Euskaltegien datuak ChatGPTren begietatik

Argitaratua: Wednesday, 22 May 2024, 8:29 AM
Beñat Erezuma

Azken bi urteotan, gure artean, zalaparta izugarria sortu du ChatGPT txatbotak. Asko eta asko gara haren atzaparretan erori garenak, bata bestearen atzean eskaintzen dizkigun hitzen sekuentziekin liluratuta. Beste egun baterako utziko dugu horrelako teknologiek duten alde iluna, baina, gaurkoan, bere aurpegi argiak eskaini dezakeen aukeretariko bat azalduko dugu: edozein irudi “ulertzeko” duen gaitasuna. Eta, horretarako, HABEk helduen euskalduntzea ebaluatzeko oinarrizko 10 adierazleren datuekin ChatGPTk zer egin duen azalduko dugu.

Esperimentua

HABEk datu batzuk eskaintzen ditu webgunean. Datu horiek euskaltegi guztietatik lortutakoak dira, oinarrizko 10 adierazletan egituratuta, helduen euskalduntzea ebaluatzeko erabilgarriak (ikasleriaren bilakaera, emakumezko ikasleriaren bilakaera, ikasleen batez besteko adina, eskola-ordu kopuruaren bilakaera, birmatrikulak, ikasleen banaketa mailetan, ikasleen banaketa ikastereduetan, ikasle-ratioa, asistentzia eta bajak).

Datu horiek aztertu eta grafikoak sortzeko eskatu diogu ChatGPTri. Eta gauzak zailtze aldera, datuok taula formatuan eskaini beharrean txatbotari, pantaila-irudiak baino ez dizkiogu eskaini; hau da, testurik ez du jaso zuzenean.

Ikus dezagun adibide bat:

Ikasleriaren bilakaera erakusten duten datuak eskaintzen ditu HABEren webguneak. Datu horiek biltzen dituen taulari argazki bat atera diogu, eta eskatu diogu ChatGPTri irudi hori datu bilakatzeko eta datu horiekin grafikoa sortzeko.


Eta zer egin du ChatGPTk?

Irudi hori testu bihurtu du lehenik eta behin, eta, horretarako, Python izeneko programazio-lengoaia erabili du. Hemen ikus dezakezu nola sortu duen programa baten Python lengoaia erabiliz.



Ondoren, programa hori exekutatu du txatbotak guk ezer egin gabe eta zuzenean eskaini digu ikasle-kopuruaren bilakaera adierazten duen grafikoa. Hemen duzu eskaini digun irudia

 

Grafikoaren azpian testu hau eta ondorengo bi galderak ere eskaini dizkigu.


Horrela jardun dugu HABEk bere web-orrian eskaintzen dituen beste 9 adierazleekin, eta bakoitzerako grafiko bana eskaini digu.

X edo Twitter plataforma

Esperimentuarekin amaitzeko, egindakoa X edo Twitter plataformara eraman nahi dugula adierazi diogu txatbotari eta datuetatik ateratako ondorioak zortzi txio dituen hari batean idazteko moduko testua eskatu diogu. Eta hau izan da bere erantzuna hitzez hitz eta emojiz emoji:


 1/8 🌟 HABE Euskaltegien Txostena 🌟 Aztertu ditugu HABE euskaltegien azken urteetako datuak. Hona hemen emaitza nagusiak eta ondorioak. ⬇️⬇️ #Euskara #Hezkuntza #HABE

2/8 📈 Ikasle Kopurua 📈 Ikasle kopuruak gorabeherak izan ditu. 2012-2013 ikasturtean 32,365 ikasle eta 2018-2019 ikasturtean 35,593 ikasle izanik. Azken urteetan kopuruak jaitsi egin dira, 2022-2023an 31,786 izanik. #Euskara

3/8 👩🎓 Emakumezkoen Kopurua 👩🎓 Emakumezkoen kopurua ere antzeko joera erakutsi du, 2012-2013an 21,750 emakumezko eta 2018-2019an 23,679 izanik. Azken urteetan, kopuruak zertxobait jaitsi dira. #Hezkuntza

4/8 🕒 Batez Besteko Adina 🕒 Ikasleen batez besteko adina handitu egin da: 2012-2013an 37,15 izatetik 2019-2020an 39,17 izatera. Adinak zertxobait jaitsi da azken urteetan, 2022-2023an 38,28 izanik. #Euskara

5/8 🏫 Emandako eta Hartutako Orduak 🏫 Emandako orduak 7M izatera iritsi dira 2018-2019an. Hartutako orduen kopuru altuena 2021-2022an izan zen, 5.3M ordu izanik. Ikasleek aktiboki parte hartu dute! #Hezkuntza

6/8 📊 Asistentzia Ehunekoa 📊 Asistentzia ehunekoa hobetu egin da urteetan zehar, 2012-2013an 81,73% izatetik 2019-2020an 86,95% izatera. Ikasleek konpromisoa erakutsi dute euskaltegietara joateko! #Euskara

7/8 📉 Bajak Ehunekoa 📉 Bajak ehunekoak aldaketak izan ditu, baina joera egonkorra izan da. 2012-2013an 9,81% izatetik 2016-2017an 13,43% izatera, azken urteetan 10,67% izanik. #Hezkuntza

8/8 🏅 Ondorioak 🏅 HABE euskaltegiek egonkortasuna eta kalitatea mantendu dute azken urteetan. Datu hauek etorkizuneko plangintza eta hobekuntzarako baliagarriak izan daitezke. Aupa euskara ikasleak! 🌟 #Euskara #Hezkuntza #HABE

Txatboten lilura

Ikusten duzunez, ChatGPT bezalako txatbotek testua sortzeaz gain, irudiak interpretatzeko gaitasuna dute, baita irudi horietan dagoen informaziotik ondorioak ateratzeko ere. Esperimentu honetan gure ahotsa ez dugu erabili, baina txatbotarekin ahoz ere komunikatzeko aukera dugu eta euskaraz, gainera.

Amaitzeko, horrelako txatbotek gauza liluragarriak egiteko gaitasuna duten arren, zentzu kritikoz erabili behar ditugu, haren argitasunak itsutu ez gaitzan. Oro ez baita urre, eta txatbotek eskaintzen duten guztiak ez du zertan egia izan, teknologia horren atzean dagoena ez baita magia, matematika eta informatika baino ez da.


Beste eduki interesgarriak

HABE

Helduen euskalduntzeari buruzko datuak HABEren webgunean

Eguneratu egin dira euskalduntzearen sektoreari buruz HABEren webgunean dauden datuak. Lau multzotan daude datu horiek "estatistika-datuak" eremuan.