Irakasbil
Didakteka
Euskaltegiaren Curriculum Proiektua eta adimen artifiziala: hausnarketarako unea
- Atala:
- Dokumentu-mota:
- Areas of knowledge:
- Author of the introduction:
- Murua Anzola, Iñaki

- Atala:
- Dokumentu-mota:
- Areas of knowledge:
- Author of the introduction:
- Murua Anzola, Iñaki
- Visits: 323
- Comments: 3
- Favorites: 1
Azken urteotan, adimen artifizialaren garapen azkarrak eta, bereziki, adimen artifizial sortzailearen hedapenak, kolokan jarri dituzte ikas-irakas prozesuen oinarriak. Ondorioz, barneratuta dauden usteak eta praktika pedagogikoak agerian uzteko aukera ere zabaldu da, ez baita tresna berri baten agerpen huts. Horrela, uste eta irizpide horiek guztiak berrikusteko abagunea sortu da.
Testuinguru honetan, gero eta zabalduago dago ideia bat: eztabaidaren muina ez dela jada adimen artifiziala erabili behar den ala ez erabakitzearena, nola erabili baizik —batez ere, nola saihestu dezakegun haren erabilerak pentsamenduaren galera edo ahultzea eragitea— (Ariza, 2026). Horri lotuta, bestelako kezka praktikoak ere agertu dira, hala nola ebaluazioaren esparruan (Besonías, 2026). Nolanahi ere, Erezumak eta Revueltak (2026) azpimarratzen duten bezala, auzia ez da tresnen erabilera isolatura mugatzen: adimen artifiziala ikastetxeko dokumentu programatikoen baitan ulertu eta kokatu behar da, ikuspegi sistemikotik, aukera eta arrisku pedagogikoak, etikoak zein sozialak kontuan hartuta.
Ikuspegi horrek curriculumaren eremura garamatza, jakina. Stenhouseren hitzak gogoratuz, asmo didaktiko baten printzipioak eta funtsezko ezaugarriak komunikatzeko egiten den ahalegina da curriculuma, eztabaida kritikoa sustatu eta praktikara eramateko (1991, 29. or.). Ildo berean, Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumak (HEOCak) zedarritutako marko orokorraren erreferentzia kontuan hartuz, Euskaltegiaren Curriculum Proiektuan (ECPan), irakasle-taldearen hausnarketaren bidez definituko da zer irakatsi, zer hurrenkeratan, nola irakatsi eta nola ebaluatu. Planteamenduak argi uzten du curriculuma ez dela dokumentu itxia edo teknikoa soilik, baizik eta hezkuntza-praktika gidatzeko eta aztertzeko tresna dinamikoa, eztabaida kolektiboa funtsezkoa duena.
Hori kontuan hartuta, ezin dira irakasle bakoitzaren esku geratu adimen artifizialaren erronkari emango zaizkion erantzunak, banakako erabaki edota irizpideen menpe. Aitzitik, beharrezkoa da irakasle-taldearen hausnarketa partekatua, eta hausnarketa horren emaitzak modu esplizituan jasotzea ECPan. Hezkuntza formalean badira halako gaiak kokatzeko bestelako dokumentuak —esaterako, ikastetxeko proiektu digitalak (Erezuma eta Revuelta, 2026)—; euskaltegien esparruan, ordea, curriculum-proiektua da erreferentzia nagusia antzeko erabakiak artikulatzeko. Horregatik, ezinbestekoa dirudi bertan txertatzea adimen artifizialaren inguruko ikuspegia eta haren erabilerari buruzko irizpideak.
Premia hori are nabarmenagoa da Euskaltegien Curriculum Proiektuen azken eguneratzean antzeman daitekeen joeretako bati erreparatuz gero. Izan ere, egindako irakurketek erakutsi zuten Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien (IKT) arloan badela kezka. Begien bistakoa da teknologiaren bilakaera azkarrak eta, batez ere, adimen artifizial sortzailearen zabalkundeak zuzenean eragiten diela metodologia, ebaluazio eta ikasprozesuen oinarri berberei.
Ondorioz, testuinguru honetan ezinbestekoa da norabide partekatu bat eraikitzea. Irakasle bakoitzak bere kabuz jarduteak desoreka eta koherentzia falta ekar ditzake, bai irakaskuntzan, bai ikasleen esperientzian. Aldiz, ikuspegi bateratuak —hausnarketa pedagogikoan oinarritua eta curriculum-proiektuan esplizituki jasoa— aukera eskaintzen du jardun koherenteagoa eta sendoagoa garatzeko.
Laburbilduz, adimen artifizialaren etorrerak erronka handiak dakartza, baina baita aukera esanguratsu bat ere: geure hezkuntza-praktiken oinarriak berrikusteko, barnean ditugun usteak azaleratzeko eta curriculumaren zentzua sakonago pentsatzeko. Erronka nagusia, hortaz, ez da soilik teknologikoa; oinarrian, pedagogikoa da.
Erreferentziak
Ariza Pérez, M. A. (2026, maiatzaren 16a). IA generativa en educación: lo importante ya no es si se usa, sino cómo evitar que dejemos de pensar. Miguel Ariza. https://miguelariza.es/2026/05/16/ia-generativa-en-educacion-lo-importante-ya-no-es-si-se-usa-sino-como-evitar-que-dejemos-de-pensar/
Besonías, R. (2026, maiatzaren 20a). ¿Tus estudiantes copian con IA en los exámenes? Repensando la evaluación. IA educativa. https://iaenlasaulas.blogspot.com/2026/05/tus-estudiantes-copian-con-ia-en-los.html
Erezuma, B. eta Revuelta, E. (2026, maiatzaren 20a). Adimen artifiziala Ikastetxearen Proiektu digitalean. Hik hasi, 308. https://www.hikhasi.eus/eu/adimen-artifiziala-ikastetxearen-proiektu-digitalean
Stenhouse, L. (1991). Investigación y desarrollo del curriculum. Ediciones Morata.
Irudia: Copilot erremintaz egina