HABE Liburutegia: hizkuntzen ezagutzan eta ikasketan espezializatutako liburutegi publikoa

Argitaratua: Monday, 20 February 2023, 9:41 AM
HABE Liburutegia

HABE Liburutegia hizkuntzen ezagutzan eta ikasketan espezializatutako liburutegi publikoa da. Euskaratik eta Euskal Herriko hizkuntza-egoeratik abiatuta, eleaniztasuna du ardatz. Hori horrela, hori atal ditu liburutegiak:

    • Hizkuntzalaritza aplikatua, liburutegiaren espezializazio eremuko literatura zientifikoa jasotzen duena.
    • Euskal biblioteka, euskarazko produkzioa jasotzen duena, edozein delarik jorratzen duen gaia.
    • Material didaktikoa, hizkuntzak ikasteko eta irakasteko material didaktikoa biltzen duena.

Publikoa den aldetik, gizarte osoari eskaintzen dizkio bere zerbitzuak. Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko (EIPS) partaide da.  EAEko hiru lurraldeetako 304 liburutegik baino gehiagok osatzen dute Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea, gehienak udal liburutegiak, baina baita bestelakoek ere. Nahikoa da Sare horretako edozein liburutegitako bazkide izatea gure zerbitzuak jaso ahal izateko.

Espezializatua den aldetik, Liburutegiak erabiltzaileen esku jartzen ditu, bertan eduki ala ez, bere espezializazio eremua osatzen duten gaiei lotutako dokumentuak. Hizkuntzen didaktika, soziolinguistika, psikolinguistika, eta hezkuntza elebiduna / eleanitza dira jorratzen ditugun gaiak. Gai hauen inguruan ekoizten den nazioarteko literatura zientifikoa jasotzen dugu. Euskararen didaktika, euskararen egoera, Euskal Herriko hizkuntza-egoera eta Euskal Herriko hezkuntza-sistemek egiten duten hizkuntzen kudeaketari dagokionez, gaion jarraipen zehatza egiten dugu.

Azken hamar urteotan, indar berezia jarri dugu Liburutegiak eskaintzen dituen zerbitzuak ekoizpen zientifikoak bizi izan dituen aldaketei eta gure erabiltzaileen beharrei egokitzeko.

Azpimarratu nahi dugu espezializazio eremuaren barne dagoen dokumentazioari dagokionez, Liburutegiaren konpromisoa dela erabiltzaileek behar dituzten dokumentuak lortzea, gure bildumakoak izan ala ez. Horretarako, ezinbestekoa da beste liburutegi eta dokumentazio zentroekin sarean lan egitea eta haiekin osatutako sareei esker Liburutegien arteko mailegu-zerbitzu (LAM) ona eskaintzea. Zerbitzu honen bidez, liburutegiek beren bilduman ez dauden dokumentuak eskaintzen dizkiete erabiltzaileei eta, era berean, beren funtsak beste liburutegientzat eskuragarri jartzen dituzte.

Liburutegiak LAM zerbitzua eskaintzen du hiru sare hauetan:

    • Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea. Zerbitzu honen bidez Sareko erabiltzaileek  Liburutegiko dokumentuak jaso eta itzul ditzakete beraiek aukeratutako liburutegian. Ez da HABE Liburutegira etorri beharrik bertako dokumentuak maileguan hartzeko. Nahikoa da Sareak eskaintzen duen LAM zerbitzua erabiltzailea dokumentu horiek norberak aukeratuko liburutegian jasotzeko. Era berean, Liburutegiak erabiltzaileen eskura jartzen ditu bere bilduman ez dauden baina Sarean beste liburutegiek dituzten dokumentuak.
    • REBIUN (Red de Bibliotecas Universitarias). Espainiar Estatuko unibertsitate guztiak eta beste erakunde batzuk biltzen ditu REBIUNek. HABE Liburutegiak sare honetan parte hartzen du eta liburutegi horiekin guztiekin liburutegien arteko mailegua egiten du.
    • WorldCat. Mundu-mailako katalogo kolektibo bat da WorldCat, milaka liburutegiren funtsak biltzen dituena. Liburutegiak bertan hartzen du parte eta sare honek ere LAM zerbitzua eskaintzen du.

