"Aurrera ala atzera goaz? Gako berrien bila" jardunaldia

Argitaratua: Thursday, 19 December 2024, 1:02 PM
2024.12.18_Jardunaldia

Sarrera

Hizkuntz Foroan adierazitakoari jarraikiz, "Aurrera ala atzera goaz? Gako berrien bila" jardunaldia egin zen abenduaren 18an Sabino Arana Fundazioak eta Euskaltzaindiak antolatuta. Iñaki Iurrebasoren doktore-tesia izen zen ardatz.

Aurkezpenean, prozesu linguistikoak sozialak direla eta ez direla ez zuri, ez beltz adierazi zuen Andres Urrutia euskaltzainburuak. Halaber, eta inguruan dauden hainbat aldagai aipatu eta gero, euskara balorea dela eta balioa duela azpimarratu zuen. Irudi hau erabili zuen: euskarak minsorra duela, baina ea erabilitako botikak egokiak izan diren eta zeintzuk izan beharko luketen aurrerantzean. 

Iñaki Iurrebasoren tesiaren nondik norakoak

Iñaki Iurrebasoren doktore-tesia izan zen jardunaldiaren ardatza;  “Hizkuntza gutxituen jarraipena, ordezkapena eta indarberritzea neurtzeko demolinguistikazko tresna metodologikoak garatzen: Euskal Herrirako aplikazio praktikoa” du izenburu demolinguistikaren esparruko ikerketa-lanak.  

Lau galdera daude tesian: zeri erreparatu ohi zaion hizkuntza gutxitu baten "osasuna" edo egoera soziala aztertzeko, zein tresnaren bidez egiten duen hori demolinguistikak (zein ikuspegirekin, zein adierazlerekin), Euskal Herriko bitarteko estatistikoak kontuan izanda zer adierazle berri sortu daitekeen (137 definitu ditu) eta, azkenik, adierazle horien emaitzak irakurrita zein den euskararen "argazkia". Sei ardatz ditu lanak: hizkuntza-gaitasuna, erabilera, jarrerak-motibazioa-atxikimendua, hizkuntza-bilakaera, transmisioa-sozializazioa eta lurralde-nagusitasuna.

Datuen aldetik, ez du berariazko bilketarik egin. Aitzitik, biztanleria-zentsuak, Soziolinguistika Klusterrak egindako erabileraren kale-neurketak eta Eusko Jaurlaritzak egindako inkesta soziolinguistikoak baliatu ditu.

Aldaketa demografikoa ez da tesian landu, baina argi dago eragina: jaiotzak, heriotzak, migrazio-mugimenduak (kanpora doazen euskaldunak, etortzen direnak, barne-fluxuak...)

Argazki orokorra

Hizkuntza-gaitasuna ahulgune garrantzitsua da, Iurrebasoren arabera. Bi ohar egin behar dira hobeto ulertzeko: ezin da hizkuntza bakarra aintzat hartu (bi gutxienez) eta continuum gisakoa da. Honen arabera, zazpi kategoria definitu ditu ahozko hizkuntza-gaitasunari dagokionez (elebakarrak muturretan; nagusitasunik gabeko elebidunak erdian; tartean erdaldun hartzaileak, erdaldun elebidunak, euskal elebidunak eta euskaldun hartzaileak). Ondorioa argia da: oso lerratua dago erdaldun elebakarretara eta erdaldun hartzaileetara  (% 70 inguru) eta askoz gehiago dira erdal-gaitasuna (gaztelania edo frantsesa) nagusi dutenak elebidunen artean (eta, egia esan, euskaldun ia guztiak elebidunak gara). % 7-8 dira euskaraz errazago egiten dutenak. Gainera, euskaldunen kopurua hazi arren, portzentaje hori ez da aldatu. Tipularen irudia erabili zuen: tipula handiagoa da, baina, kanpoko geruzei erreparatuta, barrukoak (euskaraz bizi dena, alegia) antzeratsu dirau. 

