"Language Education in Digital Spaces: Perspectives on Autonomy and Interaction" liburua (Fuchs, C., Hauck, M., eta Dooly, M.)

Argitaratua: Tuesday, 21 January 2025, 9:15 AM
Language Education in Digital Spaces: Perspectives on Autonomy and Interaction

Teknologiak gure bizitzako alderdi guztietan duen eraginak hizkuntzen irakaskuntza ulertzeko eta praktikan jartzeko modua ere eraldatu egin du; online-irakaskuntzan aldaketa eragin duenez, eremu digitaletan ikaslearen autonomia sustatzeko beharra nabarmendu egin da. Gaur gomendatzen dugun liburua ekarpen egokia izan liteke. Izan ere, material asko eskaintzen baitu ikaslearen autonomiaren harreman dinamikoari, hizkuntzen irakaskuntzari eta teknologiari buruzko hausnarketarako; gainera, ikuspegi pedagogikoki aplikagarri eta teorikoki aberatsak ematen dizkie hartzaileei, hau da, hizkuntza-irakasleei, ikertzaileei, irakasle prestatzaileei, materialen/curriculumen diseinatzaileei eta ikasleei.

Editoreek idatzitako kapitulu labur batek ematen dio hasiera liburuari. Bertan oinarri teorikoak, egitura eta helburu nagusiak deskribatzen dituzte. Gainera, hizkuntzaren erabileraren izaera erlazionala eta soziala nabarmentzen dute, urrutiko ikaskuntzan autonomiak eta elkarreraginak duten garrantzia azpimarratzeko. Gainerako kapituluek praktikara bideratutako bederatzi azterlanen bilduma osatzen dute.

Ondorengo kapituluan, Hong Kongeko unibertsitate batean burututako ikerketa bat aurkezten dute. Helburu espezifikoetarako ingeles-ikastaro baterako bideo digitaleko proiektu bat sortu zuten ingeleseko lau ikaslek osatutako talde batean.

Ikaskideen iruzkinek, irakaslearen aldamiatzeak, tresna digital sinkronoen erabilerak eta gizarte-konpromisoak gaztelania H2 gisa ikasten ari ziren ikasleen motibazioa, autorregulazioa eta ikaskuntza indibidual/kolaboratiboa erraztu zituzten flipped learning (alderantzizko ikaskuntza) ikastaro batean. Horren inguruko emaitzak aurkezten dituzte 3. kapituluan.

4. kapituluan, telelaguntzaren garrantzia azpimarratzen dute; batez ere, azterketetan oinarritutako ikaskuntza esperimentaleko testuinguru batean. Hong Kong-Amerikako Estatu Batuak proiektuaren helburua da autonomia bultzatzea unibertsitate-hezkuntzan. 

5. kapituluan atazetan oinarritutako ikuspegia aurkezten dute. Horren helburua da alfabetatze multimodala garatzea, trukaketa birtualeko testuinguru batean.

Irakasle eta irakasle-prestatzaileei dago zuzendua 6. kapitulua. Diotenez, 16 urteko etengabeko telelankidetzak eta irakasleen prestakuntza-programa batean parte hartu izanak pixkanaka areagotu egin zituzten autorregulazioa eta irakaslegaien autonomia.

7. kapituluan aurkezten duten azterlanak ikaskuntza-truke birtualei buruzko ezagutza handitzen laguntzen du. Truke birtual horiek ahalbidetzen dute ingelesa ikasten ari direnak ingeles-irakaslegaiekin elkartzea eta parte-hartzaile horiek grabatutako saio sinkronoak euren ikastaroari eta esperientziari buruz hausnartzeko erabiltzea.

8. kapituluan, ikaskuntza esperimentalaren ikuspegiak eta teknologiaren laguntzaz hizkuntzak irakasteari buruzko hausnarketak azaleratzen dituzte egileek. Zeelanda Berriko bi irakaslegai prestatu zituzten euren ikas-irakas prozesuak deskribatu eta kritikoki ebaluatzeko eta etorkizunean praktikan jartzeko planak egiteko; horrek guztiak haien autonomia bultzatzea izan zuen xede.

