Irakasbil
Didakteka
Hizkuntzen irakaskuntzan 2026rako aurreikusitako joerak: zein ari dira eragina izaten?
2025eko abenduan, Pearsonen blogean argitaratutako artikulu batean, Charlotte Guestek 2026an hizkuntzen irakaskuntzan eragina izango zuten bederatzi joera nagusi aurreikusi zituen. Honako hauek izan ziren:
- adimen artifiziala irakaslearen laguntzaile, ez ordezko;
- datuetan oinarritutako pertsonalizazioa, gaitasun-esparru argiekin;
- alfabetatze multimodala erdigunean;
- baliabideetan oinarritutako translanguaging-praktikak eta praktika eleaniztunak;
- irisgarritasunean eta diseinu unibertsalean oinarritutako ikaskuntza;
- mundu errealeko komunikazio- eta enplegagarritasun-gaitasunak;
- ebaluazioaren bilakaera: gaitasun integratuak, atzeraelikadura formatiboa eta portfolioak;
- murgiltze-ikaskuntzaren eta ikaskuntza sozialaren hedapena;
- curriculum malgua eta diziplinartekoa: edukien eta atzerriko hizkuntzen ikaskuntza integratua (CLIL) eta gai globalak.
Egilearen arabera, joera horiek praktikara eramanez gero, honako ezaugarri hauek indartuko lirateke: pertsona ikaskuntzaren erdigunean mantentzea, aurrerapena gaitasun-esparru argietan oinarritzea, ikaskuntza irisgarri eta malgua sustatzea, benetako testuinguruekin lotzea eta ebidentziak hobekuntza progresiborako erabiltzea.
2026ko ikasturteari ekinda, Javier Muñoz-Basolsek joera horien bilakaerari buruzko hausnarketa plazaratu du LinkedInen. Haren ustez, garrantzitsuena ez da aurreikuspenak bete diren ala ez egiaztatzea, baizik eta zein ari diren benetako eragina izaten eskoletan. Ildo horretan, adimen artifiziala gero eta gehiago ulertzen da irakasleen lana osatzeko tresna gisa, materialak sortzeko, jarduerak egokitzeko edo hasierako feedbacka emateko lagungarri; eleaniztasuna, berriz, ikasleen hizkuntza-errepertorioa aitortu eta xede-hizkuntzarako zubiak eraikitzeko baliabide gisa. Azken batean, joera batek benetako balioa du ikaskuntza-esperientzia hobetzen duenean eta praktika jasangarri, etiko eta pedagogikoki esanguratsu bihurtzen denean.

Javier Muñoz-Basolsek egindako infografia.
Haren baimenaz itzulia eta argitaratua.
Copilot baliatuta egindako irudia.
Erreferentziak
Guest, C. (2025, abenduaren 12a). Language education trend predictions for 2026. Pearson blog. https://www.pearson.com/languages/es-es/community/blogs/2026-language-teaching-trends.html
Muñoz-Basols, J. (2026, irailaren 7a). En enero hablábamos de las grandes tendencias que marcarían la enseñanza de lenguas en 2026. Ahora, en septiembre, es un buen momento para hacerse una pregunta: ¿Se están cumpliendo las predicciones? Entre las claves señaladas para este año aparecían varias ideas [Erantsitako irudia] [Argitalpena]. LinkedIn. https://www.linkedin.com/feed/update/urn:li:activity:7502633621133004800/
