Hizkuntzak ikasteari buruzko usteak: gaia zertan den

Argitaratua: Sunday, 18 May 2003, 1:35 PM
hizpide 54

Artikulu honetan, “usteak” izeneko aldagaia aztertuko dugu. Denok ditugu hainbat uste hizkuntzak ikasteari nahiz irakasteari buruz: haurtzaroan ikasten ez bada ez dago H2 ikasterik; gramatika garai zaharretako kontua baino ez da; izaera isilekoei gehiago kostatzen zaie ikastea; irakasle hobea da xede-hizkuntzaren jatorrizko hiztuna H2 gisa ikasi duena baino, etab. Uste horiek ez dute norberaren esperientzietan beti oinarrituta egon beharrik. Eta askotan ustelak ere izan litezke. Bidezkoa da pentsatzea ikasleek beren usteen arabera jardungo dutela hizkuntza ikastean, hau da, usteak nolakoak ikas-estrategiak halakoak izango direla. Ikasleen usteak bezain garrantzizkoak dira irakasleenak ere. Eta badu, era berean, bere garrantzia ikasleen eta irakasleen usteak bat etortzeak. Alor honetan ari diren ikertzaileen galderak dira, besteak beste, usteak zein diren, oinarria non duten baita ikas-prozesuari eta lorpenari berari ere nola eragiten dioten.