9. kapituluan, jolasaren ikuspegi emankorrago baten alde egiten dute, eta jokoen bidez ikasteari buruzko aholku informalak aztertzen dituzte. Hori burutzeko, sarbide libreko hiru foro izan dituzte kontuan: Reddit, Quora eta Duolingo.

Azken kapituluan, editoreek ikerketa-bide berriak eskaintzen dituzte, eta, hizkuntza digitaletan ikaslearen ikuspegi autonomoa eta ahaldundua sustatuz, honako hauek aztertzeko beharra nabarmentzen dute: (1) ikaskuntza estrategikoa, (2) trebetasun metakognitiboak, (3) hizkuntza parte-hartze informatizatuarekin eta ikasleen datu masiboekin lotutakoa, (4) alfabetatze digital kritikoa eta hizkuntza soziala ingurune teknologikoetan, (5) portaera arauemaileak, nortasunen berreraikuntza, ideologiak, posizionamendua eta boterearen banaketa ikaskuntza digitaleko espazioetan, eta (6) arrakala digitala.

Egileen arabera, azterlan horiek guztiek agerian uzten dute beharrezkoa dela ikaslearen hizkuntza-ikerketaren arreta-zentroan eta teknologian oinarritutako hizkuntza irakaskuntzaren praktikan kokatzea.


Argitaletxearen aurkezpena

Liburu honek hainbat testuingurutatik abiatuz ikasteko autonomiari buruzko ekarpenak biltzen ditu, tresna digitalekin hizkuntza autonomoaren ikaskuntza nolakoa den eta ulermen hori euskarri sozio-instituzional, kurrikular eta didaktiko desberdinek nola taxutzen duten ulertzeko. Horretarako, liburuko ekarpen indibidualek agerian uzten dute praktikara bideratutako ikerketa enpirikoa, teknologia-bitartekarien autonomiari eta haren inplikazio pedagogikoei buruzkoa. Teknologiak ikasteko autonomia prozesu gisa nola sostenga dezakeen aztertzen dute, sare sozialetan, truke birtualean, nork bere kabuz edo naturalki ikasteko dauden aukerak aprobetxatuz (Hutchins, 1995).

Gure bizitzako alderdi guztietan teknologiak izan duen bilakaera bizkorrak eta izan duen onarpenak bultzatu egin ditu hizkuntza-irakaskuntzaren panoraman ikasleen eta irakasleen autonomiarekin zerikusia duten gaiak. Liburu honek hainbat ikuspegitatik eta ikaskuntza-ekologia desberdinetatik sortutako erronkei aurre egiten die, (des)berdintasun sozial eta hezitzailean oinarrituta. Hain zuzen ere, horretarako, kapituluek trukaketa birtualeko, jokoetako eta teknologia-bitarteko hizkuntzen ikaskuntzako eta irakaskuntzako aplikazioetako eskuragarritasun digitalak hartzen dituzte kontuan, testuinguru ikasi eta erdi-ikasietatik autodidaktetara. Liburukiak alfabetatze digital kritikoaren eta gizarte-justiziaren kontzeptuak aurreratzen ditu, hizkuntza-ikasleen eta irakasleen autonomiari dagokionez, eta erakusten du ikuspegi horrek nola lagun dezakeen mundu osoko goi-mailako hezkuntzan berdintasunaren, aniztasunaren eta inklusioaren aldeko helburu instituzionalak lortzen, eta ikertzaileentzat eta irakasleentzat ere baliagarria izango den. 

HABE liburutegian


Erreferentzia bibliografikoa:

Fuchs, C., Hauck, M., eta Dooly, M. (ed.). (2021). Language Education in Digital Spaces: Perspectives on Autonomy and Interaction. Springer. https://www.doi.org/10.1007/978-3-030-74958-3_1