Irakasbil
Didakteka
2025/2026 ikasturtean A1 eta A2 INGURA ikastaroen eskaintza zabalik
- Atala:
- Dokumentu-mota:
- Areas of knowledge:
- Irakasten-arloak:
- Ingura

- Atala:
- Dokumentu-mota:
- Areas of knowledge:
- Irakasten-arloak:
- Ingura
- Bisitak: 597
- Iruzkinak: 1
- Gogokoak: 1
2024/2025 ikasturtean A1 INGURA ikastaroa abian jarri zen eta eredu tutorizatuaren inplementazioan 10 euskaltegitako 103 ikasle aritu ziren 24 irakasleren eskutik.
2025/2026 ikasturtean A1 mailako ikastaroa ez ezik, A2 mailako ikastaroa ere eskainiko da ingurunean bi ereduetan, irekian eta matrikulapekoan, eta ikasleek matrikula online egiteko aukera izango dute. Horretarako, matrikula gidatua izango dute eskura, urratsez urrats nork bere neurriko eskaintzan eta taldean izena eman dezan.
A2 INGURA ikastaroaren ezaugarriak
- A2 mailako ikastaroak A1 mailako ikastaroaren egitura bera du, hau da, jarduera mota berberak eskaintzen ditu: INGURA bideoa, Mintzatu, Idatzi, Azalpen-bideoa, Gramatika, Gramatika+, Hiztegia, Hiztegia+, Elkarrizketa, Zeure kasa, Talde-saioak eta Inguratu.
- 80 unitatez osatuta dago (190 ikastordu) eta A1 mailako ikastaroa bezalaxe, modu autonomoan nahiz tutorizatuan aritzeko jarduerez osatuta dago. Unitate bakoitzak egoera-bideo bat eta azalpen-bideo bat ditu. Beraz, guztira, 160 bideo ditu ikastaroak.
- Lehenengo 40 unitateetako hainbat jarduera (kolore urdinez nabarmendutakoak) egiteko nahikoa da izena ematea, atal hau doakoa eta irekia baita, eta prest dago dagoeneko edozein herritarren esku INGURA webgunean. Guztira, 60 ikastordu.
- Atal ireki honetan, 40 egoera-bideo eta beste 40 azalpen-bideo izango ditu eskura erabiltzaileak 4 hizkuntzatan azpititulatuta, baita autozuzenketa duten gramatika, hiztegia, mintzamena eta kultur edukiak lantzeko jarduerak ere. Atal honetan, 1.600 item eskainiko dira.
- Kontuan izan behar da A1 eta A2 ikastaro osoak egiteko, hau da, irakasle batek gidatuta gela birtualean aritzeko, euskaltegi edo autoikaskuntza-zentro batean matrikulatu behar duela erabiltzaileak.
Tutorizazioa
Irakasleak INGURAko jarduera guztietan esku hartuko du, baina ez beti modu berean.
Jarduera gehienetan, autozuzenketa dutenez, ikasleen emaitzetara jotzeko aukera izango du irakasleak, nola egin dituen ikusi eta bere ikas-ibilbidearen jarraipena egiteko eta beste batzuetan, berriz, ikasleen lanak jaso, feedbacka eman eta kalifikatu ere egingo ditu.
Horregatik, unitate bakoitzean, hainbat jardueratan (Zeure kasa, Talde-saioak eta Berrikusketa unitateak, hain zuzen ere), zereginak proposatu eta irakasleari bidaltzeko diseinatu dira. Horietan guztietan, ikasleak ahoz edo idatziz egin beharko duen zeregin bat aurkituko du eta, bukatutakoan, bere irakasleari helaraziko dio. Honek, berriz, aztertu, ikasleari feedbacka eman eta kalifikatu egingo du. Era berean, aukera izango du, beharrezkoa dela irudituz gero, ikasleari zeregina berriro egin dezan eskatzeko.
Gainera, irakasleak talde-saioak sortzen dituenean (online edota aurrez aurre), talde osoarekin edota ikasleekin bakarka tutoretza-saioak antolatzeko aukera izango du.
Informazio gehiago, INGURA atariko Ohiko galderak atalean.
