ALTEren AI Forward Declaration

Argitaratua: osteguna, 2026(e)ko urriaren 8(e)an, 13:09(e)tan
AI FORWARD DECLARATION
  • Atala:
  • Dokumentu-mota:
  • Jakintza-arloa:
  • Sarrera-egilea:
    • Villoslada Fernández, Iñaki
  • Bisitak: 184
  • Iruzkinak: 0
  • Gogokoak: 1

Perugian, adimen artifizialari buruz 2026an egindako Winter School eta Spring Days jardunaldien ondoren, ALTEk AAri buruzko adierazpen bat egin zuen, eta AI Forward: Artificial Intelligence for Language Learning, Teaching and Assessment argitalpenean jaso da. Adierazpenak galdera nagusi bati erantzun nahi dio: nola erabil dezakegu adimen artifiziala gure gizarte eleaniztunean hizkuntzen irakaskuntzan, ikaskuntzan eta ebaluazioan giza zeregina indartzeko, hura ordeztu gabe?

Adierazpenaren egileak Nick Saville, ALTEko idazkari nagusia; Waldemar Martyniuk, ALTEko Patronatuko presidentea; eta Letizia Cinganotto, Università per Stranieri di Perugiako irakaslea izan dira, eta dokumentuaren ideia nagusietako bat da adimen artifizialak giza gaitasunak eta profesionalen jarduna areagotzeko tresna izan behar duela, eta ez irakasleen, ikasleen edo ebaluatzaileen ordezko. Horrenbestez, AAaren erabilerak irizpide pedagogikoa, pentsamendu kritikoa, kontzientzia etikoa eta erabaki profesionalak indartu behar ditu.

Adierazpenak, gainera, AAren inpaktu dualei erreparatzen die: adimen artifizialak eskaintzen dituen aukerak eta sor ditzakeen arriskuak batera hartu behar dira kontuan. Aukeren artean, besteak beste, ikaskuntza eta irakaskuntza pertsonalizatzea, komunikazio-aukerak zabaltzea eta ebaluazio-prozesuak aberastea daude; arriskuen artean, berriz, alborapenak, gardentasun falta, datuen erabilerari lotutako arazoak eta giza erabakiaren gehiegizko ordezkapena.

Horregatik, dokumentuak adimen artifizialaren integrazio arduratsua, inklusiboa eta etikoki gidatua proposatzen du. AAren erabileraren helburua ez litzateke teknologiaren sofistikazioa bera, baizik eta hizkuntzen ikaskuntza, irakaskuntza eta ebaluazioa hobetzea, betiere pertsonak eta haien gaitasun komunikatiboa erdigunean mantenduta.

Ebaluazioak human-centered izaten jarraitu behar du, eta AAren erabilerak giza gainbegiratzea eta erabaki profesionala ez ditu ordeztu behar. Giza gainbegiratze hori funtsezkoa da, besteak beste, baliozkotasuna, zuzentasuna, konfiantza eta ebaluazioaren sinesgarritasuna babesteko.

AI Forward ikuspegia hizkuntzen ikaskuntzan, irakaskuntzan eta ebaluazioan modu seguruan eta jasangarrian garatzeko, adierazpenak lau printzipio proposatzen ditu:

  • Adimen artifiziala giza balioekin bat etorriz erabiltzea.
  • Ikuspegi komunikatiboa indartu eta zabaltzeko erabiltzea.
  • Hizkuntzen ikaskuntzaren eta ebaluazioaren alderdi guztiak ahalbidetzea.
  • Jasangarritasunaren dimentsio guztiei arreta eskaintzea.

Teknologiaren erabilerak pertsonak eta haien gaitasun komunikatiboa izan behar ditu ardatz, eta irakasleen, ikasleen eta ebaluatzaileen ezagutza, autonomia eta erantzukizun profesionala sendotu behar ditu.

Iturria

Ciganotto, L., Saville, N. eta Montanucci, G. (ed.). (2026). AI Forward: Artificial Intelligence for Language Learning, Teaching and Assessment; AI Forward Declaration. Edilingua. https://www.alte.org/resources/Documents/AI-Forward-Specimen.pdf