Aktibazioaren garrantzia diseinu didaktikoan

Published: Thursday, 14 May 2026, 12:43 PM
  • Atala:
  • Dokumentu-mota:
  • Area of knowledge:
  • Author of the introduction:
    • Murua Anzola, Iñaki
Investigación docente
  • Atala:
  • Dokumentu-mota:
  • Area of knowledge:
  • Author of the introduction:
    • Murua Anzola, Iñaki
  • Visits: 227
  • Comments: 0
  • Favorites: 0

Juan Fernándezen "Los 4 principios básicos del diseño didáctico" testua Merrill‑en “First Principles of Instruction” ereduan oinarritzen da; bereziki, ikaskuntza eraginkorra azaltzeko proposatzen diren lau funtzio nagusietan: aktibazioa, erakustea, aplikazioa eta integrazioa. Printzipio horiek ez dira jarduera zehatzak, diseinu didaktikoan bete behar diren funtzioak edo baldintzak baizik. Ikaskuntza sakona lortzeko elkarrekin ulertu behar dira; izan ere, horietako bat falta bada, ulermena, praktika edo transferentzia ahuldu egiten dira.

Halaber, planteamendua ikaskuntzaren psikologia kognitiboan eta ikaskuntza esanguratsuaren teorian oinarritzen da. Bereziki azpimarratzen du ikaskuntza berriak hobeto finkatzen direla aurretiko egitura mental esanguratsu bati lotzen zaizkionean. Horixe da aktibazioaren oinarri teorikoa: ikasleek ezagutza berria ulertu eta integratzeko, lehenik eta behin beharrezkoa da dagoeneko baduten ezagutza egokia berreskuratzea eta antolatzea.

Hortaz, aktibazioa da abiapuntua, eta, neurri handi batean, gainerako prozesuaren arrakasta baldintzatzen du. Aktibazioak ez du helburu ikasleen aurretiko ezagutzak “gogoraraztea” soilik; aitzitik, egiturazko ezagutza esanguratsuak martxan jartzea da helburua, ikasleak gai izan daitezen informazio berria kokatzeko eta ulertzeko.

Testuak ohartarazten du aktibazioa maiz gaizki ulertzen dela praktikan. Sarritan, jarduera arin edo azalekoekin identifikatzen da —galdera orokorrak, oroitzapen solteak edo “izotza apurtzeko” dinamikak—, baina horrek ez du bermatzen benetako aktibaziorik. Halakoetan, ikasleek ez dute beharrezko egitura kognitiborik aktibatzen, edo, are okerrago, eredu mental desegokiak aktiba ditzakete, eta horrek ikaskuntza oztopatu egiten du. Aktibazioak, beraz, egokitasuna eskatzen du: ez da edozein aurretiko ezagutza baliagarria, baizik eta ikaskuntza berriarekin benetan konektatzen duena. Aipagarria da, eta badu loturarik, aurreko testu batean aldamiatzearen gaia landu zuela Fernándezek.

Gainerako printzipio guztiek —ereduen erakusketak, praktikaren bidezko aplikazioak eta ezagutza testuinguru berrietara eramateko integrazioak— lotura estua dute hasierako aktibazioarekin. Hori gabe, edukiak “itsatsi gabe” geratzeko arriskua dago, ulermena azalekoa bihurtzen da eta transferentzia ahula. Horregatik, proposatutako markoak irakasleen planifikazio‑ikuspegia eraldatzera gonbidatzen du: “zer azaldu” baino lehen, zer aktibatu behar den pentsatzera. Horixe da, azken batean, ikaskuntza sendoaren abiapuntua.

Erreferentziak

Fernández, J. G. (2023, urtarrilaren 11a). Especial carga cognitiva: ¿qué es el andamiaje? Investigación docente. https://investigaciondocente.substack.com/p/especial-carga-cognitiva-que-es-el-andamiaje

Fernández, J. G. (2026, apirilaren 6a). Los 4 principios del diseño didáctico. Investigación docente. https://investigaciondocente.substack.com/p/los-4-principios-del-diseno-didactico

Merrill, M. D. (2002). First Principles of Instruction. Educational Technology Research and Development, 50(3), 43–59. https://doi.org/10.1007/BF02505024