Hizkuntza irakastea. Gramatikatik gramatikamenera (Larsen-Freeman, Diane)

Publicado: viernes, 16 de diciembre de 2011, 08:10
Itzulpen Saila 52

Donald Freeman-ek gonbita egin zidan liburu honen gaiari buruzko iritzia emateko, eta atsegin handiz onartu nion proposamena. Honako hau, beraz, hizkuntzari buruzko liburua da, gramatikari buruzkoa bereziki -gramatika zer den eta zer ez den-, baina, betiere, gai horretan sakontzen ahalegindu denaren esperientzia pertsonalean oinarritua. Ibilbide pertsonal horretan beste ikertzaile askoren ikuspegiak eta irakaspenak gidari izan ditudanez, aitortu beharra daukat hemen aurkeztuko dudana ez dela nire asmamenaren fruitua erabat; nik uste baino are gutxiago, seguru asko. Eta ez da harritzekoa. Izan ere, gure esparru honetan ezer gutxi esan daiteke dagoeneko esan gabe dagoena; nolanahi ere, maila indibidualean, bada zer ikertu, eta ikuspegi berri asko iradoki daitezke oraindik. Nire ibilbide profesionalean, iraunkorki saiatu naiz nire ezaguera aberasten eta elkarren arteko ulermena sustatzen; eta ikerketaren eta aurkikuntzaren prozesuaren zirrara transmititu nahi nuke orrialde hauen bidez.

1996an, Irakaskuntza: artea edo zientzia? eztabaidan parte hartzeko deitu zidaten. Zehazki, irakaskuntza zientziatzat duen ikuspegiari heltzeko eskaria egin zidaten. Jakina, hezitzaile gutxik esango lukete irakaskuntza artea edo zientzia denik, huts-hutsean; baina eztabaida baliagarria izan zen auzi horren alderdi batzuk identifikatzeko. Nire iritzia planteatzean, ikerketaren garrantzia azpimarratu nuen: hain zuzen ere, emaitza hobeak izaten direla jarduerak bilaketan oinarritzen direnean, zientzian bezala irakaskuntzan ere. Horixe da, hain zuzen, liburu honekin lortu nahi 8 Hizkuntza irakastea. Gramatikatik gramatikamenera nukeen azken xedea: hizkuntzaz eta gramatikaz, ikaskuntzaz eta irakaskuntzaz duzun ikuspegian sakontzeko jakin-mina piztea.

Hala ere, jakin-mina ez da aski izaten. Hortaz, zure ulermenean aurrera egiteko, zalantzak eta ikuspegiak zure kabuz argitzen modu sistematikoan lagunduko dizuten hainbat galdera eta tresna proposatuko ditut lan honetan. Liburuak hiru osagai nagusi ditu: esparruak, ikerketak eta irakasleen ahotsa, hirurak ere bi alderdik osatuak. Esparruak izendatu dudan horretan, nire esperientziaren bidez ikasitakoa azalduko dut; eta nire ustez emankorra izan daitekeen hizkuntzaren -batez ere, gramatikaren- ikuspegi bat emango dut. Ikerketen atalean, bilaketa-jarrera sustatzen saiatuko naiz, eta orrialde hauetan irakurritakoa eta norberaren esperientziak emandako irakasbideak uztartuta gaian sakontzeko gonbita egingo dut. Azkenik, irakasleen ahotsari oihartzuna emanez, beste batzuek hemen landuko ditugun zenbait alderdirekin izandako esperientzia "entzungo” dugu, eta norberaren ulermena sakontzen lagunduko digu horrek. Ildo horretatik, oso aberasgarria izango da liburu hau beste kide batzuekin batera irakurtzea eta ikerketak lankidetzan egitea.

Nire lan askotan bestela gertatzen bada ere, liburu honetan ez dago aipu akademikoen inbentario zabalik. Hemen agertzen diren aipuen osagarri, liburu hau idazteko garaian kontsultatu edo aintzat hartu ditudan lanen zerrenda bildu dut; irakurgai gomendatuen sailean agertzen dira, atal bakoitzaren amaieran. Era berean, ohi baino terminologia akademiko gutxiago erabiltzen saiatu naiz. Zalantzarik gabe, askotxo izango da irakurle batzuentzat, baina ahalegin berezia egin dut terminologia tentu handiz erabiltzeko, kontuan harturik terminologiak erreferentziazko material eta beste lan batzuekiko lotura egiten lagundu behar duela, baina pisu akademikorik atxiki gabe.

Azkenik, bi hitz esan nahi nituzke liburu honen ikuspegiari buruz. Gauza jakina da irakasleek gaiari buruz duten ikusmoldearen arabera irakasten dutela. Ikuspegi hori sarritan inplizitu egoten denez, eta hizkuntza-ikasle gisa izandako hezkuntzaren edo irakasteko aukeratzen diren hizkuntza-testuliburuen araberakoa izaten denez, oso baliagarria da, nire ustez, irakasleek hizkuntzari eta gramatikari buruz dituzten ikuspegi pertsonalei erreparatzea eta ikuspegi horiek aztertzea; niri gertatzen zaidan bezalaxe, horretan erabateko eragina izaten du ikasle nahiz irakasle gisa izandako esperientziak eta norberaren trebatzaile, ikertzaile eta lankideen ikuspegiak. Hala, liburua landutakoan irakurleek era honetako esaldiak osatu ahal izatea da nire azken xedea: "Niretzat, zera da hizkuntza ...”, "Niretzat, zera da gramatika ...”.

Nik ere osatuko ditut esaldi horiek, aurrera egin ahala. Eta gramatikaren irakaskuntzari buruzko ikuspegi bat proposatuko dut, nire definizioetan oinarritua. Lan honetarako adibideak ingelesetik hartuak dira oro har, baina edozein hizkuntzari aplika dakizkioke hemen azalduko diren ideiak eta iradokizunak. Hala baieztatu ahal izan dut zorionez urte askoan lankide izan ditudan askotariko hizkuntzen irakasleen bidez. Hori dela-eta, xede-hizkuntza eta bigarren hizkuntza esapideak edo atzerriko hizkuntza esapidea erabili ditut irakasleak irakasten duen hizkuntzari buruzko aipamen generikoetan. Era berean, saiatu nahiz esanahi bereizirik ez atxikitzen ikaskuntza eta jabekuntza hitzei, eta elkarren pareko gisa erabili ditut batzuetan, eta gidatutako garapena eta gidatu gabeko garapena bereizteko termino konbentzional gisa, beste batzuetan.

Has gaitezen, bada. Zure ikuspegia zure kabuz eraikitzeari eta ikerketa-jarrera lantzeari zenbaterainoko garrantzia ematen diodan azpimarratzeko, ikerketa bat proposatuko dut, lehenik eta behin. Eta liburuan aurkituko duzun terminologia aurkezteko baliatuko dut, bide batez. Bene-benetan espero dut liburu hau irakurtzeak hizkuntza zure kabuz ikertzen jarraitzeko adorea emango dizula; beste kide batzuekin lankidetzan bada, askoz hobe! On degizula, beraz, hizkuntza-irakaskuntzari buruz oro har eta gramatikari buruz bereziki zure ikuspegia zehazteko ahalegin honek!

HABEren liburutegian