Erabilerari erreparatuta (hizkuntza-gaitasunaren motorra; hizkuntza-gaitasuna, berriz, erabileraren zorua), euskaldun gehienek gehiago erabiltzen dute erdara euskara baino. Hala ere, azpimarratzekoa da asko erabiltzen dela euskara dagoen hizkuntza-gaitasunerako: euskararen erabilera maximoa % 20 izan liteke eta aitortua % 17 da.. Are, erabilera "ez erosoa" dela ondoriozta daiteke (berezkoa ez duen eskua erabiltzera behartua dagoen pelotariaren antzera). Iurrebasok ea ahalegin hori baloratu den planteatu zuen. Arrazoia atxikimenduaren eremuan omen dago; alegia, hizkuntzarekiko jarrera eta motibazioa dira dugun indargune nagusietako bat. 

Hizkuntza-bilakaera dugu beste alderdi bat; izan ere, ez dugu bizitza osoan hizkuntza bera berdin baliatzen. Eremu honetan, indartsuagoa da erdalduntzea euskalduntzea baino. Bestela esanda, Euskal Herrian bizitzeak batez beste erdaldundu egiten du; H1 euskara zutenek erdara ikasten dute (denek) eta ez alderantziz; halaber, erdaldunekin bizitzearen ondorioz, gehiago dira H1 euskara izan eta erdaraz aritzen direnak (% 53k euskararen nagusitasuna edo erraztasuna galdu). Hau guztia minorizazio-egoeraren ondorioa da; botere-egiturek ere elikatzen dute (erdara ezinbestekoa da; euskara, hautazkoa). Beste irudi bat erabili zuen argitzeko: euskaraz bizi nahi duena eskailera mekanikoan kontrako norabidean doana bezalakoa da. Eustea lorpentzat jo daiteke, baina ez da nahikoa; gauzak "berez" garatzen utziz gero, hizkuntzaren heriotzera garamatza. Edonola ere, fenomenoa ez da homogeneoa; horregatik, arnasguneen garrantzia azpimarratu zuen. Arnasgune deritzon eremuan pertsona gehienak euskaraz bizi dira, eta, beraz, horretarako aukera erraza dago.

Transmisioa-sozializazioa arloak euskalluntzearen alde eragin du azken hamarkadotan, nahiz eta etxe askotan H1a erdara izan. Hizkuntza gutxituetan horren arrunta ez da, baina gurean umeekin euskararen aldeko jarrera asumitua dago eta ezagutza-erabilera handiagoa da adinean behera eginez gero. Are; transmisioan belaunalditik belaunaldira aurrerapausoa sumatzen da. Eskolaren (haren mugekin) eta familiaren eragin positiboak (familia-ereduaren aldaketak alde batera utzita), baditu kontrakoak, hala nola kaleko giroa edo komunikazioa (hedabideak, kultur-kontsumoan pantailak, sare sozialak...)

Lurralde-nagusitasuna continuum gisa ere plantea daiteke: hizkuntza-heriotza, % 0 eta erabateko nagusitasuna, aldiz, % 100. Elebitasun parekidea, % 50 litzateke. Arestian aipatutako arnasgunean erabilera % 60tik gorakoa da. Errealitate eta dinamikak guztiz desberdinak dira nagusitasun-eremuaren arabera (ekosistema linguistiko berezituak, hiztun-mota eta hizkuntza-bilakaera desberdinak...). Adibide argia: ez zatekeen gauza bera gertatuko Errezilera joan zen ukraniar haurra BIlbora joan balitz. Izan ere, erdara nagusi den eremuetan bizi dira hirutik bi; arnasguneetan, % 5 inguru. Bestela esanda; hiztunetatik 10etik 9 "berezko" dinamikak erdalduntzea indartzen duten testuinguruetan bizi dira eta euskara sozialki nagusi den eremua agortzen ari da azken urteotan; orain uharte gisa irudika daitezke, baina XX. mendearen hasieran lurralde edo eskualde osoak izango ziren. Baina, aldi berean, zonalde euskaldunen ekarpen kuantitatiboa handia da: ekoizten den euskararen % 60 UEMAko herrietan da. 

