Didakteka
Erlatiboaren alferrikako zenbait erabilera
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Area of knowledge:
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Area of knowledge:
- Bisitak: 577
- Iruzkinak: 0
- Gogokoak: 1
Zehar-galderaren ordez erabiltzen den erlatiboa.
Gaztelaniazko idazkera-maila jasoan (kazetaritza-testuetan, testu juridikoetan…) aditz-formen nominalizazioa erruz ugaritu da eta joera hori behar baino gehiago lerratzen ari da euskarazko testuetara –lehendik ere hainbatetan egin da ohartarazpen hori–. Horrela, maiz ikusten dugu euskarazko testuetan oraintsu arte zehar-galderak eta galdetzaileak erabiliz osatu diren egituren ordez perpaus erlatiboak erabiltzen dituztenak.
ALFERRIKAKO ERLATIBOAK |
EGOKIAGO |
Pentsa ezazu behar duzuna. |
Pentsa ezazu zer behar duzun. |
Izendatu ornodunen taldekoak direnak. |
Adierazi zein diren ornodunen taldekoak. |
Ez dago garbi egin behar duena. |
Ez dago garbi zer egin behar duen. |
Kontuz idazten duzunarekin! |
Kontuz zer idazten duzun! |
Idatzi ordu bakoitzean gosaltzen duen haur-kopurua. |
Idatzi zenbat haurrek gosaltzen duten ordu bakoitzean. |
Zenbaitetan, esan nahi denaz bestelako zerbait esatea ere gerta daiteke. Adibidez, ez dira gauza bera honako bi esaldi hauek, nahiz sarriegi aurkitzen ditugun lehenbizikoaren tankerakoak bigarrena esan nahi delarik:
Esadazu nahi duzuna eta Esadazu zer nahi duzun.
Galdegaiaren ordez erabiltzen den erlatiboa.
Horrekin batera, azkenaldian gero eta maizago ikusten ari gara galdegaia seinalatzeko erlatibozko egituretara jotzeko joera indartu dela hainbaten idazkeran; nonbait, alboko erdaren esaldi-egitura konplexuagoak erakarrita-edo, eta euskararen berezko ordena aski ez dela iritzirik, erlatibozko alferrikako perpausetara jo ohi dute, aditzera eman nahi duten mezu-ñabardura jakin hori hobeto islatzen dutelakoan.
Euskarak, ordea, baditu baliabideak mezu nagusiaren barruan garrantzia zeri eman nahi zaion egoki adierazteko, eta hitzen ordena eta galdegaia dira horretarako erabilienak. Estilo-liburuetan lehenago ere egin dira antzeko ohartarazpenak, baina agian une aproposa da berriro gogorarazteko: estilo-liburu gehienek hitz-ordenaren ohiko jokoa hobesten dute horrelakoetarako.
ALFERRIKAKO ERLATIBOAK |
EGOKIAGO |
Jon izan da gola sartu duena. |
Jonek sartu du gola. |
Ni izan naiz autoa ekarri duena. |
Neuk ekarri dut autoa. |
Zein da Nerearen etxetik okindegira dagoen distantzia? |
Zer distantzia dago Nerearen etxetik okindegira? |
Txikiak direnek eragozpen gehiago dute. |
Txikiek eragozpen gehiago dute. |
Badira gaitz batzuk kutsagarriak direnak. |
Gaitz batzuk kutsagarriak dira. |
Oro har horrela izateak, halere, ez du esan nahi kasu guzti-guztietan horrela behar duenik. Esate baterako, zuzena da ondoko perpausa: Hauxe da lehengoan gomendatu nizun liburua. Erlatibozko egitura horietara gehiegitan jotzeari irizten diogu desegoki eta, beraz, erlatibozko forma horien erabileraz kontziente izatea gomendatuko genuke, gero norberak erlatibo horiek erabiltzea komeni den ala ez erabakitzeko.
Erlatiboen komunztadura-arazoak
DESEGOKI |
ZUZEN |
Ezagutzen dudan handienetako bat. Ezagutzen dudan handienetarik(o) bat. |
Ezagutzen ditudan handienetako bat. Ezagutzen ditudan handienetarik(o) bat. |
Ekartzeko esan dizkidazun liburuak. |
Ekartzeko esan didazun liburuak. |
Konpontzerik ez dauzkazun gauzak. |
Konpontzerik ez daukazun gauzak. |
Askok uste dutena baino hobeto bizi naiz. |
Askok uste duten baino hobeto bizi naiz. |
Halere, ikusi aldea beheko esaldi honetan:
Nolako autoa erosi duzu? Nahi nuena baino merkeagoa, nahi nuen baino garestiago.
Informazio osagarria:
- Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak
- Jagonet
- Euskararen gramatika (Lehen eta Bigarren Liburukiak)