Didakteka
Euskaltzaindiaren webgunean egokitzapenak eta berrikuntzak
Argitaratua: Monday, 16 September 2024, 1:40 PM
Webgune honetako foroetan (hizkuntz kontuak eta didaktikakoan, besteak beste) eman ohi dugu Euskaltzaindiaren eta horren ekimenen berri; hala ere, burutu dituzten azken egokitzapenak, berrikuntzak eta ekarpenak sarrera batean biltzeari egoki iritzi diogu. Hona hemen laburpena.
- Euskaltzaindiaren Hiztegia eguneratu ondoren, 50.535 forma jasotzen ditu hiztegi arauemaileak. Edonola ere, etengabe berrikustea da asmoa eta kalitatezkoa izatea lehenesten da. (Albistea).
- Bost bideo-tutorial argitaratu dituzte Euskaltzaindiaren Hiztegiari probetxua ateratzeko eta erabilera errazteko. Izan ere, esanahiaz gain, askoz informazio aberatsagoa eskaintzen du. (1. albistea). (2. albistea). Hauxe da bost bideo horien edukia:
- hiztegiaren egitura;
- sarreren eta azpisarreren oinarrizko bilaketak;
- bilaketa aurreratuak;
- beste zenbait bilaketa;
- unitate fraseologikoak.
- Oinarrizko lexiko teknikoak bildu dituzte hizkuntza-baliabideak eremuko hiztegi espezializatuak atalean eta pdf formatuan. UZEIrekin lankidetzarekin argitaratutako oinarrizko lexikoak ere badaude esparru berean, baita gai jakin batzuen inguruan egindakoak ere.
- Hizkuntza-zalantzak argitzeko Jagonet kontsulta-zerbitzua eguneratu dute eta 52 fitxa berri erantsi dira bertan. Zerbitzua baliatzeko bi era daude: datu-basean bilatzea edo erantzunik aurkitu ezean galdera egitea. (Albistea).
- Euskararen aro eta euskalki guztietako lexikoa jaso eta antolatzea xede duen Orotariko Euskal Hiztegia edukiz aberastu dute eta itxuraz berritu. Azken eguneraketaren ondoren, 14. argitaraldi digitalean alegia, 147.011 sarrera daude orain, 58.248 azpisarrera eta 716.914 adibide. (Albistea).
- “Noeren ontzia” ekimena jarri dute abian. Hezkuntzarako irautea eta zabaltzea merezi duten euskal testuak jasotzen ari dira webgunean, egungo ortografiara eta morfologiara ekarrita baina lexikoa eta sintaxia ukitu gabe. Gainera, informazio multimodal osagarria eskaintzen dute. (Albistea).
Show comments