Ikasle hasiberriei euskara irakasteko materialak (II): kontzientzia, autonomia eta benetakotasuna ikusmiran

Argitaratua: Friday, 12 May 2006, 11:45 AM
hizpide 63

Aurreko lanaren ildotik, artikulu honetan ikasle hasiberrientzat azken urteotan argitaratutako hiru ikasmaterial aztertu ditugu. Oraingo honetan, material hauen proposamenek baliatzen dituzten ikaskuntza-ereduei begiratu diegu. Lehenbizi, materialok eskaintzen dituzten programen jomugak, egitura eta lehentasunak aztertu ditugu. Ondoren, begiratu dugu ea zein diren materialok sustatzen dituzten adimen-operazioak. Azkenik, ikaskuntza laguntzeko sortzen dituzten baldintzak xehatu ditugu. Egiaztatu ahal izan dugunez, alde handiak daude aztertutako materialek proposatzen dituzten ikas-ereduen artean. Alde handiak ikusi ditugu, halaber, HEOKak aldarrikatzen dituen irizpideen eta material hauetako batzuek baliatzen dituztenen artean.

Beste eduki interesgarriak

Hizpide 65

Ikasle hasiberriei euskara irakasteko materialak (eta III): prozedura metodologikoak

Azken 50 urteotan aldabide nabarmena izan da hizkuntzen irakaskuntzarako metodologiaren arloan. Arian-arian irakaskuntzarako teknika ugari sortu dira. Haatik, une honetan ez dugu datu nahikorik beroien eraginkortasuna zenbaterainokoa den erabakitzeko. Mugak muga, HEOKak hiru eskakizun ezartzen dizkio metodologiari: a) Adimen-eragiketa eraginkorrak bultzatu eta lagundu behar ditu; b) hizkuntzaren ezaugarri pragmatiko zein formalak jarri behar ditu jokoan; c) ikasleen satisfazio-maila eta ikasteko gogoa areagotu behar ditu. Hainbat dira irizpide horietan oinarria duten prozedura metodologikoak. HEOKak horietako batzuk aipatzen ditu gai honi eskainitako atalean (HEOK, 1999: 86-88). Aldeak alde, denek dute alderdi komun bat: denek iradokitzen dute hiru etapako eredu orokor bat: a) egin aurrekoa (helburuez jabetzeko; aurrezagutzak aktibatzeko; planifikatzeko; etab.); b) egin bitartekoa (kontrol mekanismoak, lagungarriak…) eta c) egin ostekoa (feedbacka, ebaluazioa, errepikapena…). Lan honetan aztertu nahi izan dugu nola jorratzen diren hasiberrientzako ikasmaterialetan aldagaiok: nola kudeatzen dituzten ikastearen alderdi psikologikoak, linguistikoak eta afektibo-bolitiboak, prozedura metodologiko orokorraren hiru etapetan. Horren bidez, ikusi ahal izan dugu nola irudikatzen duten material horiek ikas-prozesua eta zenbateraino hurbiltzen diren HEOKaren planteamenduetara.
hizpide 62

Ikasle hasiberriei euskara irakasteko materialak (I): Hiru mugarri gaitasun komunikatiboa jomuga

Helduen Euskalduntzerako Oinarrizko Kurrikuluak (HEOK) –Hizkuntzen Irakaskuntzarako Europako Marko Bateratuak, bezalaxe– argi utzi nahi izan du ezin dela hizkuntzak irakasteko metodo bat eta bakarra gomendatu (HEOK, 1999: 83). Rod Ellis adituak ere ondorio bera atera du egin berri duen txosten tekniko batean (Ellis, 2005). Haatik, gaur egun, erro sendoak ditu ideia batek: hizkuntza, areago da komunikazioa, egiturazko sistema bat baino. Aintzatespen honek eztabaida korapilatsuak barneratzen ditu; eta ez gara horiek askatzen hasiko hemen. Baina badu ondorio bat hizkuntzen irakaskuntzarako, curriculum modernoek bere egin dutena: ikuspegi estrukturaletik ikuspegi komunikatiborako urratsak eman beharra, sintesi berri eta dinamiko bat helburu (HEOK, 1999: 17). Ildo horretan, zera gomendatu zuen HEOK-ak: urrats batzuk eman beharra “ezagutzatik erabilerara”, “sistema linguistikotik sistema analitikora”, “produktutik prozesura”, “esalditik testura eta pragmatikara”, “zuzentasunetik egokitasunera” eta, azken batean, “gaitasun linguistikotik gaitasun komunikatibora”. Ikerketa-lan honetan aztertu nahi izan dugu nola jaso diren ideia hauek euskara hasiberriei irakasteko materialetan. Horretarako, HEOKaren itzalean argitara eman diren hiru ikasmaterial aztertu ditugu: 48 jarduera hautatu ditugu liburuko; eta bakoitzari 8 aldagai aztertzen dituen protokolo bat aplikatu diogu. Artikulu honetan ikerketa horren emaitza kuantitatibo eta kualitatibo nagusiak jaso dira. Datu horiek zera erakusten dute: aztertutako hiru ikasmaterialak puntu ezberdinetan kokatzen direla HEOK-ak gaitasun linguistikotik gaitasun komunikatibora definitu zuen lerroan. Beraz, hiru material hauek bide horretan nolabaiteko continuum bat eratzen duten arren, ezin esan daiteke erabat lortu dutenik HEOK-ak aldarrikatzen duen ikuspegi estrukturalaren eta ikuspegi komunikatiboaren arteko sintesi berri eta dinamikoa (HEOK, 1999: 17). Haatik, ezin uka daiteke bat egite hori ez dagoela urrun; hori pentsarazten digute, behintzat, bildutako datuek.