Hitz elkartuen idazkera

Argitaratua: Wednesday, 28 September 2016, 11:55 AM
Alex Mungia

Aurreko batean, hitz-elkarte ilunei buruz jardun genuen, eta, oraingoan, gehiago sakonduko dugu hitz elkartuak idazteko moduan.

Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuan, honako adibide hauek azaltzen dira (marratxoz eta marratxorik gabe idatzita) eguzki sarreran, esaterako :

  • eguzki-lore edo eguzki lore
  • eguzki-sistema edo eguzki sistema
  • eguzki-urte edo eguzki urte

Kazetaritzako testuetan, marra ez erabiltzeko joera dago, zeren eta, testua  zutabeetan  antolatzen  denean  eta  hitzak  moztu  egiten  direnean,  nahasgarri  gera  baitaiteke  horrenbeste  marra.

Eta zientzia  eta  teknikaren alorrean, berriz, marra erabiltzeko  joera  dago, anbiguotasuna saihesteko.

Horren harira, interesgarria da oso Igone Zabalaren ekarpena:

“Hizkuntzaren erabilera orokorretan, arazorik gabe ulertuko ditugu telefono(-)zenbaki edo autobus(-)geltoki izen elkartuak. Erabilera apur bat espezializatuagoetan murgiltzen garenean, aldiz, jakina da eguzki-lore motako eta sintetikoen ataleko hainbat hitz elkartu anbiguoak izan daitezkeela, [izena + adjektiboa] egiturako izen-sintagmen forma bera baitute. Horren adibide ezaguna da, esaterako: landare parasito vs landare-parasito. Garbi dago marratxoak laguntzen digula desanbiguazioa egiten”.

 

Iradokizuna:

Komeni  da koherentzia  formala  gordetzea, irakurlea nahasi nahi ez bada:  egile  berak  testu  berean  berdin  jokatzea.

 

INFORMAZIO OSAGARRIA:

1.- Euskaltzaindiaren 25. araua: “HITZ ELKARTUEN OSAERA ETA IDAZKERA”

2.- Ikasbil

3.- Igone Zabalaren “Hitz elkartuen idazkera eta erregistroak”


Beste eduki interesgarriak

Alex Mungia

Hitz-elkarte ilunak

Askotan, hitz-elkarketak ere baditu bere mugak. Osagaien arteko erlazio ilunak direla medio, mezu-hartzailearentzat ulergaitz gerta daiteke hainbat kasutan hitz elkartua. Hobe da kasu hauetan eraikuntza sintaktiko libreetara jotzea, argitasunaren mesedetan.