoak dira laburdurak eta siglak, eta egokiena da hitza osorik idaztea eta behar beste errepikatzea. 

Subjektua zehaztu eta baztertu elipsia edota erakusleak (mezua ulergarriagoa izango da horrela), eta saihestu hitz-tarteak. Anaforak eta kataforak erabili litezke, baldin eta jarraian zehazten badira testuinguruari dagozkion erreferentziak. Esaldi motzak eta sinpleak lehenetsi, oso egitura errazekoak eta hizkuntzaren ordena neutroa baliatu. Ahal dela, ez erabili ezezko formak. Iradokizuna da galderazkoak eta harridurazkoak baliatzea, baita estilo zuzena ere.  

Lexikoari dagokionez 
Hitz errazak erabili eta modu errazean idatzi. Zenbat eta silaba gutxiago izan, orduan eta ulergarriagoa izango da hitza. Ahozkoan sarritan erabiltzen diren hitzak hautatu. Era berean, baztertu oso hitz luzeak edo ahoskatze korapilatsua dutenak, baita hitz generikoak ere, benetako esanahirik gabekoak. Sinonimoen edota zenbait aldaeraren erabilera nahasgarri gerta dakieke irakurleei; ondorioz, izenak bateratzea komeni da. Arrunta ez den hitzen bat erabili behar bada, testuaren barruan txertatu liteke azalpena, eta dagokion irudi osagarriz lagundu. Horretarako, letra lodiz idatzi lehen aldiz azaltzen denean eta  aipaturiko azalpena gehitu bukaerako edo orri-bazterreko glosategian. 

Horretaz gain, laburdurak, akronimoak eta siglak saihestu, baita onomatopeiak, interjekzioak, hitz polisemikoak, portzentajeak, teknizismoak, argota edota atzerriko hizkuntzetako hitzak. Era berean, ez erabili metaforak, esaera zaharrak edota hitz abstraktuak. Azken horiek ezinbestean erabili behar badira, esaldiko bat baliatu eta irudiz lagundu eta joskera xumez idatzi. 

Estiloa 
Estilo motibatzailea erabili, zehatza, sinplea eta zuzena, ahozko hizkeraren tankerakoa, baina sinplekeriatan erori gabe. Ideia bat edo bi txertatu esaldiko, eta, informazio ugari igorri behar izanez gero, perpaus bakun batzuetan banatu. Idazpuruak eta oin-oharrak lagungarriak izan ohi dira, irakurketa erraztu eta informaziorik galdu ez dezan irakurleak. Horrezaz gain, garrantzizkoa da hartzailearen adina kontuan hartzea eta ez erabiltzea haur-hizkerarik. 


Orobat, testuan soilik oinarrizko informazioa txertatu, eta alboratu nahasmena sor dezaketen alferrikako edukiak, datuak, esaldiak, ideiak, azalpen xeheak edota eztabaidak eta ez pentsatu ezaguna dela eskuen arteko informazioa. 

Erreferentzia bibliografikoa

Nieto García, Paola (2024). Lenguaje comprensible para la población inmigrante: la adaptación de textos a la lectura fácil y al lenguaje claro. Berlin.

HABE liburutegia


Azaleko irudia: Sly, Pixabay

Other interesting content

Irakurketa erraza karatula

Irakurketa erraza (Nerea Aizpurua Iraola)

Nerea Aizpurua Iraolak bideo-labur honetan irakurketa errazaren inguruko gakoak azaldu ditu.