Ikasle hasiberriei euskara irakasteko materialak (I): Hiru mugarri gaitasun komunikatiboa jomuga

Argitaratua: Friday, 12 May 2006, 12:00 PM
hizpide 62

Helduen Euskalduntzerako Oinarrizko Kurrikuluak (HEOK) –Hizkuntzen Irakaskuntzarako Europako Marko Bateratuak, bezalaxe– argi utzi nahi izan du ezin dela hizkuntzak irakasteko metodo bat eta bakarra gomendatu (HEOK, 1999: 83). Rod Ellis adituak ere ondorio bera atera du egin berri duen txosten tekniko batean (Ellis, 2005). Haatik, gaur egun, erro sendoak ditu ideia batek: hizkuntza, areago da komunikazioa, egiturazko sistema bat baino.

Aintzatespen honek eztabaida korapilatsuak barneratzen ditu; eta ez gara horiek askatzen hasiko hemen. Baina badu ondorio bat hizkuntzen irakaskuntzarako, curriculum modernoek bere egin dutena: ikuspegi estrukturaletik ikuspegi komunikatiborako urratsak eman beharra, sintesi berri eta dinamiko bat helburu (HEOK, 1999: 17). Ildo horretan, zera gomendatu zuen HEOK-ak: urrats batzuk eman beharra “ezagutzatik erabilerara”, “sistema linguistikotik sistema analitikora”, “produktutik prozesura”, “esalditik testura eta pragmatikara”, “zuzentasunetik egokitasunera” eta, azken batean, “gaitasun linguistikotik gaitasun komunikatibora”.

Ikerketa-lan honetan aztertu nahi izan dugu nola jaso diren ideia hauek euskara hasiberriei irakasteko materialetan. Horretarako, HEOKaren itzalean argitara eman diren hiru ikasmaterial aztertu ditugu: 48 jarduera hautatu ditugu liburuko; eta bakoitzari 8 aldagai aztertzen dituen protokolo bat aplikatu diogu.

Artikulu honetan ikerketa horren emaitza kuantitatibo eta kualitatibo nagusiak jaso dira. Datu horiek zera erakusten dute: aztertutako hiru ikasmaterialak puntu ezberdinetan kokatzen direla HEOK-ak gaitasun linguistikotik gaitasun komunikatibora definitu zuen lerroan. Beraz, hiru material hauek bide horretan nolabaiteko continuum bat eratzen duten arren, ezin esan daiteke erabat lortu dutenik HEOK-ak aldarrikatzen duen ikuspegi estrukturalaren eta ikuspegi komunikatiboaren arteko sintesi berri eta dinamikoa (HEOK, 1999: 17). Haatik, ezin uka daiteke bat egite hori ez dagoela urrun; hori pentsarazten digute, behintzat, bildutako datuek.

Beste eduki interesgarriak

Hizpide 65

Ikasle hasiberriei euskara irakasteko materialak (eta III): prozedura metodologikoak

Azken 50 urteotan aldabide nabarmena izan da hizkuntzen irakaskuntzarako metodologiaren arloan. Arian-arian irakaskuntzarako teknika ugari sortu dira. Haatik, une honetan ez dugu datu nahikorik beroien eraginkortasuna zenbaterainokoa den erabakitzeko. Mugak muga, HEOKak hiru eskakizun ezartzen dizkio metodologiari: a) Adimen-eragiketa eraginkorrak bultzatu eta lagundu behar ditu; b) hizkuntzaren ezaugarri pragmatiko zein formalak jarri behar ditu jokoan; c) ikasleen satisfazio-maila eta ikasteko gogoa areagotu behar ditu. Hainbat dira irizpide horietan oinarria duten prozedura metodologikoak. HEOKak horietako batzuk aipatzen ditu gai honi eskainitako atalean (HEOK, 1999: 86-88). Aldeak alde, denek dute alderdi komun bat: denek iradokitzen dute hiru etapako eredu orokor bat: a) egin aurrekoa (helburuez jabetzeko; aurrezagutzak aktibatzeko; planifikatzeko; etab.); b) egin bitartekoa (kontrol mekanismoak, lagungarriak…) eta c) egin ostekoa (feedbacka, ebaluazioa, errepikapena…). Lan honetan aztertu nahi izan dugu nola jorratzen diren hasiberrientzako ikasmaterialetan aldagaiok: nola kudeatzen dituzten ikastearen alderdi psikologikoak, linguistikoak eta afektibo-bolitiboak, prozedura metodologiko orokorraren hiru etapetan. Horren bidez, ikusi ahal izan dugu nola irudikatzen duten material horiek ikas-prozesua eta zenbateraino hurbiltzen diren HEOKaren planteamenduetara.
hizpide 63

Ikasle hasiberriei euskara irakasteko materialak (II): kontzientzia, autonomia eta benetakotasuna ikusmiran

Aurreko lanaren ildotik, artikulu honetan ikasle hasiberrientzat azken urteotan argitaratutako hiru ikasmaterial aztertu ditugu. Oraingo honetan, material hauen proposamenek baliatzen dituzten ikaskuntza-ereduei begiratu diegu. Lehenbizi, materialok eskaintzen dituzten programen jomugak, egitura eta lehentasunak aztertu ditugu. Ondoren, begiratu dugu ea zein diren materialok sustatzen dituzten adimen-operazioak. Azkenik, ikaskuntza laguntzeko sortzen dituzten baldintzak xehatu ditugu. Egiaztatu ahal izan dugunez, alde handiak daude aztertutako materialek proposatzen dituzten ikas-ereduen artean. Alde handiak ikusi ditugu, halaber, HEOKak aldarrikatzen dituen irizpideen eta material hauetako batzuek baliatzen dituztenen artean.