Irakasbil
Didakteka
Adimen artifizialari buruzko Europako Erregelamendua: gardentasuna eta ebaluazioa
- Atala:
- Dokumentu-mota:
- Jakintza -arloak:
- Sarrera-egilea:
- Murua Anzola, Iñaki

- Atala:
- Dokumentu-mota:
- Jakintza -arloak:
- Sarrera-egilea:
- Murua Anzola, Iñaki
- Bisitak: 8
- Iruzkinak: 0
- Gogokoak: 0
Europako 2024/1689 Erregelamendua (AI Act) adimen artifiziala arautzeko munduan garatu den lehen lege-esparru zabaletako bat da. 2024koa den arren, 2026ko abuztuaren 2an haren ezarpenean beste urrats bat egin da, eta zenbait xedapen sartu dira indarrean. Horren harira, bi ekarpen argitaratu dira egunotan:
- Ramón Besoníasek idatzitako sarrera bat, infografia argigarri batez osatua: "Reglamento Europeo de Inteligencia Artificial: ¿en qué te afecta?"
- Sustatun albiste bat: "AAz sortutako edukiak etiketatzeko Europako arau berria"
Besoníasek landutako lehenengo gaia Erregelamenduaren 50. artikulua da. Artikulu horrek adimen artifizialaz sortutako edo eraldatutako edukien gardentasun-betebeharrak arautzen ditu. Egileak bereizi egiten ditu erabilera pertsonalak eta hezkuntzako edo lan-testuingurukoak, eta gogorarazten du ez dela gauza bera AAz lagunduta material bat prestatzea edo AAk neurri handi batean ekoitzitako edukia baliatzea. Haren esanetan, araudiak ez du kasu guztietan AA erabili dela adieraztera behartzen; hala ere, erabilera horren berri ematea gomendagarria da, gardentasunaren eta erantzukizun profesionalaren ikuspegitik. Halaber, gogorarazten du pertsonen irudia edo ahotsa erabiltzeko baimenaren auzia ez dela araudi berriak sortutako betebeharra; lehendik ere kontuan hartu beharreko gaia baitzen. AAk, ordea, egoera konplexuago bihurtu du, gero eta errazagoa baita pertsonen irudia edo ahotsa eraldatzea edo erreproduzitzea. Gainera, ikasleei ere eragiten die balizko erabilera horrek.
Besoníasen sarreran ebaluazioari buruzko gogoeta ere badago. Izan ere, AI Acten III. eranskinak arrisku handikotzat jotzen ditu ikasleen emaitzetan, mailaketan, onarpenean edo hezkuntza-ibilbidean eragina izan dezaketen AA sistemak. Sarreragileak argi bereizten ditu erabilera onargarriak (errubrikak sortzea, azterketa-galderak prestatzea edo ebaluazioa planifikatzen laguntzea, esaterako), zalantzagarriak edota zuhurtziaz erabiltzekoak (akatsen analisia egitea edo irakaslearen feedbacka osatzen laguntzea, besteak beste) eta arrisku handikoak (hala nola kalifikazioak automatikoki esleitzea, ikasleen maila zehaztea edo ebaluazio-erabakiak algoritmoen esku uztea). Horren guztiaren arazoak eta ondorioak laburbiltzen ditu. Besoníasen arabera, azken erabakia irakaslearena da beti: hari dagokio ebidentziak interpretatzea, zer den esanguratsua erabakitzea eta kalifikazioa ezartzea.
Azkenik, ikasleek AA erabiltzeagatik jasotzen dituzten zigorren gaia jorratzen du sarreran. Egilearen arabera, ez da nahikoa AA-detektagailu baten emaitzetan oinarritzea iruzurra frogatzeko, tresna horien fidagarritasuna mugatua baita. Horren ordez, ebidentzia objektiboak, ebaluazio-irizpide argiak eta prozedura gardenak erabiltzea defendatzen du. Haren esanetan, babesik onena ez da AA atzemateko tresnetan oinarritzea, baizik eta ikaskuntza benetan egiaztatzeko moduko ebaluazioak diseinatzea.
Laburbilduz, Besoníasen hitzetan, AI Actek ez du AA hezkuntzan debekatzen, baina erantzunkizunez, gardentasunez eta ikaslea ardatz izanda erabiltzera gonbidatzen gaitu.
Erreferentziak
Besonías, R. (2026, abuztuaren 4a). Reglamento Europeo de Inteligencia Artificial: ¿en qué te afecta? IA educativa. https://iaenlasaulas.blogspot.com/2026/08/reglamento-europeo-de-inteligencia.html
Europako Parlamentua eta Europar Batasunaren Kontseilua. (2024, ekainaren 13a). 2024/1689 (EB) Erregelamendua, adimen artifizialari buruzko arau harmonizatuak ezartzen dituena (Adimen Artifizialari buruzko Legea). Europako Batasunaren Egunkari Ofiziala, L, 2024/1689. https://eur-lex.europa.eu/eli/reg/2024/1689/oj
Sustatu (2026, uztailaren 26a). AAz sortutako edukiak etiketatzeko Europako arau berria. https://sustatu.eus/1783073321