LAM zerbitzuaren bitartez liburuez gain artikuluak ere eskura daitezke. Hala, gurean ez dauden artikuluak behar izanez gero, LAM bidez lortuko ditugu eta erabiltzailearen eskura jarriko ditugu. Izan ere, azken hamarkadan, eta bereziki liburutegi espezializatuen munduan, produkzio zientifikoaren oinarrizko informazio-unitate bihurtu da artikulua.  Liburuak betetzen zuen tokia hartzen dute, gaur egun, liburuetako kapituluek eta, batez ere, aldizkarietako artikuluek; gehienetan modu digitalean kudeatzen diren aldizkarietan argitaratutakoek. Liburutegiak jorratzen duen espezializazio-eremuak ere garapen bera izan du eta, ondorioz, artikulu-eskariak dira nagusiki Liburutegiak jasotzen dituenak.

Aldaketa hauek ekarri dituzten behar berriei erantzuteko, Alertak zerbitzua jarri zuen abian HABE Liburutegiak. Zerbitzu horren bitartez, harpidetuak dituen 136 aldizkari zientifikoen produkzioa kontrolatzeko aukera eskaintzen du Liburutegiak. Hizkuntzen alderdi soziologikoa, didaktikoa, psikologikoa eta hezkuntzazkoa jorratzen dituzten nazioarteko aldizkariak dira gehienak. Eta norberak intereseko dituen aldizkariak aukeratu ondoren, aldizkari horietako batek ale berri bat argitaratzen duen aldiro e-postaz aurkibidea jasotzeko aukera ematen du zerbitzuak. Aurkibide horretan norberaren intereseko artikulurik balego, eskatzerik ere badago.

Bestalde, Liburutegian biltzen ditugun funtsei buruzko informazio ugari eskaintzen dugu gure webgunean

    • Eskuratu berrien zerrendan aurki daiteke Liburutegiak jasotzen dituen nobedadeen berri. 
    • Gaikako bibliografietan, berriz,  gai jakin batzuei buruz ditugun dokumentuen inguruko informazioa topa daiteke. Horien artean: euskararen didaktika, hizkuntza-irakasleen prestakuntza, euskararen alderdi sozialak eta politikoak, etab. 
    • Gidak ere argitaratzen ditu bere webgunean Liburutegiak, euskarari buruzko bibliografia hautatua bereziki, urtero formatu digitalean kaleratzen duena.

Liburutegia eta eskaintzen dituen zerbitzuak ezagutzera emateko asmoz, bideo bat prestatu dugu.  Sarrera honetan idatzitakoa laburbiltzeko balio dezake.



Show comments
  • 2019anIñaki Murua - Tue, 24 Oct 2023, 10:56 AM
    Urriaren 24a da #LiburutegienEguna
    Zorionak, HABE Liburutegia, eta aurrera egiten duzuen lanarekin!

Beste eduki interesgarriak

HABE liburutegia

Zer egin dokumentuak eskuratzeko? Informazio-iturriak eta dokumentu-hornitzaileak

Artikuluen pisua gero eta handiagoa da informazio-iturri gisa. Hau honela, Inguma eta Dialnet bezalako datu-base espezialduak dira oinarrizko tresna artikulu-zientifiko bila dabilenarentzat. Ildo berari jarraikiz, artikuluen eskaria nagusitzen ari da liburutegiei eskatzen zaien zerbitzuen artean. Eta, kontuan izan, HABE Liburutegiak, publikoa eta espezializatua izanik, euskararen didaktika eta, oro har, bigarren hizkuntzen didaktikaren alorreko dokumentazioaren bila dabilenari zerbitzu telematikoak ere eskaintzen dizkiola, nor bere etxe edo bulegotik, dokumentuak eskatu eta jasotzeko zerbitzua, alegia
HABEren webgunea

HABE Liburutegiaren webgune berritua

Azaroaren bukaera aldera Liburutegiko webgunearen itxura berritu genuen, erabilerrazagoa eta bisualagoa izan dadin. Abagunea aprobetxatuz, sarrera honek webgunearen nondik norakoak azaleratzea du helburu, alegia, eskaintzen dituen informazio eta baliabideen berri ematea.