Irakasbil
Didakteka
Irakasle gisa hobetzeko hiru ideia
Juan G. Fernándezek irakasleen jarduna hobetzeko edota aditu izatera heltzeko hiru gako nagusi proposatu ditu berriki idatzi duen testu batean:
- ezagutza antolatzeko modua;
- komunitate profesionalaren indarra eta babesa;
- nahita egindako praktikaren beharra.
Dioenez, irakasle adituaren ezaugarri nagusia ez da informazioa pilatzea, ezagutza modu esanguratsuan egituratzeko gaitasuna baizik. Hala, patroiak edo ereduak sumatzeko gai da aditua, informazio-zatiak lotuz; horrek erabakiak azkarrago eta egokiago hartzeko aukera ematen dio. Patroiak antzemateko trebezia hori eta eredu mental sendoek ahalbidetzen dute egoera konplexuak modu arin eta egokian interpretatzea, baita etorkizuneko egoerak aurreikustea ere.
Hala ere, aditu izate hori ("experticia" hitza erabili du) ez da bakarkako ahalegin hutsa; osagai soziala du. Fernándezek azpimarratu du komunitate profesionalek duten balioa, besteak beste, idatzita ez dagoen isilbidezko ezagutza jaso ahal izateko, elkarrizketen, behaketen eta esperientzien trukearen bidez. Are, komunikateak erakusteaz gain norbere gaitasuna baliozkotzeko bidea ere ematen du. Irakasleen arteko harreman-sare sendo batek, haren ustez, lanbidearen garapenerako beharrezko egitura eskaintzen du, eta gaur egun sarritan ahul ageri den oinarri hori sendotzea dagokigu.
Hirugarren zutabea nahita egindako praktika da; hobetzeko, parte hartu behar da horretarako propio sortutako jarduera zehatzetan, hobetzean ardaztuta, atzeraelikadura bilatuta eta konfort-eremutik aterata. Esperientziak berak ez du bermatzen aurrerabiderik; kontzienteki landutako jardunak ezinbestekoa dira. Horregatik, irakasle adituak ez du soilik ongi jarduten: egiten duenaren arrazoibidea esplizitatzeko gai da, eta horrek bere praktika etengabe doitzeko aukera ematen dio.
Azken batean, irakasleen garapena ibilbide luze eta jarraitu gisa irudikatzen du Fernándezek: ezagutza antolatzeko modu sendoa, komunitatean txertatutako jarduna eta norberaren praktika modu kontzientean lantzea dira bidea egiten laguntzen duten hiru zutabe sendoak.
Erreferentzia
Fernández, Juan G. (2026, otsailaren 26a). Tres ideas para mejorar como docentes. Investigación Docente. https://investigaciondocente.substack.com/p/tres-ideas-para-mejorar-como-docentes
