Didakteka
Euskal Gramatika: Egiturak eta Osagaiak gramatika sarean eskuragai (UPV/EHU)
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Area of knowledge:
- Hizkuntza-arloa:
- Linguistics
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Area of knowledge:
- Hizkuntza-arloa:
- Linguistics
- Bisitak: 762
- Iruzkinak: 0
- Gogokoak: 1
Euskal Herriko Unibertsitatearen webgunean dago eskuragai Euskal Gramatika: Egiturak eta Osagaiak (EGEO) lana. Gramatika honen egile Patxi Goenaga euskaltzain oso eta EHUko katedradun-ohiaren hitzetan, urte luzeetako lanaren emaitza da gramatika hau. Izan ere, Patxi Goenagak, aurretik ere, argitaratua zuen euskaldun eta euskara-ikasle askorentzat erreferentziazko lana izan den Gramatika bideetan (1978). Sareko Euskal Gramatika-ren (SEG) editoreetako bat ere izan da. Sareko Euskal Gramatika ez da gramatika soila, euskararen arauak azaltzeaz gain, euskal hizkuntzaren beste hainbat arlori buruzko argibideak ere ematen baititu: soziolinguistika, historia, fonetika eta fonologia, lexikoa, morfosintaxia eta euskalkiei buruzkoak, besteak beste.
Euskal Gramatika: Egiturak eta Osagaiak (EGEO) lanaren helburua gramatikaren osagaiak deskribatzea da, eta osagai horiek dira gramatikaren kapituluei izena ematen dietenak. Horrela, gramatikaren kapitulu bakoitzean osagai bat lantzen da; perpausa, izena eta izen sintagma, adjektiboa eta adjektibo sintagma, zenbatzailea eta zenbatzaile sintagma, determinatzailea eta determinatzaile sintagma, izen predikatua, egiturazko kasuak, adposizioa eta adposizio sintagma, aditza eta aditz sintagma, eta aditz jokatua eta aditz jokoa.
Kapitulu bakoitzaren hasieran kapituluaren laburpena dago, eta bertan azaltzen da kapitulu horretan zer eta nola landuko den. Ondoren, kapitulu bakoitzean osagai horiek aztertzeko nahi beste adibide ematen ditu Patxi Goenagak. Beraz, EGEO gramatikak euskarazko egitura eta osagaien deskribapena eta analisia ditu helburu, eta ez euskararen erabilera arautzea. Ondorioz, tresna egokia izan daiteke euskara sakondu edo aztertu nahi duenarentzat, eta gramatikagintzan edo irakasle-lanetan eskarmentua duten irakasleentzat, baina ez gramatika-arauemailea helburu duen hartzailearentzat. Eta, noski, euskararen eta, oro har, hizkuntzaren osagaiez eta egiturez jakin-mina duen edozeinentzat.