Didakteka
HABE Liburutegiaren webgune berritua
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Bisitak: 467
- Iruzkinak: 0
- Gogokoak: 1
Zer aurki daiteke HABE Liburutegiaren webgunean?
Lehenik eta behin, Liburutegiari berari buruzko informazioa: zer den, zer biltzen duen, zein saretan egiten dugun lan... Halaber, eskaintzen ditugun zerbitzuei buruzkoa ere badago: mailegua, liburutegien arteko mailegua, kontsultak.
Liburutegien arteko mailegu zerbitzuari garrantzi berezia ematen diogu, gure konpromisoa Liburutegiaren espezializazio eremukoak diren dokumentuak erabiltzaileen eskura jartzea baita, guk eduki ala ez.
Bestalde, webgunearen atalen artean badaude, gure iritziz, didaktika-arloan ari direnentzat interesgarriak izan litezkeenak:
- nobedadeak;
- gaikako bibliografia;
- e-aldizkariak;
- gidak;
- Elegunea.
Nobedadeak
Webgunearen bidez Liburutegiak jasotzen dituen dokumentuen berri izateko aukera dago Nobedadeen atalean.
Nobedadeetara jotzeko bi era daude:
- Goiburuan azaltzen den menutik. Horrela nobedade edo eskuratu berri guztiak ikus litezke.
- Liburutegia banatuta dagoen hiru gai nagusitan (Hizkuntzalaritza aplikatua, Euskal biblioteka, Material didaktikoa) aukeraketa egin ahal da, beharraren arabera, bat edo beste aukeratuz.
Behin barruan, filtroak aukeratuz findu ahalko da bilaketa:
- liburu-mota;
- gaia;
- hizkuntza;
- hizkuntza-maila.
Zerrendako item bat aukeratuz gero, dokumentuaren oinarrizko informazioa ikusi ahalko dugu:
- egilea;
- izenburua;
- laburpen txiki bat;
- Liburutegiko katalogorako lotura.
Gaikako bibliografia
Gaikako bibliografiaren kasuan ere, bi lekutatik hel liteke bertara:
- goiburutik;
- webgunearen lehen orrian dagoen zerrendako gaietako batean klikatuz.
Atal horretan Liburutegiko espezializazio eremua osatzen duten gaien inguruko bibliografiak eskaintzen dira. Liburutegian bertan ditugun dokumentuz osatuak, eta gai bakoitzari lotutako erreferentziak eskaintzen dira, betiere data batetik aurrerakoak. Item bakoitzean klikatuz gero, adibidez, "Hizkuntza-irakasleen prestakuntza", gure katalogoan gai horren inguruan dagoena ikusi ahalko da (liburuak, kapituluak…).
eAldizkariak
eAldizkariak atalean soziolinguistika, bigarren hizkuntzen didaktika, psikolinguistika, hizkuntzak eta hezkuntza aztergai dituzten aldizkarien orrialdeetarako sarbidea aurki daiteke. Horietaz gain, euskaraz argitaratutako aldizkariak ere bai. Batzuk irekian argitaratzen dira, eta beste batzuek, aldiz, sarbide mugatua dute.
Sarbide baimendua dutenen kasuan, hau da, sarbide irekian argitaratutakoak, artikulua osorik irakurri edo deskarga daiteke. Sarbidea mugatua dutenei dagokienez, ohar batez adierazten da izenburuaren ondoan. Kasu horietan zenbakien aurkibideak eta artikuluen abstrac-ak irekian eskaintzen dira, baina ezin dira artikuluak osorik irakurri edo deskargatu.
Alertak
Alertak zerbitzuari buruzko informazioa ere eskaintzen dugu webgunean. Zerbitzu honen bidez hainbat aldizkari zientifikoren produkzioa kontrolatzeko aukera eskaintzen dugu. Liburutegiak proposatutako zerrendatik norberak aukera dezake zein aldizkari diren bere interesekoak eta zerbitzuan izena emanez gero, horren zenbaki berria argitaratzen den aldiro, aurkibidea jasoko du postaz. Aurkibide horretan intereseko artikuluren bat topatzen badu, eskatzerik ere badago, liburutegiarekin harremanetan jarrita.
Gidak
Gidak atalean liburutegiak ondutako hainbat gida aurki daitezke. Horien artean, 2017tik hona urtero argitaratzen dugun “Euskararen bibliografia hautatua” azpimarratu nahi dugu. Gida horretan biltzen ditugu urtero euskararen inguruan argitaratzen diren erreferentzia hautatu batzuk. Hautaketa egiteko kontuan hartzen dira euskararen alderdi didaktiko, sozial, psikologiko eta hezkuntzazkoak jorratzen dituzten lanen erreferentziak; baita euskara ikasteko materiala ere.
Elegunea
Elegunearako sarbidea ere eskaintzen dugu. Elegunea Eibarko Liburutegiak eta HABE Liburutegiak elkarlanean sortutako hizkuntzak ikasteko baliabideen ataria da (euskara, ingelesa, frantsesa, gaztelania eta beste batzuk). Bertan, hizkuntzak ikasteko Interneten dauden doako baliabideak daude bildurik.
Harremanetarako
Bukatzeko, hemen azaldutakoari buruz edo liburutegiari buruzko zalantzaren bat edo informazio gehiagoren beharra izanez gero, gurekin harremanetan jartzea badago liburutegi@habe.eus helbidean.