Argitalpenak
Irakasleen prestakuntza hizkuntzen irakaskuntza berrian
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Hizpide / Zutabe zenbakiak:
- 7
- 6

- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Hizpide / Zutabe zenbakiak:
- 7
- 6
- Bisitak: 906
- Iruzkinak: 0
- Gogokoak: 0
Zenbait pertsonak luzaroan bere ederrean irauteak harritzen gaituen bezala, harritzen gaitu Gilbert Dalgalian, Simonne Lieutaud eta Francois Weiss frantsesaren didaktika -frantsesa bigarren hizkuntza denean- hain luzaroan aberasten aritzeak. Horretan ari baitira, beren jakintza eta trebetasun neurri handikoak, nekaezinezko lanak eta komunikatzeko gogo biziak goraipatzen dituztenekin elkartrukatuz.
Gutariko nork, izan ere, -ez du horietakoren bat aurkitu dela zerbait irakurtzerakoan, dela ikastaroren, mintegiren batean edo bultzaka ari denaren ondoan; eta inoiz ez, lehenaren zaleen edo, eginahalean eta kosta ahala kosta, berrikerietan dabiltzanen artean. Teoria guztietatik elikatzeko gauza dira, ikerketari asko ez bezala; baina ez dute bizitu denaren edo egin daitekeenaren mugaz haruntzko ezer galdetuko. Amore emateke eta demagogiarik gabe, handinahikeriak eta norgehiagokak alde batera utziz, G. Dalgalian, S. Lieutaud, eta F. Weiss-ek beren leku berezia lortu dute gaur egungo didaktikarien areopago sukartsuan. Handimandiak eta zapaltzaileak famaren neurriak gero eta gorago jartzen dituzten bitartean, aurrera nor doan eta atzera nor gelditzen den inork ez dakien une honetan, horiek ditugu jarraitu beharreko maisuak; egunez egun mamitzen den didaktika nahastuaren gainetik, horien ekintza orekatuak beti daude bidean galdu gabe aurrera joateko egin behar diren urratsen norabidean.
Oraingo honetan taldelan bat burutu dute, bakoitzaren benetako neurri oso-osoan burutu ere. Leku askotan ibiliz jasotako irakasle-esperientziaz aberasturik, alor askotariko ikerketari izateak berekin dakarren kultura transdisziplinarraz baliatuz, obra ondo osatu eta originala damaigute.
Lan hau probetxugarri izango zaie:
- bere ezaupideak zabal-sakondu eta bere lanbidea autonomiaz
prestatu nahi duen ikasleari;
- beren praktika sakondu nahi duten edo beren hezkuntza
osatu edo norabide berrietara eraman nahi duten irakasleei.
Arrazoi askorengatik eredu den lan hau ondo orraztutako emaitza bezala azaldu zaigu, iturrien aniztasuna gaindituz; izan ere, taldeko ikerketaldi batetik jaioa baita, berez ikasketaz kanpo dauden lanez moldatua eta hainbat eta hainbat eragin jasana.
D.L.E. bildumako parte izan aurretik Irakasleen prestakuntza hizkuntzen irakaskuntza berrian liburua ''taldean egindako tesia" izan da, naroa, pizgarria, bultzatzailea. Hiru ahotseko koru bihotz-bero eta bateratu hau neure epai-mahaietako bizitzan (dagoeneko pasatu samarra) izan dudan oroitzapenik onenetakoa da.
Lan honek, osorik eman nahiz laburtuta, ohizko bideetatik at dabilelarik, egileen didaktikaritasuna argi aski nabarmentzen du eta era askotan azaltzen:
- pedagogo dira, ekintza hezitzailean ikaslearen eta
irakaslearen artean sortzen den harremanari lehentasuna aitortzeaz arduratuak;
harreman hau oinarri-oinarrizkoa da, proiektuaren lorpena eta hezkuntzaren
arrakasta edo porrota berak markatzen baititu
- metodologile dira eta beti daude hizkuntzen irakaskuntza
hesi estuegitatik ateratzeko saioen alde eta, irakasleak jasotzen eta
nabaritzen dituen eskarien bultzadaz, helburuak zabaldu eta garatzeko prest
- hezitzaile dira, azkenik, une historikoak bapatean ekarri
dituen hezkuntz egoera jasanezinetatik irakasleak ateratzeko erabaki finkoen
jabe.
Hizkuntza arrotzen gaurregungo didaktika beharturik dago:
- hezkuntz proiektua berriz ere ikaslearengan ardaztera,
- eduki berrietatik abiatuz, helburuak berrikustera,
- orain arte erabili
diren prozedurak auzitan jartzera.
Eta irakasleak eraman behar izaten du zama astun hori.
Gure garaiko didaktika beti da formalista eta behin-behineko samarra, nahiz eta berak funtzionala eta komunikatiboa dela esan. G.D., S.L., eta F.W. -ek lan honetan gizabanakakoari (irakasten duenari eta ikasten duenari) dituen duintasuna eta eskubide guztiak erabat aitortzen dizkiote berriro, duintasun eta eskubide horiek maiz asko eskolan zaintzen eta beren balioan mantentzen ez diren arren.
Azkenik, ez-direktibotasunari, metodologiari, irakasleen heziketari buruzko diskurtso bat baino askoz gehiago datorkigu hirukote honen lumatik.
Izan ere, bizitutako mundutik sortzen den diskurtsoak, eskarmentuaren erreferentziarik gabe besteren munduaz ari denak baino karga handiagoa baitu.
Hitz gutxitan esateko, taldearen arrakasta da liburu hau, taldelana zeinen eraginkorra den azaltzen duena, elkartrukearen lorpen galanta, egileetako bakoitzak bere etekina jaso baitu, eta irakurleak ere, zalantzarik gabe, berea izango baitu. Izan ere, liburuaren meritu nagusia, bere izenburuan egindako eskaintzari (eta ez da txantxetakoa) hutsik egin gabe erantzutea da.