"Enseñanza de lenguas social y culturalmente responsable" liburuaz (Palacios-Hidalgo, F. J.)

Argitaratua: Monday, 6 May 2024, 10:36 AM
"Enseñanza de lenguas social y culturalmente responsable" liburuaren azala

Hizkuntzen Irakaskuntza Sozial eta Kulturalki Arduratsuak (SCR, Enseñanza de Lenguas Social y Culturalmente Responsable) ikasleek eskura dituzten kultura-erreferenteak eta gaurkotasunezko gai sozialak erabiltzea sustatzen du, euren komunikazio-gaitasuna eskuratzea zein garatzea bultzatzeko eta, aldi berean, pentsamendu kritikoa, lidergoa, arazoak konpontzea edo konpromiso soziala bezalako trebetasunak indartzeko. Azken finean, egungo errealitateaz eta arazoez arduratzen den irakaskuntza da.

Liburua zazpi kapituluz dago osatua eta laugarrenean material didaktiko sozial eta kulturalki arduratsuaren diseinuaz ari da Francisco J. Palacios Hidalgo idazlea.

Hizkuntzak irakastea eta ikastea funtsezko helburu bihurtu da nazioarteko hezkuntza-sistemetan, komunikazio-gaitasunak gero eta garrantzi handiagoa duelako. Izan ere, gaitasun hori ezinbesteko baldintza da gaur egun lan-, hezkuntza-, gizarte- edo kultura-testuinguruan moldatzeko. Egoera horren aurrean, gero eta ugariagoak eta askotarikoagoak dira hizkuntzak irakasteko proposamenak eta metodologiak, ikaskuntza optimoa, esanguratsua eta kalitatezkoa lortzeko. Hala ere, eta ikastetxeek duten gizarte-, kultura- eta hizkuntza-aniztasuna gorabehera, gaur egun, ikuspegi horietako gutxik eskaintzen dute hizkuntzak ikasteko testuinguru sozial eta kulturalki arduratsua, ikasleen aurretiazko esperientziarekin konektatzeko eta gaurkotasunezko eta garrantzizko gai sozial eta kulturalen gaineko kontzientzia hartzeko.

SCRk hezkuntza-giroak sortzearen alde egiten du. Giro horietan, ikaslea bere ikaskuntza-prozesuaren erdigune bihurtuko da, eta inklusioa, parte-hartze aktiboa eta aniztasunaren balioespena sustatuko dira. Funtsean, proposatzen du edukiak eta komunikazio-trebetasunak sozial eta kulturalki garrantzia duten gaiak landuz barneratzea —hala nola genero berdintasuna, ingurumen-arazoak, kultura gutxituak, Garapen Jasangarriko Helburuak eta 2030 Agenda, edo errefuxiatuen migrazioa eta krisia— ikasleak hurbileko gaitzat har ditzan, eta hizkuntza bere testuinguruan eta era esanguratsuan ikas dezan.

Ikuspegi honek hiru oinarri teoriko ditu:

  • Irakaskuntza Kulturalki Arduratsua. Ikuspegi pedagogikoa da. Irakaskuntza tradizionalago baten aurrean, ikasleen ikaskuntzako alderdi guztietan erreferentzia kulturalak sartzearen garrantzia aitortzen du eta kulturalki arduratsua den gutxiengoari ahotsa eman nahi dio. Erabiliko diren materialek ikaslea euren ikaskuntza-prozesuan parte hartzera eta ikasle bakoitzaren nortasuna errespetatzera bultzatu eta ikasteko aukerak berdintasunez eskura ditzan sustatu behar dute,
  • Helburu Sozial eta Lankidetzarako Ingelesa. Inpaktu sozialeko gaien bidez ikastean jartzen du arreta. Erabiliko diren materialek zeharkako gaitasunak eskuratzea eta garatzea erraztu behar dute. Metodologia aktiboen erabileraren alde ere egin behar dute, adibidez, ikaskuntza kooperatiboa, ikaskuntza-zerbitzua, alderantzizko gela edo gamifikazioa, besteak beste. Ikasleen garapena, autonomia, komunitatearekiko konpromisoa eta pentsamendu kritikoa bultzatu behar dituzte; halaber, benetako hizkuntzaren erabileraren alde egin behar dute, ikasleei komunitatearekin eta hizkuntzarekin harremanetan jartzeko aukera emateko, bertako hiztunek erabiltzen duten moduan. Konplexutasun kognitiboaren mailan aurrera egitea ahalbidetuko duten jarduerak proposatu behar dituzte. 
  • Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsala. Diseinu horrek aukera ematen du hezkuntza-praktika ikasle guztien inklusio eraginkorrera bideratzeko, ikasle horien gaitasunak eta ezagutza alde batera utzita. Hezkuntza-ikuspegia hori behar bezala ezartzeko, material didaktiko aproposak erabili behar dira oinarri teorikoak praktikan jartzeko. Hala ere, hezkuntza-berrikuntza lortze aldera, beharrezkoa da material horiek aurretik ikasgelan erabilitakoetatik bereiztea, eta egungo errealitatearen alderdi bereizgarriak sartzea (eta ez dago gaur egungo errealitatearen alderdi bereizgarriagorik IKTek gizartearen eremu guztietan aurrera egitea baino). Ildo horretan, material didaktiko eguneratuak diseinatzeko, hezkuntza-teknologiaren garrantzia hartu behar da kontuan, eta arreta berezia jarri behar da malgutasunaren, elkarreraginaren edo berrerabilgarritasunaren irizpideetan. Gainera, material didaktiko sozial eta kulturalki arduratsuen diseinuak aipatutako hiru ikuspegien funtsezko elementuak hartu behar ditu aintzat.

 HABE Liburutegian


Erreferentzia bibliografikoa:

Palacios-Hidalgo, F. J. (2023). Enseñanza de lenguas social y culturalmente responsable. Editorial Comares.