Entre emociones y lenguas (Blanco Canales, A. eta Boillos Pereira, M. M.)

Published: Monday, 22 June 2026, 10:13 AM
Entre emociones y lenguas
  • Atala:
  • Dokumentu-mota:
  • Area of knowledge:
  • Author of the introduction:
    • Insausti Albisu, Izaskun
  • Visits: 243
  • Comments: 0
  • Favorites: 0

Hizkuntza gehigarrien ikaskuntzan, gaitasun emozionala funtsezko elementua da; izan ere, emozioek eragin handia dute motibazioan, informazioaren atxikipenean eta ikasleen arteko zein kultura arteko komunikazioan. Krashenen iragazki afektiboaren teoriaren arabera, antsietatea edo beldurra bezalako emozio negatiboek hizkuntza berri baten ikaskuntza oztopa dezakete; aldiz, ikas-ingurune positibo eta motibatzaile batek ikasleen parte-hartzea eta ikasteko prestutasuna sustatzen ditu.

Lan honek gaitasun emozionalaren garapena aztertzen du hainbat ikuspegitatik. Lehen zatian, egileek emozioen oinarri teorikoak eta haiek garatzeko eredu pedagogikoak aurkezten dituzte. Bigarren zatian, hizkuntzen ikaskuntzan eragin handia duten dimentsio emozional zehatzak aztertzen dituzte. Horiez gain, bi ataletan, irakasleek euren jardunean aplikatzeko moduko orientabide eta proposamen praktikoak eskaintzen dira.

1. kapituluan, Marta Gallego-Garcíak eta Teresa Simónek gaitasun emozionalek testuinguru desberdinetara egokitzeko duten garrantzia azpimarratzen dute. Hizkuntza berri bat ikastean, emozioak ulertzeko eta adierazteko modu berriak ere ikasten dira, hizkuntza, kultura eta emozioak elkarri lotuta baitaude. Horregatik, egileek komunikazio- eta emozio-gaitasunak uztartzen dituen eredu bat proposatzen dute, kultura arteko oztopoak gainditzeko eta komunikazio eraginkorragoa lortzeko.

Bigarrenean, Helena S. Belíok eta Javier Barrosok hizkuntzaren eta identitatearen arteko harremana aztertzen dute. Estatu Batuetako gaztelaniazko hiztun askorentzat, hizkuntza euren kultura eta sustraiei lotutako elementu emozionala da, baina hizkuntza gutxiesteak edo erabilera murrizteak identitate-gatazkak sor ditzake. Horregatik, proposamen pedagogikoak autoestimua eta kultura-harrotasuna sustatzen ditu, eta ondorioz, hizkuntza, kultura eta identitatearen arteko lotura indartzea bilatzen du.

Jarraian, 3.  kapituluan, Paloma Fernándezek eta Ana Ortegak jolasaren balioa nabarmentzen dute hizkuntzen ikaskuntzan. Jolasak garapen emozionala eta afektiboa ahalbidetzen ditu, eta gamifikazioaren bidez ikaskuntza-esperientzia esanguratsuak sortzen laguntzen du.

4. kapituluan, Mª Eugenia Floresek ikuspegi performatiboak aurkezten ditu. Antzerkia, dantza eta musika bezalako baliabideen bidez, gorputza, emozioa eta hizkuntza uztartzen dira, ikasleen konfiantza eta komunikazio-gaitasuna sustatzeko.

5.  kapituluan, Carmen Rodríguezek emozioaren eta gorputzaren arteko lotura aztertzen du. Mugimendua eta emozionaltasuna integratzen dituzten jarduerak proposatzen dira bigarren hizkuntzen ikaskuntza indartzeko.

Liburukiaren bigarren zatiari 6. kapituluak ematen dio hasiera. Bertan, Aranzazu Bernardok gaztelaniaren irakaskuntza jorratzen du hezkuntza-testuinguru formaletan. Proposamena hiru ardatzetan oinarritzen da: faktore emozionalak, aldamiatzea eta estrategia espezifikoak.

7. kapituluan, Rocio Bartolomék azaltzen du emozio positiboek ikaskuntza eta memoria hobetzen dituztela. Ikasgelako lotura afektiboek harreman sozial eta emozionalak garatzen laguntzen dute, eta horrek ikasleen garapen akademikoan eta pertsonalean eragina du.

Emozio positiboei eta harreman sozialei oso lotuta dago enpatia, eta hori da 8. kapituluaren gai nagusia. Bertan, Beatriz Martín-Gascónek erakusten du hizkuntza enpatikoa sustatzeak kultura arteko gaitasuna eta harreman pertsonalak indartzen dituela.

9.  kapituluan, Viki Makrirek eta Natividad Hernández Muñozek autoestimuan sakontzen dute. Autoestimu linguistikoa definitzea eta bere osagaiak azaltzea dute helburu; horrez gain, autoestimua garatzeko jarduerak proposatzen dituzte.

Azken kapituluan, Anna Doquin de Saint-Preuxek eta Marta F. Nogueroles Lópezek  haserrearen eta emozioen adierazpena hizkuntza gehigarrietan lantzearen garrantzia azaltzen dute. Egileek diote emozioak intentsitate handiagoz bizi eta adierazten direla ama-hizkuntzan, eta horregatik dela beharrezkoa horien irakaskuntza.

Argitaletxearen laburpena

Gaitasun emozionala funtsezko elementua da hizkuntza gehigarriak ikasteko; izan ere, kulturarteko testuinguruetan, motibazioan, informazioaren atxikipenean eta elkarraginean eragiten du . Krashen iragazki afektiboaren teoriak azaltzen du emozio negatiboek zaildu egiten dutela hizkuntzaz jabetzea, eta ingurune positibo batek, berriz, harmena errazten duela. Hala, gaitasun emozionalak, norberaren emozioak kudeatzeaz gain, besterenak ulertzea ere eskatzen du, funtsezkoa baita kulturen arteko komunikazio eraginkorrerako. Ikuspegi teorikotik, komunikazio-gaitasunaren kontzeptua zabaldu egiten da, dimentsio emozionala sartzen baita, eta horrek komunikazio benetakoagoa eta eraginkorragoa ahalbidetzen du. Gainera, hizkuntzaren, identitatearen eta autoestimuaren arteko lotura bereziki garrantzitsua da ondarezko hiztunetan, horiek estigmatizazio linguistikoa jasan baitezakete.

Esparru horretan, monografiaak ikasgelako gaitasun emozionalaren garapenari heltzen dio, bi ataletan antolatutako hamar azterlanen bidez: lehenengoak ikuspegi teoriko eta pedagogiko orokorra eskaintzen du, eta bigarrenak faktore emozional espezifikoak aztertzen ditu.

Kapituluek ikuspegi berritzaileak aztertzen dituzte, hala nola gamifikazioa, metodo performatiboak eta hizkuntza emozionalaren irakaskuntza. Enpatia, autoestimua eta emozioen irakaskuntza (haserrea, adibidez) jorratzen dira, eta H2a eskuratzeko prozesuan duen eragina nabarmentzen da. Oro har, lan honek osagai emozionala hizkuntzen irakaskuntzan txertatzeko estrategia pedagogikoak eskaintzen ditu, eta ikaskuntza holistikoagoa eta eraginkorragoa sustatzen du.

Erreferentzia bibliografikoa

Blanco Canales, A. eta Boillos Pereira, M. M. (koord.) (2025). Entre emociones y lenguas: nuevas perspectivas y buenas prácticas para la enseñanza. Octaedro.

 HABE Liburuegian.