Irakasbil
Didakteka
Adimen artifiziala: jarrera kritikoa lantzen
Argitaratua: astelehena, 2026(e)ko urriaren 26(e)an, 08:50(e)tan
- Atala:
- Dokumentu-mota:
- Jakintza -arloak:
- Sarrera-egilea:
- Murua Anzola, Iñaki

- Atala:
- Dokumentu-mota:
- Jakintza -arloak:
- Sarrera-egilea:
- Murua Anzola, Iñaki
- Bisitak: 156
- Iruzkinak: 0
- Gogokoak: 0
Adimen artifiziala (AA) ikasleen egunerokoaren parte da dagoeneko. Testuak idazteko erabiltzen dute, informazioa bilatzeko, zalantzak argitzeko edo ideiak antolatzeko. Horregatik, euskaltegietan ere gero eta sarriago agertzen da gaia. Batzuetan tresnaren aukerez hitz egiten dugu; beste batzuetan, haren arriskuez. Baina, beharbada, galdera interesgarriena ez da AA erabili behar den ala ez. Interesgarriagoa da pentsatzea zer egin dezakegun hura baliatuta euskararen ikaskuntza aberasteko eta, aldi berean, ikasleen jarrera kritikoa lantzeko.
Horretan lagun dezake Conecta13k adimen artifizialaren alfabetatzeari buruz plazaratu duen sarrerak. Testuaren arabera, ez da nahikoa tresna erabiltzen jakitea. Herritar alfabetatu batek ulertu behar du zer informazio jasotzen duen, zer datu ematen dituen eta zer ondorio izan ditzaketen tresna horien erabilerek. Azken batean, AA erabiltzea bezain garrantzitsua da haren funtzionamenduaz, mugez eta eraginez hausnartzea.
Ikuspegi hori ez dago urrun helduen euskalduntzearen helburuetatik. HEOCak eta Europako erreferentzia-markoek ikaslea gizarte-eragiletzat hartzen dute: hizkuntza erabiltzen duen pertsona gisa, baina baita informazioa interpretatzen, iritziak osatzen eta gizartean parte hartzen duen herritar gisa ere. Horregatik, AAren inguruko hausnarketa ez da gai teknologiko hutsa; hizkuntzaren ikaskuntzarekin eta herritartasunaren garapenarekin lotura zuzena duen gaia ere bada.
Puntu horretan egiten du bat planteamendu horrek Encarna Atienzak (2025) defendatzen duen jarrera kritikoaren ikuspegiarekin. Haren esanetan, ikasleak ohituta daude galderei erantzutera, baina ez hainbeste galderak egitera. Eta, neurri handian, hor dago gakoa. Testu bati edo informazio bati begiratzean, garrantzitsua da galdetzea zer esaten duen, baina baita zer ez duen esaten ere; noren ahotsa entzuten den, eta norena falta den; zer aurkezten den normaltzat eta zer geratzen den bazterrean.
AAk aukera interesgarria ematen digu hori guztia eskolara eramateko. Demagun zergatik den garrantzitsua euskara ikastea azaltzeko eskatzen diozula sistemari. Ohikoena izan liteke testua irakurri eta ulertzea. Baina beste urrats bat ere egin dezakegu: ikasleei eskatu diezaiekegu zer falta den identifikatzeko, zer datu bilatuko lituzketen edo zer galdera egingo lioketen testuaren egileari. Ariketa sinplea da, baina ikasleak informazioari modu pasiboan ez, galderen bidez heltzera ohitzen ditu. Gainera, edozein mailatara egokitu daiteke, galderen konplexutasuna moldatuz.
Antzeko zerbait egin daiteke ikuspegi desberdinak alderatuz. AAri gai beraren inguruko hainbat testu sor ditzakegu, bakoitza ikuspuntu jakin batetik idatzita. Turismoari buruzko testu bat ikuspegi ekonomikotik, beste bat ingurumenaren ikuspegitik edo hirugarren bat auzokideen ikuspegitik, adibidez. Testu horiek alderatzean, ikasleek ez dute hiztegia edo argumentazioa bakarrik lantzen. Konturatzen dira errealitate bera modu askotara konta daitekeela eta ikuspegi bakoitzak bere enfasiak eta bere isiltasunak dituela.
Gaia hemen ez da amaitzen, ordea. Conecta13ren hausnarketek datuen erabileraren gaia ere mahai gainean jartzen dute. Ohituta gaude AAri informazioa eskatzera, baina gutxiagotan pentsatzen dugu guk geuk zer informazio ematen diogun. Curriculum bat partekatuko genuke? Laneko dokumentu bat? Informazio pertsonala? Horrelako egoeretatik abiaturik, ikasleek iritziak eman, erabakiak arrazoitu eta besteen argudioak baloratu behar dituzte. Hizkuntza erabiltzen dute, eta aldi berean gaur egungo dilema digital bati buruz hausnartzen dute.
AAren inguruko elkarrizketak alborapenen gaia lantzeko ere balio dezake. Sistemari "lider ona", "ikasle eredugarria" edo "familia arrunta" deskribatzeko eskatzen badiogu, askotan interesgarria izaten da ikustea zer irudi sortzen duen. Zer ezaugarri errepikatzen dira? Zer estereotipo agertzen dira? Nor geratzen da deskribapen horietatik kanpo? Ariketa sinplea da, baina askotan espero baino eztabaida interesgarriagoak sortzen ditu, identitateari, estereotipoei eta gizarte-irudikapenei buruz.
Azken batean, adimen artifizialaren inguruko eztabaidak aukera ematen digu hizkuntzaren ikaskuntza eta jarrera kritikoa batera lantzeko. Conecta13k gogorarazten digu tresna horiek erabiltzen ez ezik, ulertzen ere ikasi behar dugula. Encarna Atienzak, berriz, ulermen hori galderen bidez eraikitzen dela azpimarratzen du. Bi ikuspegiak elkartzen direnean, eskolarako lan-eremu aberatsa agertzen da: euskara erabiltzea, informazioa aztertzeko, zalantzan jartzeko eta norberaren irizpidea eraikitzeko. Eta hor dago, seguru asko, AAk gaur egun eskaintzen digun aukerarik interesgarrienetako bat.
Erreferentziak
Atienza Cerezo, E. (2025). "Gutxi ordaintzen didate, baina izugarri gustatzen zait nire lana". Hizkuntza gehigarrien eskolak errealitatea zalantzan jartzeko tokia. e-Hizpide, 105. https://doi.org/10.54512/SNZK4387
Conecta 13. (2026, urriaren 17a). Alfabetización en IA: tres preguntas para una ciudadanía crítica. Blog Conecta 13. https://conecta13.com/noticias/alfabetizacion-en-ia-tres-preguntas-para-una-ciudadania-critica/
Irudia: AA baliatuta egindakoa, Conecta13ko sarreran argitaratutakotik abiatuta
Erakutsi iruzkinak