Irakasbil
Didakteka
AAren erabilera hizkuntzaren analisian
- Atala:
- Dokumentu-mota:
- Area of knowledge:
- Author of the introduction:
- Villoslada Fernández, Iñaki

- Atala:
- Dokumentu-mota:
- Area of knowledge:
- Author of the introduction:
- Villoslada Fernández, Iñaki
- Visits: 297
- Comments: 0
- Favorites: 0
AAren erabilera hizkuntzaren analisian: unibertsitateko hiru esperientzia esanguratsu
Azken urteotan, adimen artifizialak (AA) hizkuntzaren ikerketan eta irakaskuntzan izan duen eragina nabarmen handitu da. Testuak sortzeko, zuzentzeko eta interpretatzeko duen gaitasunak aukera pedagogikorako eta ikerketarako bide berriak ireki ditu, baina, aldi berean, erronka teoriko eta praktiko esanguratsuak ere planteatu ditu. La intersección entre la IA y el análisis lingüístico liburuxkak Filologiako gradu-amaierako lanetan oinarritutako hiru esperientzia biltzen ditu, eta AAren erabilera bi ardatz nagusitan aztertzen du: ikasleek sortutako testuen zuzenketa automatikoa (katalanez eta ingelesez) eta ironiaren detekzioa.
Lehen ardatzean, ikerketek erakusten dute AAren bidezko zuzenketa automatikoak berehalako feedbacka eskaintzen duela, ikasleen autonomia handitzen duela eta irakasleen lan-karga arintzen duela. Hala ere, mugak ere agerian geratzen dira: AAk (ChatGPT-3.5 aztertu dute) ez ditu beti errore konplexuak identifikatzen, eta baliabide digital urriko hizkuntzetan —katalanaren kasuan— emaitzak nabarmen ahulagoak dira ingelesarekin alderatuta. Horrek hizkuntza bakoitzaren ekosistema digitalaren garrantzia azpimarratzen du. Gauzak horrela, gaur egun, AA ez da nahikoa fidagarria ezta koherentea ere zuzenketa‑tresna bakar gisa erabiltzeko. ChatGPTk maiz akats esanguratsuak pasatzen uzten ditu eta zuzenketa desegokiak proposa ditzake. Testuen zuzenketak errore gramatikal edo ortografikoak atzemateaz gain edukiaren ulermen sakona ere eskatzen du, eta arlo horretan ChatGPTk oraindik baditu mugak.
Bigarren ardatzak, ironiaren detekzio automatikoak, erronka pragmatiko bereziki konplexua planteatzen du. Ironia ulertzeko ezinbestekoak dira testuinguru kulturala, inferentzia pragmatikoak eta hiztunen arteko ezagutza partekatua; elementu horiek guztiek zaildu egiten dute AAren errendimendua. Ironiaren azterketarako atzeman beharreko errekurtso erretorikoak hauek ziren: hiperbolea, metafora, harridura, galdera erretorikoak eta konparazioa. Egileek adierazten dute azken belaunaldiko hizkuntza‑eredu handiek (LLM), bereziki GPT‑4 ereduek, aurrerapauso esanguratsuak eman dituzten arren, emaitzak oraindik irregularrak direla eta ez dituztela oraindik giza interpretazioaren ñabardura pragmatikoak modu fidagarrian antzematen. Horregatik beharrezkotzat jotzen dute tresna horien erabilera kritiko eta gidatua, bai irakaskuntzan bai ikerketan, haien potentzial pedagogikoa aprobetxatzeko, baina mugak kontuan hartuta. Aholku gisa honako hau adierazten dute egileek bukaeran:
Maila pedagogikoan, badirudi sistema horiek —eta, bereziki, katalana bezalako hizkuntza minoritarioagoen kasuan— hasierako zuzenketa egiteko erabiltzea komeni dela; hala ere, beharrezkoa izaten jarraitzen du giza gainbegiratzeak eta esku-hartzeak, zuzenketa zehatza eta testuinguruari egokitua bermatzeko. Horrek adierazten du ezinbestekoa dela ikasleak zein irakasleak tresna horien erabileran prestatzea, bai eta irakaskuntzan nola integratu aztertzea ere (66 or.).
Erreferentzia bibliografikoa
Laso Martín, N. J., & Comelles Pujadas, E. (koor.). (2026). La intersección entre la IA y el análisis lingüístico: experiencias de evaluación de la IA en la descripción y el análisis lingüísticos del inglés y el catalán. Octaedro. https://octaedro.com/libro/la-interseccion-entre-la-ia-y-el-analisis-linguistico/