Epekatze orokorra

Beste ekarpen interesgarri bat da hau. 1906tik lortu dira datuak, eta horren arabera hiru epe definitu ditu Iñaki Iurrebasok

  1. Ordezkapen-aroa (1906-1971). Lehenagotik dator euskararen indarraren galera. Gerra aurreko garaian nolabaiteko parentesia egon zen galera-prozesuan baina galerarik handienak frankismoaren garaian eman ziren. Hizkuntza gutxituen ohiko bidea zen, heriotzera daramana.
  2. Indarberritze-aroa (1971-2001). 60ko hamarkadetan aldaketak hasi ziren (euskara batua, ikastolen sorrera, kulturgintzan mugimenduak, helduen euskalduntzea, ondorengoei euskara ez egiteari utzi) eta soziolinguistikaren munduan ohikoa ez dena gertatu zen. Aipatzekoa ere bada euskaldundu ziren herritarrak eta haiek sustatutako transmisioa.
  3. Geldotze-aroa (2001-2021). Adierazleen datu desberdinak (batzuk gora, beste batzuk antzeko edo beheraka). Galera-prozesurik ez da eman, baina indarberritzerik ere ez.

Ondorioak

Euskal hiztun-komunitatea ahula da eta zaurgarria. Balore baxuak lortzen dira egitateetan eta berezko dinamika kontrakoa da. Bizinahia eta atxikimendua handiak diren arren, minorazioa gorria da. Osasunarekin parekatuta, minbizia izan liteke. Datuetara jota, hizkuntza-heriotza puntutik hurbilago gaude hainbat adierazleren arabera (lurralde-nagusitasuna, % 4; hizkuntza-nagusitasunean, euskara nagusi % 8; erabilera euskaraz nagusi % 13; etxeko transmisioan % 17 euskara H1). Jarrera aldekoa da, baina badago atxikimendua ahultzen ari den arrastorik. 

Tesiaren emaitzak ez datoz bat azken hamarkadetan euskal soziolinguistikan nagusi izan den irakurketarekin. Hala, orain artekoa "gaitasuna gora doa, erabilera ahulagoa, beraz atxikimendua txikia da" izan bada, hau genuke ikuspegi berritua: zorua ahula da eta erabilera ez da horren txikia motibazioaren eraginez.

Arnasguneak galtzeak oso egoera zailean jarriko luke euskararen aurrerabidea. Beraz, eremu horiek indartu eta garatu beharra azpimarratu zuen Iurrebasok.

Laburbilduz. Etorkizuna baldintzatuko duten prozesuek (nazioarteko kontsumoa, aldaketa demografikoa...) ez dituzte gauzak erraztuko. Orain arte egindako lana emankorra izan da; hala ere, aldaketak egin ezean, gorriak ikusiko ditugu, berezko joera galera baita.

Mahai-inguruak

Bi mahai-inguru izan ziren Iñaki Iurrebasok azaldutakoaren inguruan, zenbait kontu azpimarratzeko (Jokin Azkuek, HABEren zuzendari nagusiak, esaterako, euskalduntzeari buruzkoak plazaratu zituen, hala nola euskaldundutako pertsonen kopuru orokorra, egun euskaltegietan ari diren ikasleen mailak edota erronkak) baita gerora begirakoak iradokitzeko. Aintzat hartzeko beste kontu bat ere agertu zen, batez ere bigarren mahaiko kideen jatorri desberdina zela-eta: egoera ez dela bera EAEn, Nafarroan eta Iparraldean.

Gehiago jakiteko

Erreferentziak

Euskaltzaindia. (2024, abenduaren 8a). Iñaki Iurrebaso: "Minorizazio egoera larrian gaude". [Bideoa]. YouTube. https://youtu.be/rf4x8NXn28s?si=OPSsA-HTBjZ9MkVS

Iurrebaso Biteri, I. (2023). Hizkuntza gutxituen jarraipena, ordezkapena eta indarberritzea neurtzeko demolinguistikazko tresna metodologikoak garatzen: Euskal Herrirako aplikazio praktikoa. [Doktore-tesia]. Euskal Herriko Unibertsitatea. https://addi.ehu.es/handle/10810/60061

Iurrebaso Biteri, I. (2024). Gako berrien bila: Hizkuntza gutxituen jarraipena, ordezkapena eta indarberritzea neurtzeko demolinguistikazko tresna metodologikoak garatzen: Euskal Herrirako aplikazio praktikoa [bi liburuki]. Euskaltzaindia (Eusko Jaurlaritzaren babesarekin).