Irakasbil
Didakteka
Falta egiten badizu, irakurri falta(tu) gabe
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Jakintza-arloa:
- Hizkuntza-arloa:
- Hizkuntzalaritza

- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Jakintza-arloa:
- Hizkuntza-arloa:
- Hizkuntzalaritza
- Bisitak: 79
- Iruzkinak: 0
- Gogokoak: 0
Falta hitza maiz erabiltzen dugu; eta batzuetan zalantzak daude harekin, zenbait erabilera baititu:
- izena da;
- maiz hitz elkartu baten burua;
- aditz-lokuzioen parte ere bada;
- postposizio bat osa dezake.
Gainera, faltatu aditzarekin nahasi daiteke.
Falta Izena
Izen gisa, faltak gabezia, eskasia edo hutsunea adierazten du. Besteak beste, errua edo arau-haustea ere adieraz dezake, bai kirolean, bai zuzenbidearen esparruan:
Aranburuk falta egin zuen eta txartela atera zioten.
Elkarketan, burua da eta aurretik azaltzen den beste izen bat osagarria. Bila eta eske dituzten elkartuen antzera, bereiz idazten da:
Lo falta.
Pazientzia falta.
Pulamentu falta.
Aurretik aditz-partizipioa nahiz aditz-sintagma ere ager daiteke (Euskaltzaindia, 2021, 252. or.):
Ez jakin faltaz, eskuaraz izkiriatu faltaz
Halakoetan, mugakizunak -z postposizio atzizkia hartzen du edo inesiboa,
Ikasbide hori aditu faltan, inor ez dadin gal dadin.
Euskaltzaindiaren Hiztegiak postposiziotzat jo ditu.
Falta izan eta falta egin
Falta izan egiturak zerbait ez edukitzea edo zerbait behar adina ez izatea adierazten du:
Beso bat falta du.
Falta izenak eta izan aditzak osatzen dute predikatua, eta izenak zuzenean hartu dezake aspektu prospektiboaren morfema:
Azterketa amaitzeko denbora faltako zaigu.
Falta egin lokuzioak norbaiten edo zerbaiten hutsunea nabaritzea adierazten du.
Eskolan ikasiko dituzue gero falta egingo dizuen gauzatxo asko. (Ag Serm 301).
Erlatiboak adina falta egiten digun beste egiturarik ez dago ezein hizkuntzatan, gure inguruan behintzat (Miel Anjel Elustondo, Argia).
Falta egiten duen pertsona edo gauza da subjektua askotan, eta ergatiboa hartzen du:
Falta bat bakarra du hamaiketako honek: bizigarri batek falta egiten dio.
Faltan/faltaz postposizioak
Postposioak dira, eta -ik gabe erabiltzen dira eta dagokion izen sintagmak -en atzizkia har dezake edo artikulurik eta kasu markarik gabe joan daiteke:
Zer ote den lore eder baten faltan bizi izatea.
Hitz hori erabiliko dut besteren faltaz.
Falta izan ≠ faltatu
Euskara Batuaren Eskuliburuaren arabera (Euskaltzaindia, 2018, , falta izan eta faltatu sinonimoak dira hainbatetan:
Ez zaizkio ezkontzeko aukerak falta izan / faltatu.
Faltatuk, ordea, beste adiera bat ere badu: ‘huts egin’, du laguntzailearekin:
Nik zugana, dakidala, faltatu eztut bizian.
|
Erabilera |
Gomendioa |
Adibideak |
|
Falta duten hitz-elkartuak |
Bereiz idatzi. |
Komunztadura falta, aditz falta, ergatibo falta. |
|
Faltan bota |
Euskaltzaindiak falta nabaritu, falta sumatu eta kideko esapideak erabiltzea gomendatzen du. |
Zure falta nabaritu dugu; haren falta sumatzen dut. |
|
Falta izan / faltatu |
Biak erabil daitezke gabezia edo eskasia adierazteko, testuinguruaren arabera. |
Gutxi faltatu zitzaien betiko haserretzeko / Ez zitzaizun arrazoia falta |
|
Faltatu aditza |
Huts egin adierazteko ere erabiltzen da, du laguntzailearekin. |
Nik zugana, dakidala, faltatu eztut bizian. |
|
Faltan / faltaz postposizioak |
-ik gabe erabiltzen dira; izen-sintagmak -en atzizkia har dezake, edo artikulurik eta kasu-markarik gabe ager daiteke. |
Lore eder baten faltan bizi izatea; besteren faltaz. |
Jarduera C2 mailarako
Euskaltzaindiak argitaratutako Lingua Vasconum Primitiae lanean bilatu falta eta faltatu formak, eta aztertu nola erabiltzen dituen Etxeparek.
Alderatu aurkitutako adibideak gaur egungo erabilerarekin.
Erreferentzia bibliografikoak
Euskaltzaindia. (d. g.). Falta izan ≠ Faltatu. https://www.euskaltzaindia.eus/index.php?option=com_ebe&view=bilaketa&Itemid=1161&task=bilaketa&lang=eu&id=626&highlight=falta
Euskaltzaindia. (2018). Euskara Batuaren Eskuliburua: A-tik Z-ra, zalantzak eta argibideak. https://www.euskaltzaindia.eus/index.php?option=com_argitalpenak&Itemid=1217&view=katalogoa&lang=es&edukia=fitxa&argitalpena_id=533
Euskaltzaindia. (2021). Euskararen gramatika (I. liburukia). https://www.euskaltzaindia.eus/dok/iker_jagon_tegiak/83272-1.pdf
HABE. (2008, urtarrilaren 3a). Zure falta nabaritu. Ikasbil. https://www.ikasbil.eus/eu/hizkuntza-arauak-fitxa?articleId=16388273
