Didakteka
Adimen artifizialaren aukerak (GIELE 2024, Cadiz)
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Areas of knowledge:
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Areas of knowledge:
- Bisitak: 86
- Iruzkinak: 0
- Gogokoak: 1
Azaroaren 15ean eta 16an GIELEren VI. Jardunaldiak egin dira Cadizen. Aurtengo leloa hauxe izan da: “Ebaluazioaren kontzeptu giltzarriak egungo testuinguruan”, eta bertan, hizkuntzen ebaluaziogintzan gabiltzanon eguneroko kezka diren gai-alorrak lantzeaz gain, Adimen Artifiziala eta Behar berezietarako egokitzapenak izan dira aurtengo langai nagusiak.
Azaroaren 15ean, Murtziako Unibertsitateko Hizkuntza Zerbitzuko Koordinatzaile Evaristo Martinezek lan-saio praktikoa eskaini zigun hizkuntzen irakaskuntzan eta ebaluaziogintzan erabiltzen diren atazen diseinuan adimen artifizialak eskaintzen dituen askotariko baliabideen inguruan, eta adibideen bitartez erakutsi zigun, adimen artifizialari susmatzen genizkion abantailez edo erraztasunez gain, badituela beste hainbat erabilera edo aukera, orain arte pentsaezinak ziruditenak, baina testuen bilaketan, sorkuntzan, egokitzapenean edo ebaluazioan oso baliagarriak izan daitezkeenak.
Esan beharra dago, halere, lan-saioan aztertutako adibide guztiak hizkuntza handi eta nagusietakoak izan zirela (gaztelania, alemana, ingelesa, frantsesa…), eta ziurrenik euskarazko adibideekin emaitzak ez liratekeela hain apartak edo sendoak izango, baina pentsa liteke denbora nahiko laburrean, adimen artifiziala euskarazko testu gehiagorekin elikatu ahala, euskarazko emaitzak ere beste hizkuntzetakoen parera irits daitezkeela.
Lan-saioan ikusitako erabilera batzuk zerrendatzen dira hemen behean:
- Bilaketak
egiteko:
- Testuen, audioen nahiz bideoen bilatzaile gisa: gure promptean —AAri ematen diogun agindu-sortan— zehaztutakoaren arabera (maila, testu-generoa, gaia eta behar beste xehetasun) eskatu diogunaren bilaketa egingo digu, eta bilatu dituen testu, audio edo bideo horietarako estekak ere emango dizkigu.
- Gaien edo ideien bilatzaile gisa: gure ataza jakinetarako behar ditugun ideia edo gaiak emango dizkigu, betiere guk bilaketarako zedarritutako esparruaren barruan (ezagutza-arloa, interesa, gaurkotasuna…).
- Atazak
diseinatzeko:
- Nolako ataza sortu nahi dugun (aukera anitzekoa, sinonimoak…), ataza horrek nolako ezaugarriak edukiko dituen (item-kopurua, zailtasuna, inferentzia-maila…) eta zein input edo sarrera-testu erabili nahi dugun zehaztuta (eranskin gisa eman diezazkiokegu horiek guztiak) eskatutako ataza sortuko digu, baina gogoan izan gerora ere emaitza hori nahi bezala egokitzeko edo fintzeko aukera eskainiko digula.
- Testuak
ebaluatzeko:
- Sortu nahi dugun atazarako input gisa erabiliko dugun sarrera-testuaren maila ebaluatu (B1, B2, C1, C2) eta guk emandako irizpidearen arabera molda dezake, generoa, estiloa, formatua… nahi dugun moduan egokituz.
- Ikasleek egindako ekoizpenak ebaluatu eta zuzendu ditzake, emandako zuzenketa-irizpideak baliatuz (errubrika orokorra edo alderdi jakinen bati buruzkoa) eta zuzenketa-oharrak ere proposatuz.
- OCR irakurgailu modura (oker idatziak bere horretan jasoz): eskuz idatzita dauden testuak irakurtzeko eta testu bihurtzeko gai da, eta oker idatziak ere bere horretan jasotzeko eska diezaiokegu bihurketa-irizpideetan.
- Irudi-sortzaile modura: sortutako atazetan lagungarri gisa erabili nahi ditugun irudiak ere sor ditzake, ematen dizkiegun jarraibideen arabera.
- Audioen
egokitzaile modura:
- Audioak garbitu: audioek duten zaborra edo zikinkeria ezabatu dezake.
- Audioetan mozketak/egokitzapenak egin: transkripzioetako testua aldatuz (hitz jakin batzuk kenduz, esaterako), jatorrizko audioa ere horren arabera aldatzen du.
- Audioak/bideoak transkribatu ditzake, eta azpitituluak jarri.
- Ahotsak aldatu: kutsu artifiziala kendu eta naturalagoak egin.
Lan-saioaren amaieran, ondorio hauxe jaso genuen parte-hartzaileok: aukera horiek guztiak eta gehiago ere baditu edo izango ditu adimen artifizialak, eta AAri zer eskatu nahi diogun hausnartzen eta eskaera zehatza hitzetara nola ekarri pentsatzen —prompta zehazten— denboratxo bat eman beharko dugu, baina adimen artifiziala dagoeneko gure artean da eta ebaluazioan gabiltzanoi asko erraztu diezazkiguke lanak, nahiz eta beti-beti pertsonak —ataza-diseinatzaileak edo azterketa-zuzentzaileak— gainbegiratu beharko duen haren emaitza; pertsonak izango du azken hitza.