-(e)neko

Argitaratua: Tuesday, 12 July 2016, 2:04 PM
Alex Mungia

Lekua eta denbora adierazten duten erlatiboetan, -(e)n loturari –ko eransten zaio batzuetan. Zehaztasunaren izenean baliatu liteke; bestela, ez da zertan erabili egitura hori.

  • Ederrak izan ziren lagun atzerritarrak ezagutu zituen jai haiek. (lagun atzerritarrak jaiak ezagutu)
  • Ederrak izan ziren lagun atzerritarrak ezagutu zitueneko jai haiek. (norbaitek lagun atzerritar batzuk ezagutu jaietan)
  • Ondo miatu dute haurra galdu deneko ingurua. (desegokia)
  • Ondo miatu dute haurra galdu den ingurua. (egokia)
  •  Ez naiz gogoratzen semea jaio zeneko egunaz. (desegokia)
  • Ez naiz gogoratzen semea jaio zen egunaz. (egokia)

Tokia eta denbora adierazten duten erlatiboetatik kanpo, okerra da –(e)n erabili beharrean –(e)neko erabiltzea.

  • Ez zuen ezagutu lurrean hilda zegoeneko gizona. (okerra)

Beste batzuetan, berriz, -ko jarri behar da, izen baten elipsia dago-eta.

  • Idatzi ohar bat aitonari, gaztea zeneko argazki bat eskatzeko (“gaztea zen garaiko”)

Nolanahi ere, normalean, erredundantea da, zeren eta –NEKOren ondoko izen-ardatzaren esanahia lekuzkoa edo denborazkoa baita. Beraz, “iritsi zireneko egunaren biharamunetik bertatik” esan ordez, “(…) iritsi ziren eguna (…)” esaten badugu, edozein euskaldunek ulertuko du egun horretan iritsi zirela.

INFORMAZIO OSAGARRIA

Euskal Gramatika. Lehen Urratsak-V (196. or.)

Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak (48.or.)

Sareko Euskal Gramatika (EHU)

Beste eduki interesgarriak

Mikel Hoyos

Erlatiboaren alferrikako zenbait erabilera

Honako hauek landuko dira sarrera honetan: zehar-galderaren ordez erabiltzen den erlatiboa eta galdegaiaren ordez erabiltzen dena. Halaber, erlatiboen komunztadura-arazoak azalduko dira.