Didakteka
ALTEren 58. jardunaldia
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Area of knowledge:
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Area of knowledge:
- Bisitak: 529
- Iruzkinak: 0
- Gogokoak: 1
ALTEk (Association of Language Testers in Europe), Egiaztatze-erakundeen Europako elkarteak 58. jardunaldia egin zuen azaroaren 11n Pragan eta, azken urteetan egin duen moduan, on-line jarraitzeko aukera ere eman zuen.
Aurtengo jardunaldiaren gaia honako hau izan zen: Hiztun-kopuru handienak ez dituzten hizkuntzak eleaniztasunaren begiradapean. Jardunaldiaren antolatzailea ALTEko kide Hizkuntza eta prestakuntza ikastaroen institutua izan zen, Pragako Charles unibertsitatearen erakunde autonomiaduna. Institutuaren helburu nagusia da txekiera irakastea unibertsitatean ikasi nahi duten atzerritarrei, eta eskolak ematen ez ezik, egiaztatze-arloan ere lan handia egin du 1960ko hamarkadan sortu zenetik, betiere atzerriko hizkuntza moduan.
Arauzko ongietorri eta aurkezpenen ondoren, Krakoviako unibertsitateko irakasle Waldemar Martyniuk-ek hartu zuen hitza eta hiztun-kopuru handienak ez dituzten hizkuntzak ikastearen liluraz aritu zen. Polonierak askotariko hizkuntzetatik mailegatu duena ere izan zuen hizpide.
Errumaniako unibertsitateko irakasle Dina Vîlcu-ren txanda izan zen jarraian. Errumaniera irakasten du atzerriko hizkuntza moduan, eta egiaztatze-arloan ere aritzen da. Hiztun-kopuru handiak ez dituzten hizkuntzei egiaztatzegintzak egiten dizkien ekarpenez aritu zen, eta hizkuntzaren babesa eta biziraupena nahiz hizkuntza ikasteko motibazioak izan zituen hizketagai. Herrialdearen mugetatik at ere hizkuntza-azterketak egitearen garrantzia azpimarratu zuen.
Hizkuntzaren jabekuntzari eta egiaztatzegintzari buruzko mahaingurua egin zen jarraian, eta, kasu horretan, hiztun-kopuru handieneko eta ez hain handiko hizkuntzen irakaskuntzan eta egiaztatzegitzan aritzen diren erakundeetako kideek parte hartu zuten. Alde batetik, erakundeek azterketak prestatzeko izaten dituzten arazoak izan zituzten aipagai, eta arazo horietako bat hizkuntza-ereduaren ingurukoa izan zen. Estandarraren nahiz dialektoen alde egin duten erakundeek beraien esperientziaren berri eman zuten, eta dialektoak erabiltzen dituztenek nabarmendu zuten jatorrizko hiztunak direla proban bertan dialektoa erabiltzearen aurka agertu ohi direnak. Beste alde batetik, beraien eragin-esparruan beste hizkuntza batzuk egiaztatzeari bide ematearen zailtasunak mahaigaineratu zituzten.
Mahainguruaren ostean, Txekiako Charles unibertsitateko Martina Hulešová ALTEren gutxieneko estandarretara iristeko egindako ibilbideaz aritu zen.
Eta, hitzaldiei amaiera emateko, ALTEko kide aditu Anne Gallagher-ek hartu zuen hitza, eta herrialdeetako eta eskoletako eleaniztasuna zaintzearen garrantziaz aritu zen, baita horrek dituen zailtasun eta eragozpenez ere. Hiztunen jatorrizko hizkuntzaren ebaluazioak hiztunari, haren komunitateari eta herrialdeari dakarkion aberastasuna defendatu zuen.
Jardunaldiari amaiera emateko, 2023ko apirilaren 26tik 28ra bitartean ALTEk Madrilen egingo duen Nazioarteko 8. jardunaldia aurkeztu zuten. Etorkizunari begirako egiaztatzegintza izango da datorren urteko jardunaldiaren muina.
ALTEren 58. jardunaldiaren bideoak laster izango dira ALTEren webgunean ikusgai.