"Enseñar a distancia: una oportunidad para la transformación didáctica"

Argitaratua: Friday, 3 April 2020, 3:25 PM
Difusionen webinarra

"Enseñar a distancia: una oportunidad para la transformación didáctica" izenburua izan zuen Difusión argitaletxeak martxoaren 23an antolatu zuen webinarrak. Pilar Concheiro eta Olivia Espejel adituak aritu ziren hizlari Sergio Troitiñoren gidaritzapean. Sarean jarri dute interesaturik dagoen edonoren eskura; hona hemen gure laburpen iruzkindua.


Hiru esparru bereizi zituzten Pilar Concheirok eta Oliva Espejelek hasieran:

  1. Erremintak.
  2. Taldea eta elkarreraginak kudeatu.
  3. "Osotasuna": egiten den guztiari zentzua ematea.

Asmoa ez zen erreminten inguruan ardaztea hitzaldia; dena den, hainbat tresna aipatu zituzten hitzaldian zehar. Hurbilen daudenak baliatzen alde azaldu ziren baina; bestela esanda, ikasleek ezagun duten teknologia hartzea oinarri (bitartekoak, esparruak eta sareak) eta agian honez gero gelan ere erabiliko zena.

Aldagai emozionalei erreparatzea ezinbestekoa dela adierazi zuten. Hala, presentzia eta hurbiltasuna lortu behar direla azpimarratu zuten; "konplizitate digitala" kontzeptua ere agertu zen. Mezularitzako erremintak eta lankidetza bideratzen dutenak aipatu zituzten helburu hori erdiesteko (e-postari, esaterako, hotz samarra iritzi zioten). Ez ahaztu, ordea, bat-bateko mezularitza-zerbitzu horiek  muga jakin bat izan dezaketela: telefono-zenbakia behar izaten denetan, denek, zenbait irakasle barne, datu hori partekatu nahi ez izatea. Dena den, komunikazio sinkronoak eta asinkronoak dituzten ezaugarriak eta aukerak balioestea komeni dela adierazi zuten, besteak beste lotsa bezalako faktoreak aintzat hartuta. Halaber, elkarreragina ahozkoa eta idatzizkoa izan daitekeela esan zuten. Bien ustez, interesgarria da talde txikietan lan egiteko aukerak kontuan hartzea eta bideoen erabilera ere bai, galderak egiteko zein erantzuteko.

Egin daitekeen jarduera ugari aipatu zituzten adituek: taldearen argazkia hautatu, lankidetzan garatutako istorio multimediak, jatorrizko hiztunei egindako elkarrizketak, berdinen arteko ikuskapenez egindako testuak (eguneroko birtualak adibidez), podcastak, aldizkari digitalak, blogak… Bideohitzaldiei dagokienez, beti norabide bakarrekoak izan ordez deszentralizatzeko aukeren alde egin zuten, esate baterako hitz hodeiak eginez, bozketak bideratuz, txanda-pasak eginez… Proiektu zehatzak ere aurkeztu zituzten, euren eskarmentu zabaletik abiatuta: geolokalizazioan oinarritutakoak, gida turistikoak eta abar. Betiere, sormenaren garrantzia azpimarratu zuten, tresna zaharrak izan arren erabilera berriak bilatuz.

Mugak ez zituzten albo batera utzi nahi izan. Arestian aipatutakoez gain, kontu ugari behar izatea esparru desberdin ugari erabiltzeagatik adibidez. Hasieran nagusiki, kudeaketa azaltzeak eta zalantzak argitzeak behar izaten dute tarterik; ez genuke horregatik kezkatu behar, hortaz.

Saioaren azkenean, baliabideen zerrenda aurkeztu eta galderei erantzun aurretik, aholku orokor batzuk aipatu zituzten:

  • Pazientzia, malgutasuna. Apurka-apurka.
  • Gutxiago gehiago da; ez zamatu
  • Ikasleekin batera ikasi eta ikasleek elkarrengandik ikas dezaketela kontuan izan; irakaslea ez da informazio-iturri bakarra eta lagun dezakeen bakarra.
  • Aldaketa-esparuak eraiki.
  • Ez gara errobotak, pertsonak baizik.
  • Teknologia ez da oztopoa, ezta xede ere.
  • Sormena garatu esperimentazioaren bidez.
  • Arriskatzeko beldurrik ez.

Erreferentzia:

Difusión Editorial, (2020ko martxoaren 23a). Enseñar a distancia: una oportunidad para la transformación didáctica. [Bideo-fitxategia]. You Tube. https://youtu.be/qUpo5F8QIz0

Show comments