Argitalpenak
Teknikak eta printzipioak hizkuntz irakaskuntzan
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Hizpide / Zutabe zenbakia:
- 14
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Hizpide / Zutabe zenbakia:
- 14
- Bisitak: 1087
- Iruzkinak: 0
- Gogokoak: 0
Liburu honek gaur egun erabiltzen diren zortzi hizkuntz irakats metodo ezagun aurkezten eta azaltzen ditu. Metodo hauetako batzuk denbora luzea daramate gure artean eta hizkuntz irakaskuntza metodoei buruz hitz egin denean aipatuak izan dira. Aipamen guztiotan «metodo» hitza zentzu berean erabiltzen ez denez, lehenengoz hitz hau liburu honetan erabiliko den modua zein den azalduko diogu irakurleari.
Hasteko, metodo batek bai «printzipioak» eta bai «teknikak» barnesartzen ditu. Printzipioek bigarren hizkuntza eta hizkuntza arrotzaren irakaskuntzaren bost alderdi jasotzen dituzte: irakaslea, ikaslea, irakaste-prozesua, ikaste-prozesua eta xede-hizkuntza / kultura. Orobilduta, printzipioek metodoaren marko teorika osatzen dute. Teknikak printzipioen performantzia dira, beste hitz batzuetan, printzipioen aplikapenetik datozen ikasgelako aktibitate eta prozedurak.
Teknika jakin bat metodo bati baino gehiagori egoki dakiokeela ikusiko da, eta honek ez luke harrigarria izan beharrik. Bi metodok zenbait printzipio berdinak baldin badituzte, printzipio horien aplikapena diren teknikak bi metodoentzako aproposak izan litezke. Printzipio berdinik ez dagoenean ere, teknika jakin batek metodo bat baino gehiagorentzat balio dezake, nola erabiltzen denaren arabera. Honela, ez dago teknika bat / metodo bat korrespondentzia zehatzik. Egia da askotan zenbait teknika metodo konkretu bati lotzen zaizkiola. Beraz, komeni denez, teknikak testuinguru metodologiko batean aurkeztuko ditugu.
Bigarren, metodo bat hemen azaltzeak ez du esan nahi egilea metodo horren aldekoa denik. Aurkeztuko diren metodo guztiak ez dira behar den bezala esperimentatuak izan; beste batzuk bai, ordea. Beraz, liburu hau erabiliko duten irakasleak metodo bakoitza beren uste eta esperientziaren arabera ebaluatu beharko dute.
Egin behar den hirugarren oharrak, zerikusia dauka metodo bakoitza deskribatu den moduarekin. Metodo bakoitza irakurleari metodo hori erabiltzen den klase bat «behatzeko» aukera emanez aurkezten da. Klasea oso idealizatua dagoela onartu beharra dago, ordea. Edozein hizkuntz irakasle edo ikasle berehala konturatuko da klaseak ez direla normalean hemen ikusiko ditugun bezain samurrak. (Egia esan, ikasleek ez dute beti hain azkar ikasten eta irakasleak ez dira perfektuak). Halere, zera suposatzen da, honela klase bat behatzeak metodo bat hobeto uler araziko duela, deskribapen soilak baino. Zera uste dut gainera, nolabait esateko, metodoaren barman sartu eta berau aztertu aurretik, ezin litekeela balorazio zehatzik egin.
Azkenik, nahiz eta metodo bakoitzaren deskribapen fidagarri bat lortzeko ahaleginak egin, zalantzarik gabe, zenbaitek ez du interpretazio hori erabat onartuko. Hau ulergarria eta ziur aski itzuri ezina da. Neure deskribapena, besteen laguntzaren eta nire esperientziaren emaitzaren interpretazioa da.
Nere itxaropena zera da, liburu honek informazioa emango duela eta aldi berean desafio bat izango dela. Hala bada, irakaskuntza alorrari aportazio bat emango diogu.